- Nafarroako ondare kulturalaren eta sozialaren berri izan eta lantzea.
- Iritzi eta konparazio testu bat egitea.
Telefonoa
Helburuak
Telefonoak. Oteiza erran baitugu dendakoa nola zen, ordezkaria herrikoa, ez dakit, han zen telefono bat bakarra, publikoa, telef… dendan, txoko batean. Eta igual hogeita hamar lagun han meza ondo batean edo igandeetan izanen zen jendea eta zuri norbaitek telefonatu edo zuk kanpora egin nahi baldin bazenuen, han dena aditzen zen. Dena.
Eta gero, Urmeneta, Iruñean, diputaturen bat, eta horrek, apeza erretore horrek, Don Esteban horrek, hura hagitz laguna, eta lortu zituen, hogeita hamar baserritan edo hartzen bagenuen telefonoa, zazpiehun eta berrogeita hamar pezetatan paratzen zuen etxera. Posteak, eta hariak eta denak paratuta, e? Hori debalde zen! Setecientas cincuenta pesetas zen. Bueno. Baina, Urmeneta horrek egin zuen gutuna aiuntamientura edo, behinik behin jabetu zen Oteiza hori, eta horrek egin zion segituan erantzuna, Urmeneta jaunari, horrek hala erraten zuen, hemen inork ez zuela nahi telefonorik. Inork ere. Gezurra. Inork ez genekien, ez zuten abisua eman. Eta, tarte hartan, suertatu joatea Don Esteban hori berriz ere harat, Diputaziora zerbaitera ere, eta erran omen zion:
- Baina zer pasatzen da Arantzan?
- Zer bada?
Eta:
- Baina, telefonorik ez dutela nahi? Inork ere?
- Nola ezetz?
Apezari orduko, guk ere bai, eta anitzek errana, pozik hartuko genuela, nola ez, bada? Eta, segituan, hartu eta Oteizara, alegia, Urmenetak eta zer pasatzen den, eta bua, hagitz gaizki gelditu ziren orduan. Ez haiek erraten zutena adina, doblea eta gehiago apuntatu ginen telefonoak hartzeko. Anitz gehiago! Eta orduan egin behar zen gauza bat, eta zaharrentzat hobeki, herrian, hori, Herriko etxea, Aiuntamientua, Herriko etxea erraten diogu guk, eta haren behean, beheitian han, bazen egina kuarto txiki bat telefono… egiteko, telefonatzeko edo, eta gero bazuen kuarto bat handiagoa hura, deskantsatzeko nahi bazuen edo. Eta hartu zuten, herriak sarreran, azpiko aldetik han da etxe ederra, hura… Bergaenea du izena, han zen estankoa eta denda eta dena bazuten, eta haiek hartu zuten hori, telefonoaren lan hori. Eta, pisua, Herriko etxe horretan, egin zieten haientzat, e? Baina gero, ja telefonoa aldatu zenean, hura herriarena da, baina egin zieten. Eta zuk orduan aski zenuen, telefonatu behar dut igual Bordaluzera edo Aientsan, han, ba… nire amaren ahizpa, nire amatxi Martina eta bizi zirena, harat igual. Kontent. Lehenago igual mandatuetara joan behar haraino, edozein gauza. Eta, zuk telefonoa edozein gauza, ttaka, hartu eskuetan eta:
- Zer nahi duzu? Nor da?
Edo hark segituan, telefonoan zegoen hark, telefonistak. Eta:
- Ni honela naiz.
Hark bazekien zer etxe zen, baina zein.
- Ni Martina naiz.
- Zer nahi zenuen?
Eta:
- Paratuko zenidake, faborez, Aientsako Errenteneko bordarekin?
Eta segituan. Ziren, arbel bezalako gauza handi bat eta klabija batzuk, eta, zuk nahi duzun tokira paratu, ttak, klabija hura sartu eta zu ja zuzenean solasean, Errenteneko bordakoekin. Orduan ez zenuen numeroa eta deus erran beharrik. Hori zaharrentzat ongi da, ez baitzekiten orduan zaharrek numerorik. Eta hala egiten genuen telefonoa, harekin.
Ba, setecientas… zazpiehun eta berrogeita hamar pezeta pagaturiko telefonoarekin. Pentsa ezazu. Primeran!
