- Nafarroako ondare kulturalaren eta sozialaren berri izan eta lantzea.
- Emotikonoen bidez esaera zaharrak irudikatzea.
- Esaera zaharren bilduma osatzea, bertze hizkuntzetako ordezkoekin eta irudiekin.
Esaera zaharrak / Eguraldia igartzeko sinesmenak / Ortzadarra
Helburuak
Ikusten duzularik “goiz gorri, arratserako haize hegoa edo euri” eta ikusten baduzu arrats gorri, “arrats gorri, bihar eguraldi”, bihar eguraldi ona. “Arrats gorri, bihar eguraldi”.
Igual hortik, beheiti horretan arrats gorri, “bihar denbora ederra diagu”.
Eta izarrekin? Bada zerbait ere ere bai… Izarrak juntu…
“Izarrak baldin badira… juntu, fit… ez, denbora kanbioa duk, fite denbora txarra diagu”. Hori aditu dut nik.
Eta, hor bada izarretan, lehengo aldian erran nizun Oilo koloka bortz txitorekin. Bai eta nik ezagutzen dut hori, zein den hori… denbora garbi delarik ikusten da.
Nola da Oilo koloka bortz txitorekin?
Izar bat bada, da… dira, ez dakit bortz edo sei diren denak, denak hurbil hola, eta bat erdian handixeago, izarra. Eta hura ondoan da oilo koloka. Bueno, norbaitek… pentsatuta. Bai, eta badu manera, bertzeak, txikiagoak dira bertze izarrak. Hor ikusiko duzu lainorik gabe eta dena egoten baita dena zerua azul-azula dena izar garbi, orduan ikusten da hori.
Eta Erregeak zer da?
Hiru errege, izarrak badira hiru. “Hara hiru erregeak non diren!” Gure ama aritzen zen: “Hara! Ikusten duzu?”. Gaspar, Meltxor eta Baltasar. Gure aitak ere… haiek ere ezagutzen ditut, bada, nik. E… hola egoten dira xux… hola. “Hara non diren Hiru erregeak!”.
Eta gero, erran zenuen lehengo aldian… hori, izarrak bakan egoten baldin badira?
Denbora ederra.
Eta zubian bezala? Hori nola da? Zubian bezala…
Ortzadarra? Axeriko ezkontzen? Axeriko ezkontzen? Puta! Erreka zoko batetik bertzera, hola. Eraztuna… hola, tipo honetan, hola, hola, erreka zoko batetik bertzera. Igual egiten du euri erauntsi bat, gero egiten da handik bertzeko… ez du arrunt euria behar, handik bertzeko eguzki pixka bat, gero berriz euri pixka bat, orduan agertzen da ortzadarra. “Hara! Axeriko ezkontzen! Axeriko ezkontzen!”.
Eta zer gehiago erraten diozue? Bi errekatatik… Hemen erraten duzue bi errekatatik… ura edaten ari dela… Hori erraten duzu?
Ba, ura edaten ez dakit. Hori denako… azeriko ezkontzan ere bi errekatatik hartzen da. Igual, urik gabeko errekak badira, urik gabekoak ere, hola, erreka zokoak. Eta hola.
Hori da, badakizu zer egin behar duen horrekin? Euria ere ez fuerte, beroa ere ez, igual euri pixka bat eta gero bero pixka bat, gero berriz igual bertze euri pixka bat eta orduan agertzen da hori. Axeriko ezkontzen.
Eta Santiagoko zubia zeri deitzen diozu?
Santiagoko zubia erraten zuen gure lehengo… hila da gizon bat, belarretan aritzen eta: “To! Orain ere Santiagoko zubia ez duk zuzen, denbora txarra fite diagu”. Dudarik gabe, behar du zuzen denbora ona izateko, orain, igual zu belarretan egiten dizu eguraldi ona beti, buelta bat zortzi egunero eta, Santiago zen hola beharrean, zuzen, hola okerrera. “Fite denboraren kanbioa duk”.
Iraupena: 03:53
Hasi baino lehen, gaiari buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu eta, horretarako, lehenbizi, esaera zaharrik ezagutzen duten galdetuko diegu.
Ondoren, eguraldia igartzeko bertzelako sinesmenik ezagutzen duten galdetuko diegu.
Jarraian, Erratzuri buruz zer dakiten galdetuko diegu ikasleei:
Zer dakizue Erratzuri buruz?
Han inoiz izan zarete?
Erratzu Baztango herri bat da, Iruñetik iparraldera, 60 kilometro ingurura dago.
Aurrezagutzetan solastatutakoa aitzakiatzat hartuta, Mediatekako pasartea proiektatuko dugu ikasgelan.
Bikoteka, galdera hauei erantzunen diete:
1- Zeruaren kolore gorriarekin bi esaera zahar aipatzen ditu. Aipa itzazu eta erranahia azaldu.
Goiz gorri, arratserako haize hegoa edo euri: goizez zerua gorrixka dagoenean, gauean hego haizea edo euria eginen du.
Arrats gorri, bihar eguraldi: arratsean edo ilunabarrean zerua gorrixka badago, hurrengo egunean eguraldi ona egiten du.
2- Izarrei begiratuta, eguraldia igartzeko sinesmen bat aipatzen du. Zertan datza?
Izarrak elkarren ondoan badaude, eguraldi aldaketa heldu da, laster edo fite denbora txarra eginen du.
