- Nafarroako ondare kulturalaren eta sozialaren berri izan eta lantzea.
- Biografia bat egitea.
Bertsolariak mirestu
Helburuak
Bertsolariek meritua badute, e?
Niretzako ikaragarria.
Bai. Ni al… ni alde batera naiz… jartzen dizute gaia, de Dios! Eta casa cristoko gauzak eta, haiek jakin egin behar!
Bai, bai, egun ona izan beharra daukate eta gero, gero gainera, e… errimak eta etorri behar e…
Baita.
Berezko zerbait behar da.
Behar du! Errima ere zenbat aldiz ez duzu… ez duzu, ez zaizu etortzen! E? Bertso zahar bat kantatzeko ere ni neroni eze… koño! hau ez zen bada boz honetan… e? Gero tap! jarriko zaizu.
Pelotan ere entrenatuta egiten dira pelotariak eta, bertsotan ere, ariz eta, hala behar du, e?
Iraupena: 00:57
Gaiari buruz zer dakiten ikusteko, denon artean ahoz galdera hauei erantzunen diegu:
Zer dakizu bertsolaritzaz?
Bertsorik bota edo idatzi al duzu inoiz?
Eta rapik?
Galdera horiei denon artean ahoz erantzun eta gero, tokiari buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu eta, horretarako, lehenbizi, Errazkini buruz zer dakiten ikusiko dugu:
Zer dakizue Errazkini buruz?
Han inoiz izan zarete?
Jarraian, bideoa proiektatuko dugu gelan.
Banaka galderei erantzunen diete:
1- Berriemalearen ustez, bertsolariek zergatik dute meritua?
Gaia jarri eta bat-batean bertsoa bota behar dutelako, errima jakin batekin, doinu jakin batekin. Horrez gain, edozein gairi buruz ere jakin behar dute erronkari aurre egiteko.
2- Berriemaleak zer zailtasun izaten du bertso zaharrekin?
Doinua ez du beti gogoratzen.
3- Berriemaleak zerekin konparatzen du bertsolarien prestakuntza? Zure erantzuna arrazoitu:
Pilotariekin, haiek ere entrenatu behar baitute.
4- Zer alde dago berriemalek aipatzen dituen bi bertso moten artean?
Bat, bat-batekoa da eta, bertzeak, aldiz, bertso zaharrak dira.
Bukatzean, denon artean zuzenduko dugu.
Gaztezuloko artikulu honetan raparen eta bertsolaritzaren arteko antzekotasunak eta aldeak aipatzen dira. Denon artean irakurriko dugu ozenki eta horren ondotik, binaka honako taula beteko dute:
Ezaugarriak |
Bertsoa |
Rapa |
Bat-batekotasuna |
X |
X |
Elkarren artean lehiatzeko erabili, ikusteko nor gailenduko den. |
X (garai batean) |
X |
Errima du. |
X |
X |
Neurriak zurrunak dira. |
X |
|
Kronika soziala egiteko balio du. |
X |
X |
Kritikatzeko balio du. |
X |
X |
1986ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian Andoni Egañak eta Anjel Mari Peñagarikanok botatako bertsoa musikatu zuen Negu gorriak taldeak. Garai hartan iraultzailea izan zen Fermin Mguruzaren taldeak egindako bertsioa, amonaren eta gaztearen arteko elkarrizketan, gaztearen zatia rapeatzen eman baitzuten. Jarraian, Bertso Hop kantua adituko dugu eta ikasleek hutsuneak beteko dituzte:
Gaia: Peñagarikanok gaur egundoko parranda egin du. Eta etxera etortzean, emaztearen ohean sartu ordez, Egaña, amonaren ohean sartu zara.
1. Egaña (amona)
Batetikan korrozka,
bestetik errena,
ohia okupatu du
hori da txarrena,
ez da pinta kabala
honek dakarrena,
galtzontzillorik gabe
ohean barrena,
pixkat gutxio edan
ezazu hurrena. (bis)
2. Peñagarikano (gaztea)
Gaur parrandan jo ta ke
hor dabil gizona,
lehenen pasilloa jo
ta gero komona,
uste nuen hau zala
nik nere moñoña,
laztantzen hasi naiz ta
ez da horren ona,
mozkorra nator eta
barkatu amona. (bis)
3. Egaña (amona)
Ez diot txartzat hartu
musuka hastea,
nahiz oraindik ez egon
holako gaztea,
ez da gauza ederra
buru eskastea,
hari tokatu behar
holako trastea,
martiri bihurtu du
bere emaztea. (bis)
4. Peñagarikano (gaztea)
Nun ibili naizen ni
esan det lehenago,
amonaren ondoan
ederki ez nago,
izan ere edan det
horrenbeste ardo,
gutxienez bazitun
hoitazazpi grado,
bota egin behar det eta
oñala nun dago? (bis)
5. Egaña (amona)
Ohean sartu zaigu
kolpera onduan,
lapur gaizto ta trakets
hoietxen moduan,
pixa egin ezazu
toki seguruan;
kordea banatzeko
hemen inguruan,
poltsa beroarekin
joko det buruan. (bis)
6. Peñagarikano (gaztea)
Poltsa beroarekin
hortxe jo nau danba!
Ni ez naiz lotsatuko
egia esanda,
amonan errezoa
holaxe izan da:
«Requiem est domine
virgo beneranda»,
gehio ez naiz etorriko
amona edanda. (bis)
Bukatzean, denon artean zuzenduko dugu eta, hori egin ostean, bertsoa gustatu zaien galdetuko diegu, ongi ulertu duten, zerk eman dien atentzioa… Izan ere, bertsoetan ahozko formak ageri dira, berez idatziari ez dagozkionak eta baliteke horrek ematea atentzio handien.
Bertso Hopi buruz gehiago jakin nahi izanez gero, erraterako, nola bururatu zitzaien bertso horiek rapeatuz musikatzea, bertsoikasgelaren webgunera jo dezakegu.
Raparen inguruan gehiago sakontzeko, aldiz, Bertsolari aldizkariko elkarrizketa hau baliatzen ahal dugu.
Bertsolaritzaz eta rapaz aritu garenez, bikoteka bertsolari edo rapero bati buruzko biografia bat egiteko eskatuko diegu.
Horretarako, biografia ereduak irakurriko dituzte, jakin dezaten nolako testua sortu behar duten. Hori bukatutakoan, binaka pertsona bat aukeratu eta berari buruzko informazioa bilatuko dute lehenik. Hautatutako pertsona hori sortu zenetik gaurdaino edo hil arteraino dagoen informazio nabarmenena agertu behar dela gogoraraziko diegu.
Hauek dira eskatuko dizkiegun gutxienekoak:
- Azala (Izenburua, zuen izen-abizenak, taldea eta data)
- Aurkibidea
- Izenburua
- Argazkia
- Non eta noiz sortu eta hil zen.
- Zer egin duen.
- Erabilitako informazio iturriak