- Belaunaldien arteko transmisioa gauzatzea.
- Historia hurbila ezagutzea.
- Euskalkiak lantzea (Goi Nafarrera – Ipar sartaldea)
- Bideo labur bat egitea.
Francoren garaia eta hezkuntza
Helburuak
…bitartean ere ikasi nuen, baina eskolan, arratsetan, arratseko eskolara joaten ginen. Arratsetan ematen zuten mojek, eskola, bai. Eta gero herriko… zen medikuaren amatxi bat eta hark izaten zuen errukia eskolara joaten ez ginenotzat. Klaro, nire anaiak eta denak gerrara joan ziren eta gu gelditu ginen aitarekin e… lau gazteenak. Eta, pues klaro, eta gero eskolara etortzen nintzen, baina arratsetan eta horrela. Eta, gero… klaro, eskola, izaten zen garaia, ematen zutena arratsetan, eta hura akabatu zenean, pues e… klaro, bueno, ya está, baserrian berriz eskola gabe. Baina horrek, mediku horren amatxik, ematen zion pena, hasi izanen nintzen ikasten segituan han, denbora hartan, eta egunero eramaten ninduten medikuaren etxera. Joaten nintzen ordu bat eta… han irakasten zidaten. Han irakatsi zidaten e… leitzen, eta eskribitzen eta kontuak egiten, zatiketak bitartean. Eta, bueno, horiek ikasi nituenean, ya está.
Oi, ni gaztea nitzelarik eskola… akitua genuen, guk ez genuen, hamasei urtetan ez ginen eskolara joan. Gu bitarte bai joan ginen, gurasoen bitarte, hamalau urte bitarte igorri gintuzten, a la fuerza, eskolara. Gure gurasoak horretarako onak izan ziren. Eta bertzenaz, gainera, multa paratzen zuten orduan. Bai, ez baginen joaten, paratzen zuten multa. Multa pagatzen zuten anitzek, ez baitziren denak joaten. Eta, baina gu joaten ginen.
Komunio handia egin nuen, hamabi urtetan egiten zen orduan, eta hamabi urtetan komunio handia egiteko, beraiek egin zizkidaten arropak eta denak eta… ya está, orduan akabatu nuen. Baina horiek ikasi nituen nik.
Ni eskolan, batzuetan joa… bidaltzen ninduten, eta, bidaliz gero joaten nintzen gainera, joan gabe ni ez nintzen gelditzen. Baina, lanerako etxean gelditzen ninduten anitzetan eta ez nuen segitzen eskolara. Eta, eskola gutxi samar ika… ikasi genuen. Klaro, ardiak…etarako eta, geldiarazi ninduten igual. Anitzetan badakit, nik eskolara etorri nahi eta ardiak bordan sartzera joan beharra. Eta, aitak: “Bai, joan behar baduk eskolara ere, ardiak… ardiak sartu behar ditek”. Eta, bueno, ni galtza motzekin izaten nintzen eta bonbatxo luze batzuk bildu-bildu eginda ekartzen nituen eta herrian bazter batean uzten nituen eta gero joaten nintzen eta sartzen nituen ardiak eta biharamunean, nire ondoko baserrikoek ateratzen zituzten, berriz eskolara etortzen nintzen. Baina, ni neguan ibiltzen nintzen eskolan, ez nintzen gero lanak… behi aitzineko lanak eta hasiz gero, akabo nire es… nire eskolak akabatzen ziren!
Gero, hamasei urtetatik goiti, guk ez dakit, guk lan egin genuen, bertzerik ez.
