- Nafarroako ondare kulturalaren eta sozialaren berri izan eta lantzea.
- Herriko edo auzoko etxeen edo tokien izenekin bilduma bat egitea.
Etxeen izenak
Helburuak
Hamarrendegia, etxea, izen hori nondik heldu da?
Hori… hamarrenak eta primiziak Hamarrendegian biltzen omen ziren. Oraindik, berandura arte ere bai, e?
Eta zer da hori?
Hori, bakoitzak ekoizten zuenetik, Elizarentzat hamartik bat eman behar zenuen. Eta, primiziak, berriz, ez dakit, bostetik bat edo zer… Hola, hamarrenak eta primiziak, “Jainkoaren Elizari ordaintzea. Hau da Elizaren edo elizgizonen bizibiderako laguntza ematea.”.
Iraupena: 00:51
Hasi baino lehen, etxeen izenen inguruan solastatuko gara:
Postal hau ezagutzen duzue?
Etxeei zeren arabera paratzen zitzaien izena?
Etxeren baten izena ezagutzen duzue? Zer erran nahi du?
Ezagutzen duzue inor bere etxearen izenez deitzen zaiona?
Euskal Herriko etxeek berebiziko garrantzia dute eta izan dute gure kulturan; izan ere, etxeek herritarrei eman diete izena eta izana.
Ondoren, Ezkurrari buruz zer dakiten ikusiko dugu:
Zer dakizue Ezkurrari buruz?
Han inoiz izan zarete?
Aurrezagutzak aktibatu ostean, gelan bideoa ikusiko dugu.
Bakarka, galdera hauei erantzunen diete:
1- Hamarrendegia etxeak zergatik du izen hori?
Hamarrenak eta primiziak han biltzen zirelako.
2- Hamarrenak zer ziren?
Norberak ekoizten zuenetik, Elizari hamarretik bat eman behar zion.
3- Primiziak zer ziren?
Berriemaleak dio bostetik bat ematea zela.
4- Bukaeran aipatzen duen esaldia idatz ezazu:
Hamarrenak eta primiziak Jainkoaren Elizari ordaintzea, hau da, Elizen edo elizgizonen bizibiderako laguntza ematea.
5- Buruz ikasitako esaldia dela uste duzu? Zure erantzuna arrazoitu.
Bai, elizan ikasitakoa dirudi, erraten duen moduarengatik eta doinuarengatik.
Bukatzean, denon artean zuzenduko dugu.
Ikusi dugun moduan, Hamarrendegia etxeak izen hori du garai batean Elizarendako hamarrenak bertan biltzen zirelako. Euskal Herrian berebiziko garrantzia dute etxeen izenek, eta hori landuko dugu unitate honetan. Horretarako, Paula Kasaresek Erabili.eus webgunean idatzitako artikulu hau irakurriko dugu.
Irakurriaren ulermena lantzeko eta gaiari buruz zer ikasi duzuen ikusteko, bikoteka, galdera hauei erantzunen diete ikasleek:
1- Zeren arabera paratzen ziren etxeen izenak? Pertsonekin lotutakoak azal itzazu:
Etxea eraiki edo bertan bizi izandako lagunen arabera: ponte izenak (Paularena, Migelenea), patronimikoak (Petrisantzenea, Agirrenea), izengoitiak (Gorraren borda, Txipitonea), hipokoristiko edo izen ttipiak (Martikorena, Gartxienea), lanbideak (Arotzenea, Barberenea), estatu soziala (Kontearena, Txantre)…
2- Zeren arabera paratzen ziren etxeen izenak? Bertzelakoak azal itzazu:
Etxearen ezaugarriak (Etxetxikia, Bordaxuria), kokapena (Mendiondoa, Berekoetxea) edo toponimoak (Elordi, Mugerdia), zertarakoa edo erabilera (Dolarea, Errota)…
3- Familia batzuek etxearen izena hartzen dute? Zure erantzuna arrazoitu.
Bai, herrietan familiei deituraz edo abizenaz baino, etxearen izenaz deitu izan zaie.
