- Nafarroako ondare kulturalaren eta sozialaren berri izan eta lantzea.
- Albiste bat egitea bideoan aditutakoan oinarrituz.
- Onomatopeiak lantzea.
Errege bezpera
Helburuak
Errege bezperan? Bada, txintxarriekin ibiltzen ginen.
Txintxarriekin?
Gurutzatzen genituen. Ieu! ieu! Denak eta, etxez etxe, etxez etxe, etxez etxe eta, etxe bakoitzean kantuka atera behar zenuen.
Zer kantu?
Ka… kantatzen zen Eguberrietako kantua eta kantatzen zen, euskaraz dena. Eta, etxe atarian kantatu eta igual esan ahal ziguten: “Bueno, berriz kantatu, e? Gainerakoan, ez dizuet emanen zera, oparirik. Ez dizuet emanen.”. Eta berriz kantatu eta denak txintxarriekin hantxe, eta txintxarriak ikusten igual etxeko nagusia, eta denak eta, txikitxoa zenari igual esaten zioten: “Ep! Hau gure txintxarria duk! Hau nondik ebatsi duk!” eta negarrez igual bestea hasi eta. Oi, oi! Jaleo batzuk! Ikaragarriak! “Hau gure txintxarria duk, e? Hau nori ebatsi diok?”. Eta, majo izaten zen hura.
Eta kanta, gogoratzen zara? Kanta zein zen?
“Agur, agur…” ez da, nola esaten genuen? “Agur, Maria eta sortzez garbia” eta… kantatzen genituen holako zera batzuk.
Zerbait gogoratzen duzu?
Bai, bai, hori bai.
Gogoratzen duzuna…
“Agur, agur, Maria!
Sortzez garbia!”
Eta, hola kantatzen genituen. Bai, eta etxekoak, senar-emazteek eskuak joko zituzten, txalo, eta, gero emanen ziguten opari… zera hutsa… zera batzuk eta, beste etxera eta… izugarri majoa zen hura ere! Oso majoa!
Oso polita eguna.
Oso polita! Herri guztia txintxarrien soinuan eta! Gero, handiek, mutilek, bizkor antza zoazenak eta, haiek egiten zituzten joare handiagoak, eta, zapan! zapan! zapan! zapan! Eta zu holaxe, jarri eta haiei begira eta, gero zerorrenak begiratu eta txikiak zenituela, eta.
Baina… horiek, oso majoa zen! Ohitura hori.
Iraupena: 01:44
Hasi baino lehen, gaiari buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu:
Zer egiten da/zen errege bezperan?
Joareak eta txintxarriak zer dira?
Galdera horiei denon artean ahoz erantzun eta gero, tokiari buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu eta, horretarako, lehenbizi, Arraratsi buruz zer dakizuen ikusiko dugu:
Zer dakizue Arraratsi buruz?
Han inoiz izan zarete?
Arrarats Basaburuko kontzejua da. Errepidez joanez gero, 41 kilometrora dago.
Basaburua hamahiru herri eta etxaldek osatzen dute: Aizarotz, Arrarats, Beramendi, Beruete, Erbiti, Gartzarun, Igoa, Ihaben, Itsaso, Jauntsarats (herriburua), Ola, Orokieta eta Udabe.
Aurrezagutzak aktibatuta gaia kokatu ondotik, bideoa proiektatuko dugu.
1- Mutiko txikiek soinean zer jartzen zuten?
Txintxarriak.
2- Nola paratzen zituzten soinean?
Gurutzatuta; azaltzen ez badu ere, keinu bidez garbi azaltzen du hori.
3- Non barna ibiltzen ziren mutiko txikiak?
Herrian barna, etxez etxe.
4- Etxe bakoitzean behin kantatzen zuten? Zure erantzuna arrazoitu.
Ez, etxe batzuetan berriz kantatzeko eskatzen zieten, bertzenaz ez zietela saririk emanen.
