- Gaitasun komunikatiboa lantzea.
- Nafarroako ondare kulturalaren eta sozialaren berri izan eta lantzea.
- Diaporama baten bidez azalpen bat egitea.
Artilea
Helburuak
Hau orain garbituta daukat.
Baina ilea hartu eta non kontsegitze… zer egiten duzu?
Lehen garbitua daukat nik hau. Lehen egin behar izaten da ondo lehortu. Ondo lehortu eta gero, arindu baldin bada, ilea ez da hain ona izan.
Non lehortzen duzu, Agustin? Non lehortzen duzu, atarian?
Ez, barnean lehortu nuen, euria tokatu zuen egun hortan eta lehortu nuen barnean. Eta gainera, pasatu zituen lehortzen, hiru egun pasatu zituen.
A, bai, e?
Bai, eta ederki lehortu zen gainera. Eta garbitu ere ongi egin nuen eta ilea… zenbait ile izanez gero, bildotsarena edo…
Luze-luzea…
Bildotsarena edo libre izanez gero, errazagoa izaten da, baina…
A, klaro, luzeagoa beti hobea, ezta? Beti hobea.
Bai, hobea beti. Niri tokatu zait juntu samarra. Baina, honekin egin behar izaten da…
Zer zenuen, ardiarena?
Ardiarena, bai. Eta egin behar izaten da pazientzia pixka bat hartu.
Bueno, lasai!
Nik badaukat, bai, pazientzia!
Orduan ya está.
Pixkaka-pixkaka-pixkaka-pixkaka-pixkaka-pixkaka…
Orain egiten ari zarena da harrotu, ez?
Harrotu, bai, harrotu.
Eta garbitu, nola garbitzen da ilea?
Garbitzen da ilea, aurrena ur askorekin. Nik neukan, gainerakoan ez zegoen urik, baina nik neukan zera, kubo bat, hemen hormigoiarentzat jarritako kubo bat, nik hantxe garbitu nuen. Berrehun litroko, horrako, pertza zahar horietako bat.
Eta ez du behar ez xaboirik ez…?
Ezta ezer ez, ezta ezer ez. Eta han ederki garbitu nuen, eta zabaldu nuen eta ederki lehortu zen. Eta hori…
Eta orain harrotu.
Orain harrotu.
Gero, egin behar izaten da hau. Hau dago harrotua, hau dago harrotua.
Guata bezala gelditu behar da, ez? Gutxi gorabehera?
Orain, haria egiteko, haria egiteko hola, hartu poliki-poliki, behera hartu poliki-poliki, eta egin behar izaten da hola, behe neurritxo batean baina, hola, baina alderdi honetara, ni hola hartzera ohitua, orain egin behar izaten da hola jarri. Pazientziarekin, e?
Bai, bai. Erabat.
Guk… guk baino gehiago izaten zuten denbora batean, zuek bezalako neskek izaten zuten pazientzia denbora batean. Haiek egiten zituzten hauek. Hola.
Ari zara nolabait ere biltzen, ez?
Zerbait… orain jartzen, bai.
Eta eskuan…
Bueno, gaur jarri dut orain, eta orain, hau da nik hor jarri dudana. Hau. Orain biltzen da hau hola, hemen.
A, hola gelditzen da. Baina, ea…
Hola biltzen da orain.
Baina oso motza baldin baduzu zera? Haria?
Ikaragarri luzea, asko harrotuz gero luzea izaten da.
A, bai? Eta igual bata bestearekin itsatsi edo pegatu, ez? Edo…?
Bai, hola, hola, hola. Holaxe egiten da, bai.
Bale.
Holaxe egiten da, bai.
Artista, artista, e? Agustin?
Eta, egiten zituen lehenago… “goattik” (lokarriak) deitzen zitzaien, guata… egiten zen lehenago.
A, bai, lokarriak.
Lokarriak, hola egiten zituen.
Beltzarekin.
Beltzarekin, eta, baina, gainera, ardienarekin ez, baina behorraren isatseko ilearekin eta…
A, baita ere.
Orain bildu, ez?
Bai.
Luze samarra egiten dena bildu, ez?
Bildu.
Iraupena: 04:06
Hasi baino lehen, artilea egiteko prozesuari buruz galdetuko diegu:
Artilea nola egiten da?
Noizbait ikusi duzue artilea egiten?