Eta kanpora ere deitzen genuen. Bueno. Eta gero, eta hori… etorri zen legea automatikoak paratu behar zituztela, guk geronek gure etxetik egiten ahal genuela noiznahi, zuzenean. Eta, automatikoak. Eta hori paratzea kostatu zen bost mila pezeta. Pentsa ezazu, dena, lehenago zazpiehun eta berrogeita hamar eta gero bost mila pezeta, bost mila eta zazpiehun eta berrogeita hamar pezetatan telefono automatikoa etxean. Hori debalde.
Pentsa ezazu, Irunen bizi zen gure aitaren arreba eta haiei, beraiei, Irunen telefonoa hartzea hiruretan hogei mila pezeta. Irunen. Eta, Arantzan, erregalu. Holaxe suertatu zen.
Iraupena: 05:00
Hasi baino lehen, irudiei begiratu eta burura zer heldu zaien errateko eskatuko diegu:
Ondoren, garai bateko telefonoei buruz zer dakiten galdetuko diegu:
Zer dakizue garai bateko telefonoei buruz?
Noiz hasi ziren telefono mugikorrak?
Nola komunikatzen zen garai bateko jendea?
Argazkiak atera zitzaketen telefonoarekin?
Nola egiten zen hitz egiteko?
Telefono-zenbakia nola markatzen zen?
Gaiari buruzko aurrezagutzak aktibatu ondotik, Arantzari buruz zer dakiten ikusiko dugu:
Zer dakizue Arantzari buruz?
Nafarroako mapan non kokatuko zenukete?
Han inoiz izan zarete?
Nolakoa da bertako hizkera?
Arantza Baztan-Bidasoan dago eta Nafarroa Garaiko iparraldeko udalerri bat da, Bortziriak ibarrekoa. Iruñetik iparraldera joanez gero, 75 kilometrora dago.
Aurrezagutzak aktibatu eta gero, bideoa proiektatuko dugu entzunaren ulermena lantzeko.
Binaka, entzunaren ulermena lantzeko galderei erantzunen diete:
1- Non zegoen Arantzako lehen telefono publikoa?
Oteiza dendan.
2- Zein zen lehen telefono horrek zuen gauza txarrena?
Denek dena aditzen ahal zutela.
3- Urmeneta diputatua noren laguna zen?
Don Esteban apaizarena.
4- Zer eskaini zien Urmenetak Arantzako zenbait baserriri?
Telefonoa 750 pezetatan.
5- Nork egin zion uko Urmenetaren eskaintzari?
Oteizak.
6- Herriko jendeak eskaintza horren berri izan zuen?
Ez.
7- Nola izan zuten eskaintza horren berri?
Don Esteban apaiza Diputaziora joan zen batean, Urmenetarekin topo egitean jakin zuelako.
8- Zenbat baserritan paratu zuten telefonoa?
Ez dakigu, baina hasieran 30 baserritan paratzeko asmoa zuten eta kopuru bikoitzak izena eman zuela dio berriemaleak. Beraz, behinik behin 60 bat baserritan.
9- Non paratu zuten telefonoz deitzeko tokia eta telefonistaren egoitza?
Herriko etxean.
10- Garai bateko telefono zenbakiek 948 zuten?
Ez, ez baitzuten zenbakirik, telefonista batek konektatzen zintuen nahi zenuen etxearekin.
11- Zer etxetakoek hartu zuten telefonoaren ardura?
Berganekoek.
12- Zein zen telefonistaren lana?
Deia hartu, nor zen galdetu eta norekin hitz egin nahi zuen jakin, deia konektatzeko.
13- Nolakoa zen telefonistak zuen makina? Nola funtzionatzen zuen?
Arbel gisako bat zen, larako batzuekin.
14- Legea egin zutenean, nolako telefonoak paratu zituzten?
Automatikoak, norberak bere etxetik deitzen ahal zuen nahi zuenean.
15- Zenbat kostatu ziren telefono automatikoak?
5.000 pezeta.
16- Garestia izan zen telefono automatikoak paratzea? Zure erantzuna arrazoitu.
Ez, bertze toki batzuetan, Irunen, erraterako, 60.000 pezeta balio zuelako.
Bukatzean, denon artean ahoz zuzenduko dugu.
