- Gaitasun komunikatiboa lantzea.
- Debate bat egitea.
Mendiko fruituak eta arrantza
Helburuak
Hasi baino lehen, gaiari buruzko aurrezagutzak aktibatzeko, basoan eta mendian biltzen diren fruituei eta onddoei buruz hitz eginen dugu. Horretarako, denon artean zerrendatuko dugu mendian edota basoan zer fruitu hartzen diren, zuen eskualdean zer fruitu dagoen, bertze tokiren batetara joaten zareten onddo edo gaztaina bila, adibidez, eta abar.
Ondoren, arrantzaren inguruan mintzatuko gara: gustuko duzuen, zuen inguruan arrantzalerik ote den, zer arrantzatzen den, nola…
Azkenik, tokiari buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu eta, horretarako, lehenbizi, jarraian dagoen argazkiari ongi erreparatuko diozue:
Zer gertatzen ari da irudian?
Ezetz asmatu zer gertatu zen 778ko abuztuaren 15ean?
Non gertatu zen hori?
Jarraian, Mediatekako pasartea proiektatuko dugu ikasgelan.
Bideoa ikusi eta gero, galdera hauei erantzunen diezue:
1- Zer fruitu lehor aipatzen ditu berriemaleak?
2- Zein da Orreaga inguruan ez dagoen fruitu lehorra?
3- Fruitu gorriak aipatzeko euskal edo erdal izenak erabiltzen ditu?
4- Hurrak jaten zituzten?
5- Noiz joaten ziren arrantzara?
6- Nolako eguraldia behar da arrantzara joateko? Zergatik?
7- Nola arrantzatzen zuten?
8- Zenbat amuarrain hartzen zituzten?
9- Txipak zer sistemarekin arrantzatzen zituzten?
10- Nola deitzen die xanpain botilaren barruan sartzen zituzten ogi puskei?
11- Zer bertze animalia hartzen zuten?
Talde handian, erantzun duzuena komunean jarri eta zuzenduko dugu.
Unitatearen bukaeran debate bat egin behar duzuenez, lehenbizi, taldeka gaur egungo gazteen aisialdia eta garai batekoena alderatuko dituzue. Horretarako, talde handian ideia zaparrada eginen duzue, bertzeen ideiak aditzeko, zuena osatu eta, horren ondotik, behar bezala defendatu ahal izateko zuen iritzia.
Arestian erran bezala, debatea egiteko gela bitan banatuko dugu: batetik, garai bateko aisialdia hobea dela defendatzen duzuen ikasleak egonen zarete eta, bertzetik, gaur egungo aisialdia hobea dela defendatzen duzuenak.
Moderatzaile bat ere izendatuko dugu. Gogoratu ezin dela iraindu, ezin dela oihukatu, ikaskideak solasean ari direnean errespetatu behar direla, eta abar.