5- Txikitxoei nola zirikatzen zitzaien?
Txintxarriak ebatsi zituztela brometan galdetuta.
6- Zer erran nahi du berriemaleak “majo izaten zen hori!” hitzekin?
Anitz gustatzen zitzaiola, ikaragarri polita zela.
7- Mutiko handiagoek ere txintxarriak paratzen zituzten? Zure erantzuna arrazoitu.
Ez, haiek joareak paratzen zituzten.
8- Joareek zer soinu egiten zuten adierazteko, zer onomatopeia erabiltzen du?
Zanpan, zanpan, zanpan!
9- Bukaeran aipatzen du txikia zenean zeri begiratzen zion. Azal ezazu.
Handiagoen joareei begiratuta, bere txintxarriak txikiagoak zirela dio.
Bukatzean, denon artean ahoz zuzenduko dugu.
Berriemaleak, joareen soinua adierazteko, zanpa onomatopeia erabiltzen du. Jarraian, koadroan dauden onomatopeia hauek zertarako erabiltzen diren erran behar duzue:
Erantzunak:
Erranahia |
Onomatopeia |
Irri egin |
Kar-kar |
Uretan ibili |
Plisti-plasta |
Oinez ibili, poliki ibili |
Ttipi-ttapa |
Distira baten soinua |
Dir-dir |
Puzkerraren soinua |
Turrut |
Oihal bat hausteanegiten den hotsa |
Tarrat |
Zerriak egiten duen hotsa |
Kurrin-kurrin |
Oilarrak egiten duen hotsa |
Kukurruku |
Otsoak egiten duen hotsa |
Ulu |
Bihotzaren taupaden hotsa |
Taup-taup |
Jan |
Mauka-mauka |
Diruaren hotsa |
Txin-txin |
Irakin |
Bor-bor |
Ahoz ahoz ibili |
Bolo-bolo |
Atea jo |
Kas-kas |
Edan |
Danga-danga |
Elur anitz ari duenean |
Mara-mara |
Onomatopeiak landu eta gero, bigarren egitekoari helduko diogu. Horretarako, albistea zertan datzan irakurriko dugu lehenik:
Albistea gertaera bati lotutako berria da, zer gertatu den azaltzeko, nondik norakoak azaltzen dituena. Kazetaritza klasikoan, honako galdera hauei erantzun ohi die albisteak: nor(k), zer, non, noiz eta zergatik. Batzuetan, baita nola galderari ere.
Gaur egun, ordea, ez da ezinbertzekoa beti-beti galdera horiei erantzutea, izan ere, gerta liteke bertze galdera batzuei ere erantzun behar izatea, mamia emateko: noren arabera, zertarako, zenbat…
Egitura lantzeko, lehenbizi, Interneteko edozein albiste hartu eta denon artean ahoz atzemandako ezaugarriak aipatuko ditugu. Hori egin eta gero, ikusitako atalak azpimarratuta dituen webgune honetako hiru adibide ikusiko ditugu.
Azkenik, orain arte ikusitakoa birpasatuko dugu eskema honen bidez:
Izenburua edo titularra
(letra handiagoz eta letra beltzez)
Data eta nork idatzi duen
(letra txikiz, ezkerrean)
Azpititulua
Testuko ideia nagusia biltzen ditu. Letra beltzez ematen da.
Gorputza
Nor(k), zer, non, noiz, zergatik eta nola azaltzen da, garrantzitsuenetik hasita.
Argazkia
Argazki oinean azaltzen da zer agertzen den argazkian eta argazkia nork egin duen. Letra txikiagoz.
Horrez gain, ez ahaztu:
- Datu zehatzak eman
- 3. pertsonan idatzi
- Ez eman iritzirik
Albisteen ezaugarriak eta egitura landu ondotik, bikoteka, bideoan ikusitakoa albiste bihurtuko dute. Idatzi eta gero, haien albistea gelakideei irakurriko diete.