- Gazte hizkera eta hizkera informala lantzea.
- Gazte hizkeraren eta hizkera informalaren gidatxo bat egitea.
- Antzerki txiki bat egitea gazte hizkera eta hizkera informala erabiliz.
Mutiletan sartzea
Helburuak
Lehenbizi, gaiari buruz zer dakizuen ikusiko dugu:
Izenburuak zer iradokitzen dizue? Zer da mutiletan sartzea?
Zer dakizue garai bateko gaztaroari buruz?
Zein zen mutilen betebeharra?
Gero, tokiari buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu honako galdera hauen bidez:
Zer dakizue Gelbentzuri buruz?
Ba al dakizue non den Odieta?
Han inoiz izan zarete?
Aurrezagutzak aktibatu ondotik, bideoa proiektatuko dugu gelan.
Bideoa ikusi eta gero, banaka galdera hauei erantzunen diezue:
1- Zenbat urtetan sartzen ziren mutiletan?
2- Zer da mutiletan sartzea?
3- Ezer berezirik egiten zen mutiletan sartzean?
4- Zer da soinua?
5- Gelbentzu herriak bestak ordaintzen laguntzen zuen?
Bukatzean, ahoz denon artean zuzenduko dugu.
Sarrera moduan, jarraian dituzuen galderen inguruan hausnartuko duzue eta, gero, talde osoan elkarrekin solastatuko gara:
Bideoan gazte garaiko kontuez aritu da berriemalea. Nola uste duzu hitz egiten zutela? Hizkera formalean edo neutroan? Modu informalean? Zergatik? Zuk euskaraz hizkera informala erabiltzen duzu?
Gaurkoan gazte hizkera eta hizkera informala landuko ditugu eta, horretarako, lehenbizi, Gazte hizkera lantzen izeneko erreportajea ahoz irakurriko dugu denon artean; hori egiteko, ikasle bakoitzak paragrafo bat irakurri eta bere hitzez azalduko du.
Ondoren, lauko taldeak egin eta zuen ikastetxean nahiz eskualdean zabaltzeko Gazte hizkerari buruzko gida bat eginen duzue, baina, hori burutzeko, lehenbizi, sarean zer dagoen aztertu, sailkatu, eta haien gida sortuko duzue lehenik.
Gidak honako atalak izan behar ditu:
- Azala (izenburua, egileak, urtea)
- Aurkibidea
- Sarrera
- Gazte hizkera
- Bibliografia, webgrafia…
Honako webguneak aztertu, zuen intereseko gauzak bildu eta, ondotik, gida osatzeko informazioa atera eta antolatuko duzue:
https://www.urtxintxa.eus/jolasguneak/gazte-hizkera/
http://www.erabili.eus/zer_berri/muinetik/1096284906
http://www.erabili.eus/zer_berri/muinetik/1100262943
http://www.erabili.eus/zer_berri/muinetik/1118824554
https://gazteak.ahotsak.eus/gazte-hiztegia/
Urtxintxak Gazte hizkera App-a argitaratu du. Interesik izanez gero, bertze baliabide iturri bat izan daiteke: http://www.urtxintxa.eus/2018/04/26/gazte-hizkera-app/
Bildutako informazio guztia antolatu eta gero, gida bera sortzeari ekinen diozue.
Horren ondotik, launaka gazte hizkera eta hizkera informala oinarri izanen duen antzerki txiki bat eginen duzue. Hori egiteko, istorioa, pertsonaiak, garaia, tokiak… pentsatu eta gidoia prestatuko duzue. Txisteren bat ere sar dezakezue. Behin antzerkitxoa prestatuta, entsegu txiki bat egin eta gelakideen aitzinean antzeztuko duzue.