- Gaitasun komunikatiboa lantzea.
- Euskalkiak lantzea (Erdialdekoa)
- Blog batean iritzia ematea.
Artazuritzea
Helburuak
Gaiarekin hasi baino lehen, artazuritzeari buruz zer dakizuen ikusiko dugu. Zer erran nahi du? Zer egiten zen? Zertarako?
Ondoren, Leitzari buruz zer dakizuen ikusiko dugu:
Zer dakizue Leitzari buruz?
Han inoiz izan zarete?
Leitzar ospetsuren bat ezagutzen duzue?
Aurrezagutzak aktibatuta, gaia kokatu ondotik, bideoa ikusiko dugu.
c) Entzunaren ulermena
Bideoa ikusi eta gero, bikoteka galdera hauei erantzunen diezue:
1- Nor elkartzen zen artoa zuritzera?
2- Aziendei zer ematen zieten jateko? Grabazioan hiru gauza aipatzen dira, gutxienez bi zerrenda itzazu:
3- Nola pasatzen zuten ilunabarra? Hiru ezaugarri aipa itzazu.
4- Kantuan aritzen ziren?
5- “Bentara noa, bentatik nator” kantuaren bertze estrofa bat daki. Zer dakizu estrofa horri buruz?
Bukatzean, talde handian galderak zuzenduko ditugu.
Hurrengo jarduera Leitzako euskara lantzeko baliatuko dugu eta, horretarako, lehenbizi Leitza mapan kokatuko duzue gelako arbel digitalean. Hori egin eta gero, galdera hauei denon artean erantzunen diegu:
- Duen kokapenaren arabera, Leitzako euskarak nongo hizkeraren eragina du?
- Han inoiz izan bazarete, hango hizkeraren zer ezaugarrik eman dizue atentzio handien?
Bideoa berriz adituko duzue eta ezaugarri horiek dituzten hitzak zerrendatuko dituzue.
Bideoa ikusi ondotik, zerbait falta dela uste duzu? Zer? Zergatik?
“Bentara noa, bentatik nator” kantuari buruzko informazioa bilatuko duzue. Hona hemen balia ditzakezuen zenbait ideia:
1- Letra
2- Berriemaleak aipatzen duen eta falta den estrofa nola bilatuko zenuke?
3- Noren kantua da?
4- Noizkoa da?
5- Nork jaso zuen?
6- Zeri buruzko kantua da?
7- Nork kantatzen du?
Ondoren, lehenbizi, kantua adituko dugu (https://www.youtube.com/watch?v=ctsZIJ1znAw) eta gero, gazteendako blog batean kantuari buruzko iritzia emanen duzue. Horretarako, testu mota honek behar dituen puntuak birpasatuko ditugu:
- Izenburua
- Sarrera
- Argudioak: zer gustatu zaizuen eta zer ez, zergatik
- Ondorioa
Hurrengo jarduera Leitzako euskara lantzeko baliatuko dugu. Horretarako, lehenbizi Leitza mapan jarri beharko dute gelako arbel digitalean.
Mediatekak grabazio bakoitzaren azpiko aldean zer euskalki edo azpieuskalki den azaltzen du eta mapa eskura paratzen du. Dagoen tokiaren arabera, (Nafarroan, Gipuzkoarekin mugatzen) nongo hizkeraren eragina izaten ahal duen errateko eskatuko diegu ikasleei.
Ondoren, Leitzan inoiz izan badira, galdetuko diegu hango hizkeraren zer ezaugarrik ematen dien arreta gehien. Norbait herrian izan bada, edo lagunak edo senitartekoak baditu, segur aski erranen du hitz bukaerako -e dela bereizgarrietako bat edota pesta, aparie… erraten dutela. Bi adibide horiek baliatuko ditugu euskalkiei buruz azalpenak emateko:
– a > e bilakatzen da aurreko silaban i edo u bokalak baldin badaude: aita > aite, gorria > gorrie, guzia > guzie…
Ezaugarri hori Hego Euskal Herrikoa da, beraz, Iparraldean ez dugu -e hori adituko.
