- Nafarroako ondare kulturalaren eta sozialaren berri izan eta lantzea.
- Euskarazko bertzelako euskarazko aste egunen eta hilabeteen izenak ikastea.
- Egutegi bat egitea.
Aste egunak eta hilabeteak
Helburuak
Hasi baino lehen, euskaraz aste egunak eta hilabeteak nola diren dakizuen ikusiko dugu, horiei erreferentzia egiteko bertze modurik ezagutzen duzuen.
Jolas modura, erronka txiki bat proposatzen dizuegu: gai izanen zinateke aste egunak atzekoz aurrera egiteko? Eta hilabeteak?
Gaiari buruzko aurrezagutzak aktibatu ostean, Luzaideri buruz zer dakizuen ikusiko dugu:
Zer dakizue Luzaideri buruz?
Nafarroako mapan non kokatuko zenukete?
Han inoiz izan zarete?
Aurrezagutzak aktibatu ostean, gelan bideoa proiektatuko dugu.
Banaka galdera hauei erantzunen diezue:
1- Berriemaleak nola erraten ditu osteguna eta ostirala?
2- Larunbatari nola deitzen dio?
3- Nola deitu dio abuztuari?
4- Nola deitu dio irailari?
Bukatzean, ahoz denon artean zuzenduko dugu.
Hilabeteak landuko ditugu lehenbizi. Horretarako, launaka jarrita, berriemaleak zerrendatutako hilabeteen izenak idatziko dituzue eta, hori osatzeko, Zuzeu webguneko Euskaldunon ilargi egutegia sarreran dagoen informazioa baliatuko duzue. Ikusiko duzuen moduan, hilabeteen izenek nekazal munduarekin lotura zuzena dute.
Helburua Euskal Herrian erabiltzen diren edo erabili izan diren formak ezagutzea denez, izen horiek jasotzeko eta Euskaltzaindiaren Hiztegian euskaraz nola idatzen diren eta onartuak dauden ikusiko duzue:
Urtarrila:
Otsaila:
Martxoa:
Apirila:
Maiatza:
Ekaina:
Uztaila:
Abuztua:
Iraila:
Urria:
Azaroa:
Abendua:
Zerrenda denon artean ahoz irakurri eta osatuko dugu.
Inguru euskalduna baduzue, etxean galde dezakezue hilabeteei nola deitzen dieten, ikasitako formaren bat ezaguna duten etxean.
Bigarren ariketan, hilabeteak deklinatzean egiten ditugun akatsak zuzendu behar dira, izan ere, kontsonantez bukatzen diren hilabeteak ez dira bokalez bukatzen direnak bezala deklinatzen. Jarraian ageri den ariketan, bikote bakoitzetik zuzena aukeratu behar duzue:
Zein da zuzena?
- Urtarrilan inauteriak ospatuko dituzte Iturenen eta Zubietan.
- Urtarrilean inauteriak ospatuko dituzte Iturenen eta Zubietan.
- Otsailean bazkaria eginen dugu.
- Otsailan bazkaria eginen dugu.
- Apirilean oporretan joanen gara.
- Apirilan oporretan joanen gara.
- Maiatzan lagunekin asteburu pasa joanen zarete.
- Maiatzean lagunekin asteburu pasa joanen zarete.
- Ekainean oporrak hasiko dira.
- Ekainan oporrak hasiko dira.
- Uztailan sanferminetara joanen gara.
- Uztailean sanferminetara joanen gara.
- Irailan ikasturtea hasiko da.
- Irailean ikasturtea hasiko da.
Hirugarren egitekoak asteko egunak lantzea du helburu. Hasteko, berriemaleak aipatutako aste egunen izenak zerrendatuko dituzue eta Euskaltzaindiaren Hiztegian ikusiko duzue onartuak dauden euskara baturako.