Segur aski bakarren batek Orhipean, Baztandarren Biltzarra edo Erdi Aroko azokaren batean egon bada, ikusi izanen du artilea egiten. Dena den, prozesua inoiz ikusi ez badute ere, ardiari ilea moztu ondotik zer egin daitekeen pentsatzeko eskatuko diegu eta, hori egin eta gero, 2005ean bildutako grabazio bat ikusiko dugula erranen diegu.
Gaiari buruzko aurrezagutzak aktibatu ostean, berriemalearen herriari buruz zer dakiten ikusiko dugu:
Zer dakizue Gaintzari buruz?
Nafarroako mapan non kokatuko zenukete?
Han inoiz izan zarete?
Araitz non dagoen edo zer den al dakizue?
Gaintza Araitzeko kontzejuetako bat da, baina 1857ko errolda arte berezko udalerria izan zuen. Gipuzkoako mugan dago, Aralarko Malloen pean.
Araitz Nafarroa Garaiko iparraldeko udalerri bat da eta Leitzaldean, Gipuzkoarekiko mugan kokatua dago. Betelu 1694an banandu zen, eta bere udala osatu zuen.
Gelako arbel digitalaren laguntzaz, Gaintza mapan kokatuko dugu. Hortik abiatuta, hau da, kokapenari begiratuta, nongo hizkeraren eragina izanen duen galdetuko diegu ikasleei. Gipuzkoako mugan dagoenez, pentsatzekoa baita erdialdeko hizkeren eragina izanen duela.
Egindako hipotesiak zuzenak diren ikusteko, eta artilea egiteko prozesua nolakoa den ikasteko, bideoa ikusiko dute.
Bikoteka, entzunaren ulermena lantzeko galderei erantzunen diete.
1- Artilea egiteko prozesuak hainbat pauso ditu. Pauso horiek ordena itzazu:
Zenbakia |
Pausoa |
4 |
Ilea harrotu. |
2 |
Ilea garbitu. |
1 |
Ilea moztu. |
8 |
Egurrezko tresna baten laguntzaz, haria bildu. |
5 |
Ilea bildu, soka forma har dezan. |
6 |
Ilea eskumuturrean bildu. |
7 |
Bueltak eman, hari forma har dezan. |
3 |
Ilea lehortu. |
2- Non lehortzen zuten garbitutako artilea?
Etxe barruan lehortzen zuten.
3- Zenbat denbora behar izaten du ardi ileak garbitu ondotik lehortzeko?
Hiru egun behar izaten ditu.
4- Zein da errazagoa lantzeko: ile motza edo luzea?
Ardiarena luzeagoa izaten da eta, beraz, errazagoa lantzeko.
5- Zer xaboi erabiltzen da ardi ilea garbitzeko?
Ez da xaboirik erabiltzen, ur anitz behar da, bertzerik gabe.
6- Egin den haria motza bada, bertze zati batekin elkar daiteke?
Bai, bata bertzearekin itsasten ahal da.
7- Kolore beltza egiteko zer erabiltzen zuten lehen?
Ardi beltzen ilea edota behorren buztanarena.
Bukatzean, talde handian, denon artean galderak zuzenduko ditugu.
Google aurkezpenak edo PowerPoint erabilita, artilea egiteko prozesuaren berri eman beharko dutenez, lehenbizi, binaka jarrita, azalpen testu bat idatziko dute. Horretarako, denon artean azalpen testu batek dituen atalak birgogoratu eta arbelean eskema idatziko dugu:
- Izenburua
- Sarrera
- Prozesua pausoz pauso
Ondotik, aurkezpena osatzeko, haien Chromebookak erabiliz, informazio osagarria, bideoren bat gehiago eta argazkiak bilatuko dituzte. Musika ere paratzen ahal dutela azalduko diegu.
Aurkezpenak hagitz bisuala izan behar du, beraz, atalak ongi markatuta agertu beharko direla gogoraraziko diegu.
Ideiaren bat gehiago badute (adibidez, zer egiten den/zen artile horrekin), baloratuko zaiela erranen zaie. Originaltasuna eta txukuntasuna ere kontuan hartuko dira.
Prozesu guztia azaldu eta gero, aurkezpena prestatuko dute eta aurkezpen horretan oinarrituz, taldekideei aurkeztuko diete.