- Euskara batuan f letra duten hitz anitz p-z ahoskatzen dira: Pernando (Fernando), pesta (festa), aparie (afaria)…
Bi azalpen horiek jaso ondotik, berriz adituko dute bideoa eta ezaugarri horiek dituzten hitzak zerrendatuko dituzte:
– a > e: intxaurrek (intxaurrak), pentsue (pentsua), guzie (guztia), lan haundie (lan handia), mutil bet (mutil bat), liburu bet (liburu bat), gorri-gorrie (gorri-gorria)…
– f > p: aparie (afaria), pesta bat (festa bat)
Bigarren jarduera moduan, hausnarketa bultzatzeko asmoz, bideoan zedozer falta den galdetuko diegu ikasleei; izan ere, “Bentara noa, bentatik nator” kantuaz hitz egiten digu berriemaleak, berak ezagutzen duen bertze estrofa batez batez ere, baina bideoan ez du kantatzen.
Hortaz, kantu horri buruzko informazioa bilatzeko eskatuko diegu ikasleei. Zer bilatu behar duten argiago izan dezaten, ideia hauek eskura izanen dituzte:
1- Letra
Ikus daitekeen moduan, sarean bertsio bat baino gehiago topa ditzakegu:
Bentara noa
bentatik nator
bentan da nire gogoa
bentako arrosa krabelinetan
hartu dut amodioa.
Ez dakit zer dan neure maitea
ene aspaldiko bizia
gurina sutan oi dan bezala
urtu zait gorputz guztia.
Iturria: http://eu.musikazblai.com/herrikoiak/bentara-noa/
Bentara noa bentatik nator
Bentan dut nere gogoa
Ango arrosa krabeliñetan
Artu dut amorioa.
Ni ederretan zu galantetan
Nik ederretan gogoa
Ederretan den galantena da
Felisa presentekoa.
Ez dakit zer dan neure maitea
Ene aspaldiko bizia
Gurina sutan ai dan bezala
Urtu zait gorputz guzia.
Bentatik nator bentara noa
Bentan dut neure gogoa
Mosuan gerrian pikoa frango
Mosuan usain gozoa.
Iturria: https://www.badok.eus/euskal-musika/oskarbi/hitz-urri-batzuk/hitzak/8059-bentara-noa/
2- Berriemaleak aipatzen duen eta falta den estrofa nola bilatuko zenuke?
Mediatekan berriemalearen izen-deiturak eta herria paratuta, estrofa hori kantatzen ageri da berriemalea: https://www.mediateka.eus/eu/fitxategiak/79439/
3- Noren kantua da?
Areson bildu zuten, baina ez dakigu norena den, beraz, herrikoia izanen da segur aski.
4- Noizkoa da?
XIX. mendekoa da.
5- Nork jaso zuen?
Aita Donostiak eta Resurrección Maria Azkuek jaso zuten.
6- Zeri buruzko kantua da?
Amodiozkoari buruzkoa.
7- Nork kantatzen du?
Ezagunena Mikel Laboaren bertsioa da, baina gehiagok ere kantatzen dute, bertzeak bertze: Deloreanek, Sorozabalek…
Informazio iturriak:
- https://bdb.bertsozale.eus/web/doinutegia/view/1102-bentara-noa-bentatik-nator-i-bentati-nator-bentara-noa
- https://eu.wikipedia.org/wiki/Bentara_noa
Ondoren, lehenbizi, kantua adituko dugu (https://www.youtube.com/watch?v=ctsZIJ1znAw) eta gero, gazteendako blog batean kantuari buruzko iritzia emateko eskatuko diegu. Horretarako, testu mota hau lehenagotik landua duten arren, testuak behar dituen puntuak birpasatuko ditugu:
- Izenburua
- Sarrera
- Argudioak: zer gustatu zaien eta zer ez, zergatik
- Ondorioa
Bukatzeko, kantuari buruz ikasi duzuena laburbiltzeko eta zuen iritzia emateko asmoz, blog baterako iritzi testu bat idatziko duzue.