- Curriculum bat edo bideo curriculum bat egitea.
- Aurkezpen gutun bat egitea.
Neskatoen lana
Helburuak
Egoten zineten etxe horietan, nola… nola zen zuen bizimodua? Bazkaltzen zenuten etxeko nagusiekin batera…?
¡Qué va! ¡Qué va! Dena diferente. Bagenituen, etxe hura zen etxe elegantea, bazuen ate nagusia, han haurrekin pasatzen zen haurtzaina, bakarrik. Gu ez, guk bagenuen bertzea eta igogailuak eta denak. ¡Qué va! Ezta pensatu ere! Eta gureek bizia egiten zuten jangelan eta egongela batean, guk, berriz, sukaldean eta handik ateratzen ginen gu, barruko atea erraten genion. Ez, ez, ez. Ezta pentsatu ere! ¡Qué va! Bu! Beraien buruak goiti jotzen zituzten! Eta gero, irakatsi zidaten niri solasa nola egin erdaraz ere: “Tenga usted la bondad” y “ Tenga usted la bondad de sentarse” y así cosas… diferente erdaraz, diferente erdaraz.
Eta, gero, uniformeak, uniforme batzuk zoragarriak, eskularru zuriekin, kofia buruan eta, bueno! Zapata batzuk eta uniformeak izaten genituen beltzak, lepoa ere zuria eta mantal zuri bat, negurako batzuk eta udarako bertzeak, nik izaten nituen uniformeak, zeren, nik banekien sukaldean eta gero, bertze neskatoa genuenak, Donamarikoak, ez zekien, hark nik baino gutxiago erdaraz. Hark bai gutxi zekiela! Nik baino gutxiago zekien hark erdaraz! Nik baino gutxiago, eta gero, nola ez baitzekien hark, telefonoak eta behar bezala hartzeko, haiek bazituzten mania batzuk, nola hartu, eta egiten nuen nik bazkaria prestatu eta ateratzen nintzen sukaldetik eta prestatzen nintzen, bazkaltzen nuelarik. Bertzea gelditzen zen han ontziak denak garbitzen… eta, hiru neskato ginen. Haurrekin joaten zen haurtzaina; hura joaten zen kofia bat zoragarriarekin, kapa urdin ilun zoragarri batekin eta uniforme zuria eramaten zuen. Eta galtzerdi zuri batzuk erosi zizkion eta erran zion:
– Esas medias blancas yo no andaré -erran zion.
– ¿Cómo que no? Pero si van con el uniforme…
– Sí, sí, pero los zapatos he comprado yo -erran zion-. Así que como he comprado yo los zapatos… si me los compra usted los zapatos, pero si no, no andaré.
Eta ez zituen erabili batere galtzerdi zuriak, eta ederki egin zuen.
Luxua bai! Ui, ui, ui! Eta hura altu bat zen, bere kofiarekin eta kaparekin eta altu-altu bat. Eta hura ateratzen zen eta hari igandeak ematen zizkion gehienean libre eta bertze andre bat hartzen zuten. Bai gastua bazen etxe hartan! At… nagusiaren atorrak plantxatu egiten genituen plantxadora batekin. Arropa ere, eskuz garbitzen baitzen dena, ekartzen genuen labandera bat, andre bat arropa garbitzeko ere. Bazen gastua, bai, etxe hartan! Eta gero dirurik gabe gelditu ziren, dirurik gabe gelditu ziren. Niri ez zidaten anitz pagatzen, baina, klaro, bertzeei pagatu behar zieten eta…
Zenbat kobratzen zenuen?
Nik kobratzen nituen han dat… hemen gutxiago, hemen hogeita hamar, hogeita hamar mila pezeta, hemen. Eta han, joan ginelarik, pagatu zizkidan berrogeita hamar.
Urte guztiko lana?
Bai, urte guztiko lana… Hilabeteko, e?
A! Hilabeteko?
Hori hilabeteko! Nahi duzun guztia. Eta gainera, han egon ginen denboran, nik ez dakit zuhur ibiltzen zen edo zer, ez zidan erdia pagatzen! Eta egun batean erran zidan: “Oi, oi, oi! Si tienes algo dame porque no tengo ni chiquita y hoy domingo todo está cerrado”. Eta hola hasi ziren, behera-behera hasi ziren.
Iraupena: 03:13
Hasi baino lehen, aurrezagutzak aktibatuko ditugu eta, horretarako, lehenbizi, neskatoen bizimoduari buruz zer dakiten galdetuko diegu ikasleei:
Zer zen neskato izatea?
Zer egiten zuten?
Zer lan baldintza zuten?
Gaiari buruzko aurrezagutzak aktibatu ostean, Donamariari buruz zer dakiten ikusiko dugu:
Zer dakizue Donamariari buruz?
Nafarroako mapan non kokatuko zenukete?
Han inoiz izan zarete?
Donamaria Nafarroako ipar-mendebaldean dagoen udalerria da, Malerrekako ibarrean, Baztan-Bidasoa eskualdean. Nafarroako hiriburutik 56 kilometrora dago.
Egin ditugun hipotesiak bazieztatzeko, bideoa proiektatuko dugu gelan.
Bideoa ikusi eta gero, bikoteka, galdera hauei erantzuteko eskatuko diegu ikasleei:
1- Neskatoek etxekoekin bazkaltzen zuten?
Ez, bereiz bazkaltzen zuten.
2- Etxeak zenbat ate zituen?
Bi: ate nagusia eta langileena.
3- Zerbitzari guztiak ate nagusitik pasatzen ziren? Zure erantzuna arrazoitu.
Ez, haurtzaina bertzerik ez, gainerakoek bertze ate batetik pasatu behar zuten.
4- Nagusiak eta haien familia etxeko zer partetan egoten ziren?
