- Nafarroako ondare kulturalaren eta sozialaren berri izan eta lantzea.
- Euskalkiak lantzea (Goi Nafarrera – Hego sartaldea)
Emaginak eta garai bateko erditzeak / Euskalkiak
Helburuak
Denak etxeetan jaiotzen zineten, ez?
Denak. Denak, bai.
Bazegoen emaginik?
Bai, bai. Zuen senitartekoa zen Lakuntzan, Lakuntzan bizitzen zen emagina, Elbira, bai. Orain semea hil zaie, bai. Akordatu nintzen zuetaz, e? Zeren senitartekoak izaten ziren zuen amarekin, Anttonenarekin, bai eta haren ama ibiltzen zen. Gero beste bat bazegoen e… Jonaneko Maria Jesusen amona, pues horiek ibiltzen ziren a la buena de Dios, dena ongi ateratzen zen.
Zuek etxean eduki zenituzten edo zuek ja amaetxera?
Ez… A! Guk? Guk? Guk?
Bai.
Bai, amaetxean denak, e? Denak amaetxean.
Zure belaunaldia ja izan zen… ja gutxi gorabehera aldatu zena??
Bai. Bai, bai, bai, aldatu zen. Aldatu zen, bai, bai, bai, bai. Osea que etxean jaiotzen zirenek badakizu, garbitasunean ere, pues e… kontua eduki behar zenuen. Eta gero jendea hasi zen pixka-pixka Iruñera, Iruñera amaetxera eta, pues hola izan genituen. Bi batera eduki nuen, eduki nituen eta, gero beste Iñigo hau, Lizarran dagoena, pues oi, pues que si de un asfixio, no asfixio, hola gelditu zen. Eta horrela konpondu gara. Bai.
Iraupena: 01:40
Lehenbizi, garai bateko erditzeei buruz zer dakiten galdetuko diegu:
Garai batean haurrak non jaiotzen ziren?
Etxean haurrak jaiotzen zirenean, nork laguntzen zuen?
Zer dira emaginak?
Horrelakorik aditu duzue inoiz?
Ondotik, Arbizu edota Sakanari eta bertako euskarari buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu, horrek lagunduko baitigu egin beharreko lana egokitzen, jakinen dugulako nondik abiatu behar dugun.
Arbizu Nafarroako mapan non kokatuko zenukete?
Sakana non dago?
Sakanako euskara inoiz aditu duzue?
Sakanako euskararen zer ezaugarri nabarmenduko zenukete?
Arbizu Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldeko udalerri bat da, Sakana eskualdekoa. Iruñetik mendebaldera 34 kilometrora dago.
Aurrezagutzak aktibatu ostean, bideoa proiektatuko dugu entzunaren ulermena lantzeko. Lan hori egin eta gero, berriz paratuko dugu bideoa, bertako hizkeraren ezaugarriak ateratzeko.
Bakarka, entzunaren ulermena lantzeko galderei erantzunen diete.
1- Garai batean, haurrak etxean zituztenean, nork laguntzen zuen erditzean?
Emaginak laguntzen zuen.
2- Berriemaleari zer iruditzen zaio etxean erditzea?
Ez zaio gustatzen, arriskua duelako, ez dagoelako garbitasun nahikorik, eta abar.
3- Jonaneko etxekoandrearen amonak non izan zituen seme-alabak?
Etxean izan zituen.
4- Jonaneko etxekoandrearen amonak erditzean arazorik izan zuen?
Ez, dena ongi atera zen.
5- Berriemaleak non izan zituen seme-alabak?
Ospitalean, berak “Maternidadean” erraten du.
Bukatzean, denon artean zuzenduko ditugu galderak.
Lanketa bikoitza du unitate honek: alde batetik, jorratzen den gaia landuko dugu eta, bertzetik, euskalkia bera.
Gaiari dagokionez, bikoteka ikerketa txiki bat egiteko eskatuko diegu. Horretarako, lehenbizi galderak prestatuko dituzte eta gero, etxean galdetuko dute nolakoak ziren garai bateko haurdunaldiak eta erditzeak. Galdetegia prestatzeari ekin baino lehen, ideia zaparrada eginen dugu denon artean:
- Garai batean nola jakiten zuten haurdun zeuden?
- Ekografiarik edo nolabaiteko jarraipenik izaten zen?
- Haurrak arazoak izanez gero, noiz jakiten zuten?
- Erditzea non eta nola izaten zen?
- Erditzean beti medikua egoten zen?