Lehen jarduera zenbakien ingurukoa izanen da, Nafarroan zenbaki batzuk bertze modu batez ere erraten baitira. Hasi baino lehen, haien ezagutzetatik abiatuko gara eta, horretarako, galdetuko diegu euskara nafarrean zenbakiak nola erraten diren. Erantzun posibleak honako hauek dira: bortz, hamabortz…
Berriemaleak eman duen azken kopuruari erreparatu badiote, berriz, ohartuko ziren “hiruretan hogei mila pezeta” erran duela. Forma hori ezagutzen duten galdetuko diegu eta euskara batuan onartzen dela ikus dezaten, Euskaltzaindiaren 7. araua ikusiko dugu, Zenbakien idazkeraz izenekoa. Bertan azpimarratzekoak dira honako hauek:
biga: bi
bortz: bost (hamabortz, hogeita bortz, bortzehun…)
hiruretan hogei: hirurogei
hiruretan hogeita hamar: hirurogeita hamar
lauretan hogei: laurogei
lauretan hogeita hamar: laurogeita hamar
Bigarren zeregina bideoan jorratutako gaiaren ingurukoa da. Lehenbizi, galdetuko diegu zerk eman dien atentzio handien eta denon artean komentatuko dugu.
Garai batean, ikusi dugun telefonoaz gain, gutunak izaten ziren komunikazio iturri nagusia. Gaur egungo posta zerbitzuaren jatorriaz gehiago jakiteko, zigiluak edo seiluak asmatu zireneko hiru minutuko irrati saio bat adituko dugu.
Jarraian, bikoteka, galdera hauei erantzunen diete:
1- Zigiluak asmatu baino lehen, gutunek zer arazo izaten zuten?
Jasotzen zutenek ordaindu behar zuten bidalketa eta askok ez zuten ordaindu nahi izaten.
2- Nork asmatu zituen zigiluak?
Rowlland Hill-ek.
3- Zer gertatu zitzaion Eskoziako ostatu bateko etxekoandre bati Rowlland Hill-ekin?
Postariari erran zion pobreegia zela ordaintzeko eta Rowlland Hill-ek, hori aditzean, postariari ordaindu zion. Emakumea haserretu zen, trikimailu bat zutelako jakiteko familiako kide guztiak ongi zeuden. Gutunari begiratuta, jakin zuen denak ongi zeudela, horregatik itzuli zion sobre hutsa postariari, barruan ez zegoelako deus ere.
4- Zein zen Eskoziako etxekoandre horren trikimailua?
Zuzenbidearen zati bat idazten zuen familia bakoitzak eta, hori ikusita, gainerakoek bazekiten denak ongi zirela.
5- Noiz eta non sortu zen lehen seilua?
1840an sortu zen, Ingalaterran.
6- Zer izan zen zigilua hartu-emanetarako?
Aurrerapauso ikaragarria izan zen, benetako iraultza, ordura arteko hartu-emanetarako sistema ia bakarra arautu zuelako.
Hirugarren egitekoa, aldiz, haien inguruan komunikatzeko zer modu erabili (izan) den jakitean datza. Horretarako, etxean edo herrian galdetuko dute nola komunikatzen ziren garai batean, zer ezagutu zuten haien aitatxi-amatxiek nahiz gurasoek. Galdetegia prestatzeko, arbelean denon artean osatuko dugu zer komunikazio motari buruz galdetzen ahal duten:
- Internet eta aplikazioak (posta elektronikoa, WhatsApp, Twitter…)
- Telefono finkoa
- Telefono mugikorra
- Gutunak
- Telegramak
- Morse kodea
- …
Galdetegia prestatu eta gero, etxean informazioa bildu eta bikoteka, jasotakoa batu eta idatziko dute, gelakideei azaltzeko.
Gelakideei bildutako informazioa ahoz azalduko diete.
Bukatzeko, bikoteka, berri bat asmatuko dute (adibidez: anai-arreba sortu da, dena gainditu dut, atzerrira joanen naiz ikastera…) eta gero, haien senitartekoei mezu hori helaraziko diete, gutxienez ezagutu dituzten lau modutan, hau da, mezu bera telefonoz, WhatsAppez, posta elektronikoz, edo gutun bidez igorriko diete.