- Nafarroako ondare kulturalaren eta sozialaren berri izan eta lantzea.
- Euskarazko bertzelako euskarazko aste egunen eta hilabeteen izenak ikastea.
- Egutegi bat egitea.
Aste egunak eta hilabeteak
Helburuak
Astelehena, asteartea, asteazkena, ortzeguna, ortziralea, “inakoitza” (larunbata) eta igandea. Edo larunbata ere erabiltzen dugu.
Gero, urtarrila, otsaila, martxoa, apirila, maiatza, ekaina, uztaila, agorrila, buruila, urria, azaroa eta abendua.
Iraupena: 00:16
Hasi baino lehen, euskaraz aste egunak eta hilabeteak nola diren galdetuko diegu ikasleei, horiei erreferentzia egiteko bertze modurik ezagutzen duten.
Jolas modura, bertze erronka hau proposatuko diegu: gai izanen zinateke aste egunak atzekoz aurrera egiteko? Eta hilabeteak?
Gaiari buruzko aurrezagutzak aktibatu ostean, Luzaideri buruz zer dakiten ikusiko dugu:
Zer dakizue Luzaideri buruz?
Nafarroako mapan non kokatuko zenukete?
Han inoiz izan zarete?
Aurrezagutzak aktibatu ostean, gelan bideoa proiektatuko dugu.
Banaka galdera hauei erantzunen diete:
1- Berriemaleak nola erraten ditu osteguna eta ostirala?
Ortzeguna eta ortziralea.
2- Larunbatari nola deitzen dio?
Inakoitza.
3- Nola deitu dio abuztuari?
Agorrila.
4- Nola deitu dio irailari?
Buruila.
Bukatzean, ahoz denon artean zuzenduko dugu.
Hilabeteak landuko ditugu lehenbizi. Horretarako, launaka jarrita, berriemaleak zerrendatutako hilabeteen izenak idatziko dituzte eta, hori osatzeko, Zuzeu webguneko Euskaldunon ilargi egutegia sarreran dagoen informazioa baliatuko dute. Ikusiko duten moduan, hilabeteen izenek nekazal munduarekin lotura zuzena dute.
Helburua Euskal Herrian erabiltzen diren edo erabili izan diren formak ezagutzea denez, izen horiek jasotzeko eta Euskaltzaindiaren Hiztegian euskaraz nola idatzen diren eta onartuak dauden begiratzeko eskatuko diegu:
Urtarrila: ilbeltz (Nafarroan eta Gipuzkoan), izotzil (Nafarroan)
Otsaila: zezeil (Bizkaian), barantail (Zuberoan)
Martxoa: epail (Hegoaldean)
Apirila: jorrail
Maiatza: lorail
Ekaina: garagarril (Nafarroan eta Gipuzkoan), bagil, arramaiatz (Zuberoan)
Uztaila: garagarril (Bizkaian), garil
Abuztua: agorril, dagonil
Iraila: buruila (Nafarroan eta Iparraldean)
Urria:
Azaroa: hazil (Lapurdin eta Behe Nafarroan), gorotzil (Zaharra)
Abendua: lotazil
Zerrenda denon artean ahoz irakurri eta osatuko dugu.
Inguru euskalduna duten ikasleei proposatzen ahal diegu etxean galde dezaten hilabeteei nola deitzen dieten, ikasitako formaren bat ezaguna duten etxean.
Bigarren ariketan, hilabeteak deklinatzean egiten ditugun akatsak zuzendu behar dira, izan ere, kontsonantez bukatzen diren hilabeteak ez dira bokalez bukatzen direnak bezala deklinatzen. Jarraian ageri den ariketan, bikote bakoitzetik zuzena aukeratu behar dute ikasleek:
Zein da zuzena?
- Urtarrilan inauteriak ospatuko dituzte Iturenen eta Zubietan.
- Urtarrilean inauteriak ospatuko dituzte Iturenen eta Zubietan.
- Otsailean bazkaria eginen dugu.
- Otsailan bazkaria eginen dugu.
- Apirilean oporretan joanen gara.
- Apirilan oporretan joanen gara.
- Maiatzan lagunekin asteburu pasa joanen zarete.
- Maiatzean lagunekin asteburu pasa joanen zarete.
- Ekainean oporrak hasiko dira.
- Ekainan oporrak hasiko dira.
- Uztailan sanferminetara joanen gara.
- Uztailean sanferminetara joanen gara.