- Erditzean arazoak izaten ziren?
- Garai batean orain baino haur eta ama gehiago hiltzen ziren erditzean?
- Sinesmen anitz izaten ziren, adibidez, sabelaren formaren arabera, bereizten zuten neska edo mutila zen sabelean zegoen haurra; larruaren kolorearen arabera jakiten zen norbait haurdun zegoen, eta abar.
- …
Euskalkiari dagokionez, aldiz, bigarren aldiz ikusiko dugu bideoa, ikasleek apunta ditzaten Arbizuko euskararen ezaugarririk nabarmenenak. Ondoren, denon artean arbelean zerrendatuko ditugu.
Ezaugarri horiek guztiak aztertu eta sailkatzeko (antzekoak diren adibideak elkarrekin paratzen), ikasleak lauko taldetan banatuko ditugu.
- Bukaerako k galtzen da: zengati (zergatik, zeren)
- Soziatiboan (Norekin) -ki erabiltzen da: zuben amaaki (zuen amarekin) / Anttonenaki (Anttonenarekin)
- Bokal luzeak erabiltzen dira: amaaki (amarekin) / Iruñaa (Iruñera) / ataatzen tzen (ateratzen zen) / arreglatu gaa (arreglatu, moldatu gara)
- Hego Euskal Herriko ezaugarria da aurretik i edo u bokalak ageri badira, a > e bihurtzea: bei (bai) / Lakuntzen (Lakuntzan) / Maternidadien (Maternidadean)
- Bustidura indartsua da (ñ, tt, ll): Anttonenaki (Anttonenarekin) / idubi ziñuben (irudi zuen) / amiña (amona)
- Hiatoetan epentesia dago, b gehitzen baita: zuben parientia (zuen parientea) / akordatu nitzen zubetaz (akordatu nintzen zuetaz) / zuben amaaki (zuen amarekin) / kontu idu bi ziñuben (kontua eduki behar zenuen)
- Aditzetan ere y epentetikoa adituko dugu: semi il dakiyue (semea hil zaie) / izandu giñuzkiyen (izan genituen)
- Euskara nafarrean oa bokal multzoaren aitzinean g- garatu da: guai (orain)
- Aditz pleonastikoak erabiltzen dira: izandu giñuzkiyen (izan genituen)
- Beste erabiltzen da, ez bertze
- *j-ren ebakera [x] da: Jonaneko Mª Jesus / jaiotzen zienek (jaiotzen zirenak) / jendia (jendea)
Arestian erran bezala, bi dira proposatzen ditugun eginkizunak:
Alde batetik, Arbizuko hizkeraren ezaugarriak atera eta sailkatu ondotik, bideotik transkribatutako pasarte hauek euskara batuaz emateko eskatuko diegu ikasleei:
“Zuben parientia zen Lakuntzen, Lakuntzen bizitzen zen emagiña, Elbira, bei. Guai semi il dakiyue, bei. Akordatu nitzen zubetaz, e? Zengati parientik izaten tzien zuben amaaki, Anttonenaki, bei eta arren ama ibiltzen tzen. Geo beste bat bazen e… Jonaneko Maria Jesusen amiña, pues oik ibiltzen tzien a la buena de Dios, dena ongi ataatzen tzen. (…)
Itxen jaiotzen zienek badakizu, linpiezan ee badakizu, pues e… kontu idu bi ziñuben eta gero jendia hasi zen piska-piska Iruñeaa ta Iruñeaa maternida eta pues ola izandu giñuzkiyen”.
Zuen senitartekoa zen Lakuntzan, Lakuntzan bizi zen emagina, Elbira, bai. Orain semea hil zaie, bai. Akordatu nintzen zuetaz, e? Zergatik senitartekoak izaten ziren zuen amarekin, Anttonenarekin, bai eta haren ama ibiltzen zen. Gero beste bat bazen e… Jonaneko Maria Jesusen amona, pues horiek ibiltzen ziren a la buena de Dios, dena ongi ateratzen zen. (…)
Etxean jaiotzen zirenek badakizu, garbitasunean ere badakizu, pues e… kontuan eduki behar zenuen eta gero jendea hasi zen pixka-pixka Iruñera eta Iruñera amaetxera eta, pues hola izan genituen.
Bertzalde, bigarren zereginari begira, bikoteka haurdunaldia eta erditzeari buruzko galdetegia egin beharko diote norbaiti. Ondotik, ikasitakoa laburtuko dute eta gelakide guztien aurrean ahoz azaldu.