Webgune honetan Euskaldunen ilargi-egutegia izeneko idatzi hagitz interesgarria dago. Erdi aldera, “Euskarazko egun izenen esanahia” izeneko zatia irakurriko duzue, euskal astearen egunen etimologia edota jatorria ikusteko.
Bertan, halaber, berriemaleak aipatzen duen inakoitz ez, baina Behe Nafarroako irakoitz azaltzen da, nahiz Euskaltzaindiaren Hiztegian ez den horrelako formarik ageri.
Nafarroan eta Lapurdin ortzegun eta ortzirale erabiltzen dira. Bi hitz horiek euskara batuan onartutakoak dira. Hala ere, anitzetan, bigarrena gaizki erabiltzen da, anitzek uste baitute ostegun > ortzegun bezala, ostiral > ortziral dela eta, beraz, ortzirala agertu ohi da karteletan, egutegietan, agendetan, eta abar. Forma hori ez da zuzena, hiztegian garbi adierazten den bezala eta berriemaleak erabiltzen duen bezala idatzi behar baita: ortziralea, ortziralean, ortziraletik…
Ikasitakoa barneratu duzuen ikusteko, ariketa bat proposatzen dizuegu:
Jarraian ageri diren esaldietan, zuzenak aukera itzazu. Gogoan izan, multzo bakoitzean bat baino gehiago egon daitekeela ongi:
- Bihar, ostirala, azterketa izanen dute 4.Ako ikasleek.
- Bihar, ortzirala, azterketa izanen dute 4.Ako ikasleek.
- Bihar, ortziralea, azterketa izanen dute 4.Ako ikasleek.
- Ortzegunan Izaskunen urtebetetzea izanen da.
- Ortzegunean Izaskunen urtebetetzea izanen da.
- Ostegunean Izaskunen urtebetetzea izanen da.
- Ostirala honetan jaialdia ospatuko dugu.
- Ostiral honetan jaialdia ospatuko dugu.
- Ortziral honetan jaialdia ospatuko dugu.
- Ortzirale honetan jaialdia ospatuko dugu.
- Larunbata goizean elkartuko gara gaztelaniako lana egiteko.
- Larunbat goizean elkartuko gara gaztelaniako lana egiteko.
- Ostiral arratsaldean eta larunbat goizean eskaintza bereziak egonen dira Alde zaharreko dendetan.
- Ostiral arratsaldean eta larunbata goizean eskaintza bereziak egonen dira Alde zaharreko dendetan.
- Ortziral arratsaldean eta larunbat goizean eskaintza bereziak egonen dira Alde zaharreko dendetan.
- Ortzirale arratsaldean eta larunbat goizean eskaintza bereziak egonen dira Alde zaharreko dendetan.
Bukatzean, denon artean zuzenduko dugu.
Helburua binaka egutegi bat egitea denez, lehenbizi, denon artean dauden egutegi motei buruz hitz eginen dugu eta gero, binaka paratuta, ezaugarriak erabaki beharko dituzue:
Non paratzeko? |
Mahai gainean Horman: Din A4 edo Din A3 |
Zer argazkiz osatu? |
Gelakideen argazkiekin Norberaren inguruko argazkiekin Eskualdeko argazkiekin |
Zer egun markatu? |
Besta egunak Lagunen eta familiakoen urtebetetze egunak |
Zer hilabeterekin hasi? |
Irailarekin, ikasturteko egutegia egiteko. Urtarrilarekin, urte berriarekin |
Zenbat orri? |
Portada eta hilabete bakoitzeko bat Bakarra, bertan hilabete guztiekin |
Hori pentsatu eta gero, eskuz edo programaren bat erabiliz eginen duzuen erabakiko duzue. Ondotik, zein hilabete eta zein aste izen paratuko diozuen erabakiko duzue, bizi zareten edo lotura duzuen eskualdearen arabera bata edo bertzea aukeratuko baituzue.
Bukatzeko, egutegiak egiteari ekinen diozue.