Artazuritzea

Maila: DBH 3 eta 4

Herria: Leitza

Iraupena: Hiru saio

Irakasgaia: Euskal Hizkuntza eta Literatura

Helburuak

  • Gaitasun komunikatiboa lantzea.
  • Euskalkiak lantzea (Erdialdekoa)
  • Blog batean iritzia ematea.
Transkripzioa

Orain kantatzera noan kanta kantatzen zen, bueno, pues igual orain dela… artazuritzea izaten zenean, artoak egiten zirenean. Baserrietan pues alorra, orduan pentsua gehiena eta erabiltzen zena zen artoa eta menudilloa eta pulpa.

Eta, klaro, artoa egiten zen asko eta nola izaten zen lan handia, pues biltzen zen jendea, auzo guztikoa eta herritik eta dena. O sea, zabaltzen zen berria: halako baserritan pues e… gaur artazuritzea omen da. Eta, orduan, jendea joaten zen artoa zuritzera eta igual arratsalde batean edo iluntzean, gehien izaten zen iluntzean. Eta orduan, pues e… denen artean egiten zuten lan guztia kasik. Eta, bazen kanta bat kantatzen zena garai hartan. Orain bada liburu bat, e… kanta hau, erdia heldu dena, eta gero, nonbait ere, pues hori, kantatzen zuten eta gero irakatsi zioten beste puska hori, ni kantatzera noana. Bueno, nik kantatuko dut dena. Osorik.

Eta, klaro, hau da, parte bat da pues neska bat igual bazuen, bazen susmoa neska bat eta mutil bat bazebiltzala edo ez zebiltzala, eta orduan, artazuritzean kantatzen zuten kanta hau eta egiten ziren aihertu eta, bueno, pues, batzuk lotsatzen ziren, beste batzuk ez ziren lotsatzen, ez zitzaien inporta eta, biño, kantatzearena da, oso polita da. Eta orduan, pues lotsatzen bazen, jartzen zen gorri-gorria eta ez bazen lotsatzen, pues, barre egiten zuen, besteek bezala. Baina askok, pues ohartzen ziren momentu horretan eta erabiltzen zuten asko, arto zuritzeetan behinik behin, kanta hau. Eta, artazuritzeak izaten ziren, pues bueno, festa bat, zeren askotan, etxe askotan akordeoiak eta dena izaten zituzten, eta dantza, eta afaria ere bai. Afari gisa pues ez dut esaten afari oso bat, baina gazta eta ogia, eta menbrilloa, eta intxaurrak ere bai eta, txori… bueno, orduan txorizoa ez zen erabiltzen, baina intxaurrak eta menbrilloak eta horiek ere bai. Eta, pasatzen zuten eta egiten zitzaien pues igual gaua berandu samar, eta hasi ziren pues ja laguntzen, mutilak neskei laguntzen, eta laguntzen zieten eta hasi zen eskandalu pixka bat. Eta bueno, gero ja… gero, artoak ere bukatu ziren eta arto zuritzea ere bai. Baina izaten zen, bueno! Festa handia artazuritzea. Lana ere bai, baina festa ere bai, eta oso ongi pasatzen zen. Ni ez nintzen ailegatu, auzoan pues igual e… baina hola, baserrietan eta ez, ez nintzen nire denboran… ni orduan oraindik umea nintzen eta ez nintzen ailegatu, baina akordatu nola egiten zen bai, akordatzen naiz. Eta urteak dira, e?

Eta artoak akitu zirelako, bukatu zirelako ja, artazuriketa ere bai, baina, aldi berean, esaten ari zinen bezala, pixka bat eskandalua egin zelako debekatu zen kanta.

Bai, pixka bat bai. Eta, mutilak eta neskak eta izaten ziren eta, badakizu, beti bezala. Eta igual lehenago gehiago orain baino. Orain libertate gehiago dago eta orduan, hola, ilunpetan eta… aproposa izaten baitzen horretarako. Baina, gero ja, artoak bukatu. Gero, badakizu, berri horiek hasi ziren eta pulpa eta menudilloa eta horiek bukatu ziren, eta artoak eta, ja aldatu egin zen gauza eta, ja gero ez zen izaten… ja azkenekoak… ba! izanen da igual berrogei urte. Bai.

Ja ez da kantatzen.

Ja ez da egiten.

Eta kanta hau ere ez da kantatzen ja.

Ez, ja artazuritzeak bukatzearekin kanta ere ahaztu zen. Bai. Baina nik e… Auñamendi… zerak, editorialak badauka liburu bat kanta zaharrekin eta hau heldu da eta, lehendabiziko estrofa bakarra. Eta orduan pentsatzen dut beste gaineko horiek egin zituela akoplatu lehendabiziko estrofan. Baina hori, bueno, ez dakit, besteetan ez dut aditu izan, hemen Leitzan asko, bai, arto zuritzerakoan.

Iraupena: 04:25

Gaiarekin hasi baino lehen, artazuritzea zer den dakiten galdetuko diegu. Zer den ez badakite, “arto zuritze” izenak zer iradokitzen dien galdetuko diegu. Ikasleen erantzunak baliatuz, zer den, noiz egiten zen, zertarako… azalduko dugu.

Ondoren, Leitzari buruz zer dakiten ikusiko dugu:

Zer dakizue Leitzari buruz?

Han inoiz izan zarete?

Leitzar ospetsuren bat ezagutzen duzue?

Menua