Eta, eskolara, eskola guztia joaten eta anaiak joaten ziren a… bidaltzen zituzten. Ez zuten kasurik egiten! Ez baginen joaten, inork ez zuen kasurik egiten. Dotrinara bai, e? Hamaiketan zuzen. Kanpaiak jotzen zituzten, ttin!ttin! ttin! “Ala, segi agudo! Baina dotrinatik ateratzean, agudo etorri”. Eta joaten ginen, elizako beheitian eta irakasten zigun apezak dotrina, dotrina denak ikasi genituen, aski ongi gainera! bai, eta, a… eskola, eskolan hagitz gutxi, hagitz gutxi! Urte bat edo horrela joan izan banintz eskolara, baina… ez, gauezko hartara joaten ginen. E? Eta baziren, aizu, nire lagunak eta nire… zenbat dira baserri haietan baziren nire lagunak eta ni baino zaharragoak, eta denak orduan. Ni ere… gazteagoa eta haiek, zaharragoak eta denetarik, eta, denak eskolarik gabe gelditu ziren. Han gelditu ziren, gauezkoan, eta ya está. Eta, ben, baina nik horiek denak ikasi nituen, ni ere baita… Aita Santukoa ere erdaraz entendituko nuke!
Erdararekin gauza… gauzak galdetu eta, komunera joateko ere igual beldurka samar eginda lehenbizian, gero nolabait ere galdetzen genuen eta… ez, horretarako ona izaten zen gainera eta ez, ez, galdetzeko… galdetzeko problemak izaten genituen, seguro! Ez genekien eta! Problema… problemak izaten genituen.
Fija zaitez, nik hamar urtetan ez nekien batere erdaraz. Baina horiek, mantzurriano horiek denak baino azkarragoak gara gu, e? Hamar urtetan nik ikasi nuen erdaraz, ederki! Eta erraten dizut, defenditzen naiz izkina guztietan!
Iraupena: 04:26
Gaia kokatu eta aurrezagutzak aktibatzeko, txanponari ongi erreparatzeko eskatuko diegu ikasleei.
Zuek txanpon hori ez duzue ezagutuko. Segur aski nor den ere ez duzue jakinen! Nor da?
Garai hartan eskolako ikasketak gaztelania hutsean izaten ziren… ¡¡¡Silencio, empezamos!!!
Francoren garaiaz zer dakiten galdetuko diegu ikasleei. Hori egin eta gero, bertze galdera hauei erantzunen diete:
Zuen aitatxi-amatxiei edota herriko adinekoei aditu diezue nolakoa zen garai bateko eskola?
Zer ikasten zuten?
Noiz arte ikasten zuten?
Neskak eta mutilak elkarrekin egoten ziren?
Ondoren, Bidasoaldeari buruz zer dakiten ikusiko dugu:
Zer dakizue Sunbilla, Arantza edo Lesakari buruz?
Bidasoaldean izan zarete inoiz?
Gaiaren inguruan hitz egin ondoren, Mediatekako bideoa proiektatuko dugu ikasgelan.
Bideoa ikusi ostean, binaka galdera hauei erantzuteko eskatuko diegu:
1- Zerk harritu zaitu gehien?
Erantzun librea.
2- Lehen berriemaleak zenbat urte egin zituen eskolan?
Urte bakarra.
3- Lehen berriemaleak noiz ikasi zuen?
Arratsetan, bertze baserritarrekin batera, 12 urteak arte.
4- Nork ematen zien klase arratsetan?
Medikuaren amatxi batek, pena ematen ziotelako.
5- Lehen berriemaleak zer ikasi zuen?
Leitzen, eskribitzen eta kontuak egiten, zatiketak arte.
6- Bigarren berriemalearen etxeko haurrak eskolara joaten ziren? Zure erantzuna arrazoitu.
Bai, gurasoek behartzen zituzten. Gainera, joaten ez baziren, isuna ordaindu behar zuten.
7- Hirugarren berriemalea, gizona, beti joaten zen eskolara? Zure erantzuna arrazoitu.
Ez, etxean lagundu behar zenean, berak eskola joan nahi bazuen ere, eskola uztera behartzen zuten, ardiak bordan sartzeko, behien aitzinean lanean aritzeko, eta abar.
8- Lehen berriemalearen etxean zeri ematen zioten garrantzia?
Dotrinara joateari, eskola uztea ez zitzaien hainbertze inporta.
9- Hirugarren berriemaleak zer arazo zuen eskolan?
Ez zekiela gaztelaniaz eta beldurra ematen ziola erdaraz aritzeak; galderak egiteko arazoak zituen.
