- Gazte hizkera eta hizkera informala lantzea.
- Gazte hizkeraren eta hizkera informalaren gidatxo bat egitea.
- Antzerki txiki bat egitea gazte hizkera eta hizkera informala erabiliz.
Mutiletan sartzea
Helburuak
Mutiletan sartzen ginen hemezortzi urteetatik aurrera. Hemezortzi urteak arte mutil handietan ez zen negoziorik.
Eta, nola sartzen zineten edo zer egiten zenuten?
Sartzen ziren kuadrillan, “Bua, hemezortzi urte?” Pues venga, ja kuadrillara eta ya está. Ez paperik, ez alkatearen firmarik eta ez…
Baina bestaren bat edo zerbait ere?
Ez, ez zen deus egiten. Sartu eta ya está. Behar zenuen… pagatu behar zenuela. Ordura arte majo bizi zinen pagatu gabe, baina ordutik aurrera…
Zer egiten ziren, kontu guztiak…?
Mutilek pagatuz, soinua eta denak. Hor Gelbentzun bai, herri… zenbait herritan pagatzen zuten herriek, dirua ematen zuten pagatzeko soinua.
A, bai, e?
Bai, bai, herri askotan. Baina guk ez genuen suerte hori izan sekulan.
Herri txikia…
Klaro.
Iraupena: 00:54
Lehenbizi, gaiari buruz zer dakiten galdetuko diegu:
Izenburuak zer iradokitzen dizue? Zer da mutiletan sartzea?
Zer dakizue garai bateko gaztaroari buruz?
Zein zen mutilen betebeharra?
Gero, tokiari buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu honako galdera hauen bidez:
Zer dakizue Gelbentzuri buruz?
Ba al dakizue non den Odieta?
Han inoiz izan zarete?
Gelbentzu Odietako kontzejua da eta Iruñetik iparraldera, errepidez joanda, 28 kilometrora dago.
Odieta Nafarroako udalerria eta ibarra da. Ondoko herri hauek osatzen dute Odieta udalerria: Anotzibar, Erripa (herriburua), Gaskue, Gelbentzu, Gendulain, Latasa, Ostitz eta Ziaurritz.
Aurrezagutzak aktibatu ondotik, bideoa proiektatuko dugu gelan.
Bideoa ikusi eta gero, banaka galdera hauei erantzuteko eskatuko diegu ikasleei:
1- Zenbat urtetan sartzen ziren mutiletan?
18 urte betetzean.
2- Zer da mutiletan sartzea?
Mutil gazte edo ezkongabeen taldean sartzea. Ordutik aitzina, bertzeak bertze, bestak antolatu eta ordaindu behar zituzten.
3- Ezer berezirik egiten en mutiletan sartzean?
Ez, sartu eta kitto.
4- Zer da soinua?
Akordeoiarekin edo eskusoinuarekin jotzen den musika, herriko dantza saioetan bereziki jotzen dena.
5- Gelbentzu herriak bestak ordaintzen laguntzen zuen?
Ez.
Bukatzean, ahoz denon artean zuzenduko dugu.
Sarrera moduan, ikasleei honakoa planteatuko diegu, banaka hausnartu eta, gero, talde osoan elkarrekin solastatuko gara:
Bideoan gazte garaiko kontuez aritu da berriemalea. Nola uste duzu hitz egiten zutela? Hizkera formalean edo neutroan? Modu informalean? Zergatik? Zuk euskaraz hizkera informala erabiltzen duzu?
Gaurkoan gazte hizkera eta hizkera informala landuko ditugu eta, horretarako, lehenbizi, Gazte hizkera lantzen izeneko erreportajea ahoz irakurriko dugu denon artean; hori egiteko, ikasle bakoitzak paragrafo bat irakurri eta bere hitzez azalduko du.
Ondoren, lauko taldeak egin eta haien ikastetxean nahiz eskualdean zabaltzeko Gazte hizkerari buruzko gida bat egin behar dutela azalduko diegu, baina, hori burutzeko, lehenbizi, sarean zer dagoen aztertu, sailkatu, eta haien gida sortuko dute lehenik.
Gidak honako atalak izan behar ditu:
- Azala (izenburua, egileak, urtea)
- Aurkibidea
- Sarrera
- Gazte hizkera
- Bibliografia, webgrafia…
Honako webguneak aztertu, haien intereseko gauzak bildu eta, ondotik, gida osatzeko informazioa atera eta antolatuko dute:
https://www.urtxintxa.eus/jolasguneak/gazte-hizkera/
http://www.erabili.eus/zer_berri/muinetik/1096284906
http://www.erabili.eus/zer_berri/muinetik/1100262943
http://www.erabili.eus/zer_berri/muinetik/1118824554
https://gazteak.ahotsak.eus/gazte-hiztegia/
Urtxintxak Gazte hizkera App-a argitaratu du. Interesik izanez gero, bertze baliabide iturri bat izan daiteke: http://www.urtxintxa.eus/2018/04/26/gazte-hizkera-app/
Bildutako informazio guztia antolatu eta gero, gida bera sortzeari ekinen diote.
Horren ondotik, launaka gazte hizkera eta hizkera informala oinarri izanen duen antzerki txiki bat eginen dute gelakideen aitzinean. Hori egiteko, istorioa, pertsonaiak, garaia, tokiak… pentsatu eta gidoia prestatuko dute. Txisteren bat ere sar dezakete. Behin antzerkitxoa prestatuta, entsegu txiki bat egin eta gelakideen aitzinean antzeztuko dute.