- Komiki bat egitea.
- Onomatopeiak lantzea.
Lantzeko bandiduak
Helburuak
Jendeak joaten ziren izituak, zeren, Lantzeko bandiduak, klaro, Lantzeko bandiduak zirela… gero jakin zen zirela guardak. Ziren hemengo, Belateko eta guardak. Klaro, egiten zituzten sekulako gaiztakeriak. Hiltzen zituzten jendeak, bueno, guri erraten ziguten, klaro, esajerazioa jakina, artzain bat hil zutela hola, gibelka, e? Disparatu eta hil ze… hil zutela gibelka, ez dakit fusilarekin edo, ez dakit zer arma zen, baina hori, fusilaren behinik behin.
Inoiz ez omen zituzten armak uzten eta, klaro, aldi batez andre bat bazihoan Iruñera, bazihoan, eta agertu zitzaizkion Belaten gizon horiek eta:
- Nora zoaz?
Eta:
- Bai, oi, oi, oi! Beldurrak noa, baina noa Iruñera.
Oinez joaten zen. Zen… haurdun zegoen gainera. Eta:
- Bai?
Eta:
- Atrebitzen zara bakarrik?
Eta:
- Bai, bai. Beharrik zuek harrapatu zaituztedan!
Uste zuen salbatu behar zutela.
- Beharrik zuek harrapatu zaituztedan.
- A…
Eta:
- Bai, horra, mototsean eramaten dut altxatua dirua. Mototsean.
- A! Ja, ja.
Eta, erran zion, hartu zuten eta kendu zioten dirua eta, bazen leize bat hor, leizea, eta bota zuten leizetik beheiti andre hura.
Eta… leizeak zuen, klaro, bazituen… zola-zolan bazuen ura, erdian bazuen deskantsua bezala, hola, eta, han gelditu zen, ez zen joan beheitiraino, eta:
- Lagundu! Lagundu!
Ari zen eta egunero joaten ziren ikustera zer… gaiztoak ziren! Joaten ziren ikustera ja bizi zen edo hil zen, hil zen. Oihuka aritzen zen leizetik. Eta:
- Lagundu! Salba nazazue, ez bada niregatik nire umearengatik! Haurdun nago!
Eta istorio.
- Bueno, bueno, salbatuko zaitugu.
Bota zioten soka, eta, hartu zuelarik, hasi zelarik goiti, ras! utzi eta, dena beheiti, hondo-hondoraino joan zen eta hil zen emakumea. Hil zen.
Eta, zolan bazen ura, erran dizut bazela ura, eta, hemen, herriko bazter honetan, sortzen zen iturri bat, eta erraten… erraten zuten urteen buruan, urte batzuren buruan, agertu zela beheitiko iturri honetan eraztuna behatzeko hezurrarekin. Bai.
Baina hori ez nuen ikasi, berandura arte ez nuen ikasi hori.
Iraupena: 02:43
Lehenbizi, Lantzeko bandiduei buruz zer dakiten galdetuko diegu:
Inoiz aditu duzue Lantzen bandiduak edo bidelapurrak izan zirela?
Haien istoriorik ezagutzen duzue?
Ondotik, Almandozi eta Lantzi buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu:
Zer dakizue Almandozi buruz?
Han inoiz izan zarete?
Lantz non dago?
Zergatik da ezaguna?
Almandoz Baztango herria da eta Iruñetik iparraldera 36 kilometrora dago.
Lantz Ultzamaldeko udalerria da eta Iruñetik iparraldera 25 kilometrora dago.
Lantzeko bidelapurren istorioren berri izateko, Mediatekako pasartea proiektatuko dugu ikasgelan.
Bakarka, galderei erantzunen diete:
1- Nor ziren Lantzeko bidelapurrak?
Belateko guardak edo zaintzaileak.
2- Zer egiten zuten?
Lapurtu eta jendea hil.
3- Nola hil zuten artzain bat?
Arma sorbaldaren gainean atzeraka begira jarri eta tiroa emanda.
4- Bazkaltzeko edo lo egiteko armak non uzten zituzten?
Inon ez, berriemaleak dio ez zituztela inoiz uzten.
5- Zer gertatu zitzaion emakume bati?
Bandidoek lapurtu eta zulo batera bota zutela. Ondotik, engainatu zuten lagunduko ziotela erranez, baina hil zuten.