10- Lehen berriemaleak noiz ikasi zuen gaztelaniaz?
Hamar urterekin.
11- Zer erran nahi du lehen berriemaleak erabiltzen duen “mantzurriano” hitzak?
Erdaldunei, modu despektiboan deitzeko modua da mantxurriano.
Bukatzean, talde handian erantzunak denon artean ahoz zuzenduko ditugu.
Gelako arbel digitalean Bortziriak mapan kokatu ondotik, bertako euskararen hitz adierazgarrienak bereizteko eskatuko diegu ikasleei eta, horretarako, berriz adituko dute bideoa.
Ikasleek bildu dituzten hitzak arbelean idatziko ditugu (lekukoek erraten dituzten moduan) eta ondoren, Euskaltzaindiaren Hiztegian bilatuko dute hitz horiek onartuak dauden euskara baturako. Ariketa honen bidez, ikasleek ikasiko dute nafarrerazko hainbat hitz onartuta daudela euskara batuan. Bide batez, tokiko estandarra kontzeptua ere azalduko diegu ikasleei, jakin dezaten “euskalki batuan” ere idatz daitekeela.
Hiztegia:
arratsetan (arrastan erraten du) = iluntzeetan, ilunabarretan
amatxi = amona
leitu = irakurri
eskribitu = idatzi
goiti (gotti erraten du) = gora
erran = esan
bertze = beste
entenditu (enteintzen erraten du) = ulertu
paratu = jarri
hagitz = oso
Euskara batua eta. euskalkiak gaiaren inguruan gehiago sakondu nahi badugu, hausnartzeko aukera ematen duen testu hau ere irakurtzen ahal dugu ikasleekin:
https://www.berria.eus/paperekoa//040/002/2013-04-09/estua.htm
Azken jarduera moduan, interesgarria izanen litzateke ikasleei proposatzea haien senitarteko edo herriko adineko norbaiti elkarrizketa bat bideoz grabatzeko landutako gairen inguruan (eskola Francoren garaian). Horretarako, hiruzpalau laguneko taldetan banatuta, nor grabatzen ahal duten pentsatuko dute lehenbizi. Gero, galdetegia prestatu beharko dute. Bideoan aditutako alderdiei buruz galdetzeaz gain, bertzelako kontuak ere biltzen ahal dituzte. Horretarako, honako ideiak ematen ahal dizkiegu:
- Zer material izaten zuten eskolan?
- Zenbat irakasle izaten ziren?
- Neska-mutilek elkarrekin ikasten zuten?
- Zer ikasten zuten? Denek gauza berberak egiten zituzten?
- Zenbat lagun izaten ziren klasean?
- Klasera egunero joaten ziren?
- Zenbat urtera arte egoten ziren eskolan?
- Haur eta gazte guztiak joaten ziren eskolara?
- Nork jarraitzen zuen goi mailako ikasketekin?
- Klase partikularrik izaten zen?
- Debekatua zegoen euskaraz aritzea?
- Nolako zigorrak izaten zituzten?
- …
Testuinguru euskaldunik edota ahaide euskaldunik ez badute, azpitituluak baliatzen ahal dituzte gaztelaniazko bideoetan, betiere ideia orokorrenak laburtuz, ahotsak eta azpitituluak bat egitea ez baita beti erraza izaten. Horretarako, hainbat baliabide aurki ditzakegu Googlen, bertzeak bertze: https://eplazara.wordpress.com/2009/06/20/youtubeko-bideoetan-azpitituluak-jarri/
Azkenik, zer bideokamera edo zer sakelakorekin grabatuko duten erabaki beharko dute eta bakoitzaren egitekoa definitu: lekukoa bilatu, grabatu, galderak egin, ordenagailura pasatu, bideoa editatu…
Grabazioa arratsalde edo astebururen batean egin beharko dute eta, bildutako pasarteekin, zati interesgarrienak bildu eta gelan aurkezpen bat egin dezakete denen aitzinean.
Bertze aukera bat izaten ahal da Youtubera igotzea, interesa duenak ikusteko aukera izan dezan.