3- Izarren multzoek edo konstelazioek izenak dituzte eta berriemaleak bi ezagutzen ditu. Erran nola duten izena eta deskriba itzazu:
Oilo koloka bortz txitarekin: erdian izar handiago bat, inguruan bortz edo sei izar dituena.
Hiru errege: hiru izar dira, lerroan goitik behera: Meltxor, Gaspar eta Baltasar.
4- Ortzadarrari nola deitzen dio?
Azeriak ezkontzen.
5- Berriemalearen ustez, ortzadarraren bi muturrak non egoten dira?
Bi erreketan, nahiz agortuak egon.
6- Belarrak egiten ari zirela, gizon batek “Santiagoren zubia” deitzen zion ortzadar okertuari. Zer gertatzen zen hori ikustean?
Eguraldi txarra heldu zela.
Talde handian, denon artean zuzenduko dugu.
Lehendabizi, esaera zaharren inguruan ariketa bat eginen dugu. Izan ere, euskal erranairu batzuk berritu ditu norbaitek eta WhatsApp bidez batetik bertzera ibili dira. Binaka, emotikonoen bidez adierazita dauden euskal esaera zahar hauek nola diren asmatu beharko dute:
Zenbakia |
Esaera zaharra |
4 |
Gustuko lekuan, aldaparik ez. |
6 |
A zer parea, karakola eta barea. |
8 |
Eguzkia eta euria, erromako zubia. |
2 |
Kaka aipatu eta usaina azaldu. |
5 |
Urak dakarrena, urak daroa. |
11 |
Kalean uso, etxean otso |
9 |
Eroriz ikasten da ibiltzen. |
10 |
Jan eta lo, beti potolo. |
1 |
Zozoak beleari, ipurbeltz. |
7 |
Egon hadi lo, eta jango duk mehe. |
3 |
Txapela buruan eta ibili munduan. |
Esaera zaharrei buruz gehiago jakin nahi izanez gero edota bertzelako ariketak egin nahi izanez gero, jarraian ageri diren webguneak baliatzen ahal dira:
https://eu.wikiquote.org/wiki/Euskal_atsotitzak#K Gotzon Garatek bildutako atsotitz batzuk, alfabetikoki ordenatuak.
https://euskaljakintza.com/ariketaguztiak/atsotitzak-lantzen/ Atsotitzak lantzeko hainbat ariketa ageri dira webgune honetan.
http://docplayer.es/28269586-Ariketa-1-whatsapp-atsotitzak-esaera-zaharrak.html Esaera zaharrak lantzeko ariketa gehiago.
http://haixeder.blogspot.com/2012/09/atsotitzak-edo-esaera-zaharrak.html Alfabetikoki, esaera zahar ugari ageri dira bertan.
https://blogak.eitb.eus/euskara/tag/esaera-zaharrak/ Esaera zaharak hilabeteka
https://albokari2.wordpress.com/2008/11/18/esaera-zaharrak/ 35 esaera zahar, gaztelaniazko itzulpenarekin
https://blogak.eitb.eus/euskara/2013/11/25/euskal-esaera-zaharrak-whatsappen/ EIBZk eskaintzen dituen hainbat azalpen eta material
Hurrengo ariketa bertso saio batean oinarritutakoa da. Bertso saio honetan Sustrai Colinak eta Jon Maiak bertso bidez esaera zahar bana azalduko dute eta Igor Elortzak asmatu behar du zein den erranairu hori. Ikasleei audioa paratuko diegu, baina ez dute bideoa ikusiko (edo bideoa ikusi behar badute, 01:29 minututik aitzina ikusi beharko dute). Zaila iruditzen bazaie, arbelean bi esaera zaharrak idatziko ditugu eta haiek erranen dute zein dagokion bakoitzari:
1- Itsuen munduan, begi bakarra alkate
2- Egon hadi lo, eta jango duk mehe
Azken ariketak ortzadarrarekin lotura du. Hasi baino lehen, galdetuko diegu ortzadarrari erreferentzia egiteko bertzelako modurik ezagutzen duten. Hori egin eta gero, Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasean ortzadar solasa ahoz nola erraten den bilatzeko eskatuko diegu:
Mapari begiratu eta adi irakurtzeko eskatuko diegu eta, horren ondotik, talde handian ahoz atentzioa zerk eman dizuen azalduko dute.
Binaka, emotikono bidez esaera zahar gehiago adieraziko dituzte. Horretarako, lehenbizi esaerak aukeratu beharko dituzte eta gero emotikonoak erabiliz adierazi. Ondoren, gelakideei paratuko dizkiete, asma ditzaten.
Adin honetan parranda eta ligatzea gustuko dutenez, parranda, mozkor, maitemindu… hitz gakoak sartuta, esaera zaharrak bilatzeko proposatzen ahal diegu. Horretarako, Gotzon Garateren Atsotitzak webgunean sartu, goian dagoen Kontsultak sakatu eta nahi diren hitz gakoak paratuz gero, hitz hori duten esaera zahar guztiak agertuko dira. Ezkerreko gezi gorriari sakatuz gero, berriz, erranairu hori bertze hizkuntza batzuetan nola erraten den agertuko da.
Bertze aukera bat izan daiteke, webgune honetan ageri diren moduko azalpenak osatzea aukeratutako esaera zaharrekin eta gelakide guztien artean bilduma bat osatzea.
Aurrekoarekin lotuta, bertze proposamen bat izan liteke marrazki bat egitea erranairuak dioena modu bisualean azaltzeko, jarraian ikus daitekeen gisakoa: https://www.atalak.eus/ikasgela-materialak/ahozko-literatura/atsotitzak-irudiekin.html