6- Emakume hori zulora erori zenean hil zen? Zure erantzuna azaldu.
Ez, tartean zegoen hutsune batean gelditu zen, beheitiraini erori gabe.
7- Bandiduek ateratzen lagundu zuten?
Erran zioten lagunduko zutela, baina soka bota eta igotzen ari zela, soka askatu eta beheitiraino erori zen.
8- Zer agertu zen Almandozko iturri batean?
Emakume horren eraztuna eta behatzeko hezurra.
Bukatzean, denon artean ahoz zuzenduko dugu.
Aditutako istorioa komiki bilakatuko dugu oraingoan. Horretarako, lau laguneko taldeak sortu eta lehenbizi, komikiaren alderdi nagusiak ikusiko ditugu.
Hasteko, komikiak dituen ezaugarriak aztertuko ditugu:
- Irudiak eta testua (gehienetan ahozko hizkuntza) elkarrekin ageri dira.
- Batzuetan narratzailea ageri da.
- Binetek forma eta tamaina ugari dituzte.
- Plano anitz daude:
- Panoramikoa: toki zabala ikusten da urrutitik eta pertsonaiak ez dira ia ikusten.
- Orokorra: pertsonaiak dauden tokian ikusten dira.
- Osoa: pertsona bat osorik hartzen du.
- Plano erdia: pertsona belaunetatik edo bularretik goiti ageri da.
- Lehen planoa: aurpegia, gorputzaren bertze atal zehatz bat edo objektu bat ageri da.
- Xehetasun planoa: ohar bat, begi bat, labana bat… ageri da.
- Keinuek emozioak adierazten dituzte.
- Puxiken bidez pertsonaiek errandakoa adierazten da:
- Puxiken buztanak erakusten du nor ari den solasean.
- Buztan bat baino gehiago badago, jende anitz gauza bera erraten ari delako da.
- Puxiken formak ere informazioa ematen digu (oihuka ari bada, puxikak puntak izanen ditu; pentsatzen ari bada, hodei itxura izanen du…)
- Onomatopeiak ageri dira.
- Hitz itsusiak adierazteko, ikur bereziak, tximistak, apoak, sugeak… erabiltzen dira.
- Mugimendua ere adierazten da (marra zuzenak direnean, pertsonaia korrika doa; zubi txiki forma dutenean, saltoka ari da).
Jarraibide edo aurkezpen gehiago behar izanez gero, jarraian eskura daitezke:
https://pt.slideshare.net/plastika/komikia-7331767
https://pt.slideshare.net/nanu373/komikia-7579776
Komikia IKTak baliatuz egin nahi izanez gero, ordea, hainbat tutorial ditugu sarean:
https://es.calameo.com/read/0005011805a3b30146227
https://issuu.com/msnlizentzia/docs/comic_creator
https://pt.slideshare.net/joxean21/komikiak-egiteko-jarraibideak
Hurrengo pausoa haien istorioaren nondik norakoak zehaztea da, hau da, zer kontatuko duten erabakitzea. Bideoan aditutako Lantzeko bandiduen istorioa komiki bihurtzen ahal dute edota ezagutzen edo asmatzen duten bertze bat ere sor dezakete.
Arestian aipatu dugun moduan, onomatopeiek garrantzi handia dute komikietan. Hori dela eta, komikia egiten hasi baino lehen, euskarazko onomatopeiak ikusiko ditugu. Horretarako, haien istorioaren nondik norakoak zehaztuta izanen dituztenez, jarraian ageri diren webgune hauek aztertu eta beharrezkoak dituztenak bereiziko dituzte:
https://blogak.eitb.eus/euskara/2012/06/28/bihotzak-taup-taup-egiten-al-dizu-euskal-onomatopeiak/
https://zuzeu.eus/euskara/euskal-onomatopeiak-berreskuratzen/
https://www.berria.eus/estiloliburua/gaikako-hiztegiak/21
https://quizlet.com/es/430544402/euskara-1-dbh-1ik-onomatopeiak-flash-cards/
Teoria ikusi eta gero, launaka kontatuko duten istorioaren zirriborroa eginen dute; bertan, ikusitako alderdi guztiak islatu beharko dira eta, hori lortzeko, ezinbertzekoa da planifikatzea eta modu eskematikoan bada ere, diseinatzea.
Bukatzeko, komikiak eskuz edota IKTak erabilita sortu, eta gelakideei erakutsiko dizkiete.