Jangelan eta egongelan.
5- Etxeko langileak non egoten ziren?
Sukaldean.
6- Zer esapide erabiltzen du handiusteak zirela errateko?
Beren buruak goiti jotzen zituzten (“Beren buruk gotti jotzen zittuten” erraten du).
7- Gaztelaniaz nola egin behar zuten neskatoek?
Hagitz modu jasoan, erraterako, “tenga usted la bondad de…” gisako egiturak erabili behar zituzten. Berriemaleak dio erdaraz diferente egin behar zutela solas.
8- Nolakoa zen neskatoen uniformea? Denak berdin janzten ziren?
Jantzi beltz dotorea zen, lepo zuriarekin. Horrez gain, eskularru zuriak, buruan kofia eta mantal zuria ere izaten zituzten
Haurtzainak, traje zuria eta kapa urdin dotore bat zituen. Hortaz, denak ez ziren berdin janzten.
9- Urte guztian zehar arropa bera eramaten zuten lan egiteko? Zure erantzuna arrazoitu.
Ez, udako eta neguko uniformeak zituzten.
10- Zein zen berriemalearen egitekoa edo lana?
Sukaldean zekienez, jatekoak prestatzen zituen, baina ontziak eta bertze batek garbitzen zituen. Telefonoa hartu eta bertzelako lanetan ere aritzen zen, bere lankideak berak baino okerrago egiten baitzuen gaztelaniaz.
11- Etxe horretara zenbat jende joaten zen lanera? Zure erantzuna arrazoitu.
Guztira 6. Etxean 3 neskato izaten ziren, horietako bat haurtzain egoten zen, baina igandeetan libratzen zuenez, bertze emakume bat joaten zen haren ordez. Horiez gain, nagusiaren arropa lixatzeko bertze andre bat joaten zen eta arropak garbitzeko, seigarren emakume bat.
12- Nagusiak zergatik gelditu ziren dirurik gabe?
Luxu gehiegi zutelako, ez baita beharrezkoa 6 pertsona izatea etxean bertako lanak egiteko.
13- Zenbat ordaintzen zioten berriemaleari?
Hemen zegoenean, 30.000 pezeta hilabetean; han zegoenean, berriz, 50.000 pezeta.
14- Zergatik zituen bi soldata?
Han bere etxetik urrun zegoelako, bertan egoten zen beti eta horregatik gehiago ordaintzen zioten.
15- Txintxo ordaintzen zioten hilabetero?
Ez, han egon ziren denboran erraten du ez ziotela erdia pagatzen.
16- Etxekoandreak zer eskatu zion egun batean? Zergatik?
Dirua eskatu zion. Nonbait, ez zuen dirurik eta dena itxita zegoen, igandea zelako.
Bukatzean, ahoz, denon artean zuzenduko dugu.
Ikasleek curriculum vitae bat egin beharko dute, baina horretarako, lehenbizi, nola egiten den, zer aplikazio dagoen, eta abar ikasiko dugu. Gaiaren aurkezpen moduan, curriculuma nola egiten den azaltzen duen bideoa ikusiko dugu.
Gaur egun sarean hainbat eredu eta txantiloi daude curriculumak egiteko. Jarraian, horietako zenbait eskura jarri ditugu, gustukoena hautatu eta bakoitzak bere curriculuma egin dezan:
Nafarroako Gobernuaren webgune honetan, beheko aldean ageri den Euskara sakatuta, euskarazko curriculuma egiteko aplikazioa duzu. Bertan, dauden formatuen artean aukera daiteke. Euskal Herritik kanpo entregatzeko curriculumik egin behar izanez gero, gaztelaniaz eta ingelesez egiteko aukera ere eskaintzen du.
Bidasoa bizirik-en webgunean ere, curriculumak bortz pausotan egiteko aukera ematen du.
Aplikaziorik erabili gabe, norberak bere curriculuma idazteko agiri ereduen bankura jo daiteke. Webgune horretan, izenburuak dioen moduan, era guztietako agiriak egiteko txantiloiak eta adibideak ageri dira. Horrez gain, bertze eredu hau eta apunte hauek ere baliatzen ahal dira.
EASO politeknikoaren webgunea hagitz interesgarria da, curriculum vitae nahiz aurkezpen gutunak egiteko hainbat baliabide eskaintzen baititu.
Lanketaren hasieran ikusitako bideoaren bukaeran azaltzen den moduan, curriculumarekin batera, aurkezpen gutuna ere bidali ohi da. Ikasleei, pentsatu duten lanposturako aurkezpen gutuna egiteko eskatuko diegu, curriculumarekin batera entregatzeko. Hori egiteko aurkezpen gutuna egiteko aholkuak emanen dizkiegu.
Bideogintzan trebeak edo zaletuak direnei, bideo curriculuma egiteko proposatzen ahal diegu. Horretarako, lehenbizi Bideo curriculumak egiteko aholkuak biltzen dituen bideo bat ikusiko dugu euskaraz. Hori egin ostean, gaztelaniaz egindako bideo curriculum adibide zoragarri bat proiektatuko dugu.
Lehenbizi, banaka, gustuko lan bat pentsatu eta bertan lan egiteko interesgarriak diren datuak biltzen dituen curriculuma idatziko dute ikasleek, ikusitako aplikazioak erabiliz, ereduetan oinarrituz edota bideo curriculum baten bidez.
Entregatu baino lehen, ondoko ikaskideari pasatuko diote, batak bertzearena zuzendu eta elkarri ekarpenak egiteko. Horren ostean, proposatutako zuzenketak egokiak direla uste badute, haien curriculumak moldatuko dituzte.
Bukatzean, curriculum horrekin batera entregatzeko aurkezpen gutuna eginen dute.