- Irailan ikasturtea hasiko da.
- Irailean ikasturtea hasiko da.
Hirugarren egitekoak asteko egunak lantzea du helburu. Hasteko, berriemaleak aipatutako aste egunen izenak zerrendatuko dituzte eta Euskaltzaindiaren Hiztegian ikusiko dute onartuak dauden euskara baturako.
Astelehena
Asteartea
Asteazkena
Osteguna, ortzeguna
Ostirala, ortziralea (inakoitz ez da ageri)
Larunbata
Igandea
Webgune honetan Euskaldunen ilargi-egutegia izeneko idatzi hagitz interesgarria dago. Erdi aldera, “Euskarazko egun izenen esanahia” izeneko zatia irakurriko dute ikasleek, euskal astearen egunen etimologia edota jatorria ikusteko.
Bertan, halaber, berriemaleak aipatzen duen inakoitz ez, baina Behe Nafarroako irakoitz azaltzen da, nahiz Euskaltzaindiaren Hiztegian ez den horrelako formarik ageri.
Nafarroan eta Lapurdin ortzegun eta ortzirale erabiltzen dira. Bi hitz horiek euskara batuan onartutakoak dira. Hala ere, anitzetan, bigarrena gaizki erabiltzen da, anitzek uste baitute ostegun > ortzegun bezala, ostiral > ortziral dela eta, beraz, ortzirala agertu ohi da karteletan, egutegietan, agendetan, eta abar. Forma hori ez da zuzena, hiztegian garbi adierazten den bezala eta berriemaleak erabiltzen duen bezala idatzi behar baita: ortziralea, ortziralean, ortziraletik…
Ikasitakoa barneratu duten ikusteko, ariketa bat proposatuko diegu:
Jarraian ageri diren esaldietan, zuzenak aukera itzazu. Gogoan izan, multzo bakoitzean bat baino gehiago egon daitekeela ongi:
- Bihar, ostirala, azterketa izanen dute 4.Ako ikasleek.
- Bihar, ortzirala, azterketa izanen dute 4.Ako ikasleek.
- Bihar, ortziralea, azterketa izanen dute 4.Ako ikasleek.
- Ortzegunan Izaskunen urtebetetzea izanen da.
- Ortzegunean Izaskunen urtebetetzea izanen da.
- Ostegunean Izaskunen urtebetetzea izanen da.
- Ostirala honetan jaialdia ospatuko dugu.
- Ostiral honetan jaialdia ospatuko dugu.
- Ortziral honetan jaialdia ospatuko dugu.
- Ortzirale honetan jaialdia ospatuko dugu.
- Larunbata goizean elkartuko gara gaztelaniako lana egiteko.
- Larunbat goizean elkartuko gara gaztelaniako lana egiteko.
- Ostiral arratsaldean eta larunbat goizean eskaintza bereziak egonen dira Alde zaharreko dendetan.
- Ostiral arratsaldean eta larunbata goizean eskaintza bereziak egonen dira Alde zaharreko dendetan.
- Ortziral arratsaldean eta larunbat goizean eskaintza bereziak egonen dira Alde zaharreko dendetan.
- Ortzirale arratsaldean eta larunbat goizean eskaintza bereziak egonen dira Alde zaharreko dendetan.
Bukatzean, denon artean zuzenduko dugu.
Helburua binaka egutegi bat egitea denez, lehenbizi, denon artean dauden egutegi motei buruz hitz eginen dugu eta gero, binaka paratuta, ezaugarriak erabaki beharko dituzte:
Non paratzeko? |
Mahai gainean Horman: Din A4 edo Din A3 |
Zer argazkiz osatu? |
Gelakideen argazkiekin Norberaren inguruko argazkiekin Eskualdeko argazkiekin |
Zer egun markatu? |
Besta egunak Lagunen eta familiakoen urtebetetze egunak |
Zer hilabeterekin hasi? |
Irailarekin, ikasturteko egutegia egiteko. Urtarrilarekin, urte berriarekin |
Zenbat orri? |
Portada eta hilabete bakoitzeko bat Bakarra, bertan hilabete guztiekin |
Hori erabaki eta gero, eskuz edo programaren bat erabiliz eginen duten erabakiko dute. Ondotik, zein hilabete eta zein aste izen paratuko dioten erabakiko dute, bizi diren edo lotura duten eskualdearen arabera bata edo bertzea aukeratuko baitute.
Bukatzeko, egutegiak egiteari ekinen diote.