Honi buruz

 

Euskarabideak Nafarroako Euskararen Mediatekak eskaintzen dituen aukerak ezagutarazteko sortutako webgunea da. Kultura ondare materiagabea gelan lantzea du helburu, ahoz aho eta mendez mende transmititu den jakintza horrek guztiak esparru akademikoan ere bere tokia izan dezan. Horretarako, hainbat unitate didaktiko prestatu ditu, irakasleek hartu eta gelara eramateko moduan, aurretiko prestakuntza handirik gabe.

Anitz dira ahozko tradizioari dagozkion mintzagaiak: ohiturak, lanbideak, sinesmenak, kantuak, bestak, emakumeen bizimodua, garai bateko eskola, artazuritzea, ipuinak, mitologia…

Nola erabili?

Webgune honek bi atal nagusi ditu: batetik, ikasleen txokoa dago, ikasleek egin beharreko lan guztiarekin eta, bertzetik, irakasleen txokoa, aurrekoaz gain, erantzunak eta bertzelako azalpenak jasotzen dituena.

Bertan DBHn lantzeko unitate didaktiko laburrak ageri dira, DBH 1. eta 2. mailetara edota DBH 3. eta 4. mailetara zuzenduak. Hala ere, horrek ez du erran nahi maila jakin baterako proposatzen den unitatea gainerako mailetan ezin erabil daitekeenik, taldearen ezaugarrietara egokitzeko lana irakasleari baitagokio.

Unitate bakoitzean bideoarekin zerikusia duen izenburua ikusiko dugu, baina, gai horrez gain, bertzelako kontuak, testu motak, eta abar ere landuko dira. Xedea gelan normalean egiten ez ditugun jarduerak egitea edota lantzen ez ditugun edukiak ezagutaraztea da (irainak, piropoak, onomatopeiak, emotikonoak…), nahiz batzuetan gelan egiten ditugun jarduerak ere bertze modu batez egiteko proposamena egin.

Erabilera errazteko asmoz, unitate guztiek eskema berbera dute. Hasieran, informazio orokorra ageri da: herria, jorratzen den gaia, bideoaren lotura eta iraupena, berariaz lantzen diren helburuak, eta abar. Horren ondotik, gelan lantzeko bortz pauso ageri dira beti:

  1. Aurrezagutzak aktibatu.
  2. Bideoa ikusi.
  3. Entzunaren ulermena
  4. Lanketa
  5. Ekoizpena

Unitate didaktiko bakoitzak gai eta helburu jakin batzuk jorratzen dituen arren, arestian aipatu moduan, irakaslearen esku dago ikasleen beharretara edo interesetara egokitzeko, horiek aldatzea, laburtzea, gauza gehiago proposatzea, eta abar. Azken batean, anitz dira proposatzen diren egitekoak, bertzeak bertze: horma-irudia, debatea, “atera tekla”, bideo labur bat, antzerkia, triptiko bat, bildumak, komikia, kamishibaia…

Akitzeko, proiektu bizia bultzatu nahiko genuke, eta horretarako, irakasleen iritzia, hobetzeko iradokizunak, egin nahiko lituzketen unitateak proposatzeko sustapena@navarra.es helbidera idaztea eskertuko genuke.

Menua