Gainera, testuan agertzen ez den arren, gauza jakina da anitzetan ez dugula jakiten pertsona batzuek nola duten izena, izengoitiaren bidez ezagutzen ditugulako.
4- Kulturari dagokionez, zer garrantzia dute etxe izenek?
Etxeen izenak herri baten ondare historiko-kulturalaren eta bere nortasunaren zati dira, antzinako bizimoduaren eta gizarte antolamenduaren informazio anitz gorde dutenak.
5- Zer egiten ari dira etxeen izenak ez galtzeko?
Euskal Herriko hainbat herri hasi dira etxeen izenak biltzen, ikertzen eta argitaratzen, gal ez daitezen.
6- Zer da oikonimia?
Etxeen izenak aztertzen dituen onomastikaren arloari deritzo. Etimologikoki bi izen grekoz osatutako izena da: oikos (etxea) + onoma (izena).
7- Antroponimiak zer ikertzen du?
Pertsonen izenak.
8- Toponimiak zer aztertzen du?
Leku izenak.
Bukatzean, denon artean zuzenduko dugu.
Bigarren jardueran Euskaltzaindiaren Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA) ezagutaraziko diegu ikasleei. Dena den, eta sarreran garbi azaltzen den bezala, bertan agertzen diren forma guztiak oraindik ez daude araututa. Datutegi horretan hiru atal bereizten dira:
- Izenak: emakumezkoak, gizonezkoak eta sexu-markarik ez dutenak, epizenoak.
- Deiturak edo abizenak.
- Toponimia: leku-izenak.
Webgune hori ezagutzeko, haien izen-abizenak bilatzeko proposatzen ahal diegu, euskaraz nola diren edo zer erranahi duten ikusteko.
Gaia interesgarria iruditzen bazaie, Ikasbilek dakarren Euskara eskoletan toponimia lantzeko proposamena ere hagitz interesgarria da eskolan lantzeko.
Bukatzeko, Toponimia zaharrari buruzko irratsaio hau ere gelan adi dezakegu eta horren inguruan hitz egin: zerk eman dien atentzio handien, zer ikasi duten…
Lau-sei laguneko taldeak egin eta ikasleek haien herriko edo auzoko etxeen izenak bilduko dituzte. Etxeen izenik ez dagoen tokiren batean bizi direnek, inguruko toki izenekin jarduera bera egin dezakete.
Izenak bildu eta gero, horien jatorria eta izen osoa zein den bilatuko dute. Horretarako, lehenbizi, haien herrietan horrelako lanik egin ote den galdetu beharko dute, sarean bilatu…
Lana errazteko asmoz, sarean dauden zenbait baliabide eskura paratu ditugu:
Jarraian ageri den loturan, erraterako, Euskaltzaindiak Onomastikaren inguruan argitaratutako liburuak PDFn daude, edonork deskargatzeko moduan.
Horrez gain, etxeen izenak biltzeko hainbat eskualdetan egindako lanak daude:
Nafarroako euskal oikonimia:
Nafarroako euskal oikonimiaz.pdf (Patxi Salaberri)
Etxalarko etxeen izenak:
https://www.academia.edu/28208497/Etxalarko_etxeen_izenak.pdf
Erronkariko eta Gardeko etxeen izenak:
https://nabarralde.eus/roncal-sus-casas-y-el-uskara/
Erronkaribarko Etxe-izen Euskaldunak.pdf (Josune Aznarez Alkat)
Baztango etxeen izenak: http://www.erabili.eus/zer_berri/berriak/dokumentuak/2005/BaztangoTelefonoGida.pdf
Lesakako etxeen izenak: http://www.lesaka.net/wp-content/uploads/sites/16/2013/03/KALE-ZERRENDA.pdf
Aresoko etxeen izenak (18-23. or.): http://areso.eus/wp-content/uploads/2016/02/PanpanoZiri_02_web.pdf
Azkenik, herriko edo auzoko bilduma osatuko dute eta, hori osatzeko, etxeei argazkia egin eta haien bilduman txertatuko dituzte.