- Euskaraz koloreen erranahia, jatorria… lantzea.
- Ahozko aurkezpen bat egitea kolore baten inguruan egindako lanarekin.
- Horma-irudi bat egitea kolore baten inguruan egindako lanarekin.
Garai bateko emakumeen bizimodua
Helburuak
Orain iguala izanen da emakumeak eta nola mutilak eta ala neskatxak igual izanen zarete igual pixkatxoren bat pasatuak, de la raya, baina orduan zen eskas. Emakumeak, hantxe. Mezatatik atera, etxera. Bezperetara, bezperetara badakizu zer zen? Bezperetatik atera, etxera. Quieto. Juntatzen zen ondokoa eta hantxe solasean elkarrekin aritzen zen. Bestarik ez zuten deus ere, deus ere, deus ere izaten. Nire amak ez behinik behin. Eta, nire amak bezala, ondoko etxekoek. Hantxe solas egin eta akabo.
Orduko emakumeak bizi ziren, gaixoak, nik askotan esaten dut eta, pena emanda, e? Nire ama zenak. Hori bizimodu egitekoa! Mundura etorri, eta akabo. Lan eta lan eta lan eta lan, eta horrelaxe, quieto hortxetik; ez Iruñera, inora ere ez. Umeak izaten zituzten denboran, etxeetan izaten zituzten. Badakizu zuk hori. Arropa erosi behar bazuten, etortzen ziren, guk (?) esaten genien, arropak hartu bizkarrean, zera, eta maindire batzuekin lotu, eta beste batzuk etortzen ziren mandoarekin ere bai eta (?). Haiek etortzen ziren eta haiei erosten zizkieten arropak. Ya está.
Akabo.
Akabo. Gu mutiko zaharrak izanen ginen eta nik hemen ikusi nituenak, gero beste emakume batzuk, holaxeko tripekin, eta, denak haurra izateko, eta, hantxe ari lurrean, jorran eta fuego! Ja! Nola? Bigoa hartu eta belarrari buelta ematen, egun guztian hantxe. Eta, gero sardea hartu eta botatzen, ganbaran eta, hara, dena. Dena zen hola. Bu! Orduan gaixoak, ikusten zituzten emakumeek gorriak eta beltzak, bai! Ez orain bezalako dutxak eta orain bezalako gauzarik ez! Ohatzera joateko hankak pertza batean sartu, ur beroa, ura epel egin, han garbitu eta…
Eta listo.
Hori da. Zer kanbioa, e?
Hori zen ohitura? Ohatzera sartu…
Bai, bai, bai, bai. Gure ama zenak beti hankak garbitzen zituen ohatzean sartzeko. Bai, bai, hori beti, beti, beti. Paratu ur epela eta hotza, bien nahasketa egin, eta epel-epela jartzen zenean, hankak garbitu, ederki lehortu eta aurpegia pixka bat garbitu eta ohatzera.
Eta listo. Hori zen dena…
Eta listo. Hori zen dena. Ba! Eta gero, larunbatetan eta, ur epelarekin eta ezkutuan, ezkutuan beti, gorputz guztia garbitu eta, holaxe. Ez orain bezala, ez, dutxa bat hemen eta dutxa bat hor eta… e?
Iraupena: 02:44
Gaiari buruz zer dakiten ikusteko, denon artean ahoz galdera hauei erantzunen diegu:
Nolakoa zen garai bateko bizimodua?
Zer egiten zuten denbora librean? Zein izaten zen haien aisialdia?
Nora joaten ziren?
Koloreei buruz ariko garenez, horiei buruz mintzatuko gara:
Ile urdina erratean, zer kolorez ari gara?
Zer koloretako arropa janzten zuten lehen emakumeek ezkontzetan? Eta orain?
Katu beltzek zorte ona edo txarra ematen dute? Badirudi euskal kulturan zorte ona ematen zutela… Koloreak, beraz, kolorea bera baino gehiago dira euskaldunontzat.
Galdera horiei denon artean ahoz erantzun eta gero, tokiari buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu eta, horretarako, lehenbizi, Arraratsi buruz zer dakiten ikusiko dugu:
Zer dakizue Arraratsi buruz?
Han inoiz izan zarete?
Arrarats Basaburuko kontzejua da. Errepidez joanez gero, 41 kilometrora dago.
Basaburua hamahiru herri eta etxaldek osatzen dute: Aizarotz, Arrarats, Beramendi, Beruete, Erbiti, Gartzarun, Igoa, Ihaben, Itsaso, Jauntsarats (herriburua), Ola, Orokieta eta Udabe.
Aurrezagutzak aktibatu eta gero, bideoa ikusiko dugu gelan.
Galderei binaka erantzunen diete:
1- Zer egiten zuten emakumeek igande arratsaldeetan?
Bezpererata, mezara joan eta solasean aritu ondotik, etxera itzuli.
2- Zer erran nahi du “jolasean aritzen ziren” erraten duenean?
Solasean, hizketan aritzen ziren.
3- Emakumeen bizimodua nolakoa zen? Berriemaleak zer hitz erabiltzen du?
Bizimodu gogorra. Mundura etorri eta lan, eta lan, eta lan, eta lan…
4- Nora joaten ziren emakumeak?
Inora ere ez, etxean egoten ziren beti; etxean erditzen ziren, arropa saltzaileak etxeraino joaten ziren…
5- Non erosten zuten arropa?
Etxez etxe ibiltzen zen arropa saltzailea.
6- Saltzaile ibiltariak nola garraiatzen zituen gauzak?
Arropak bizkarrean hartuta eta maindire batzuekin lotuta.
7- Emakumeek zer egiten zuten haurdun zeudenean? Haien bizimodua aldatzen zen?
Ez, berdin jarraitzen zuten jorran, belarretan (buelta ematen, ganbarara goratzen…)
8- Berriemaleak nola adierazten du garai bateko emakumeek anitz sufritzen zutela?
“Orduan, gaixoak, ikusten zituzten emakumeek gorriak eta beltzak”.
9- Bere amak zer egiten zuen ohatzera joan aitzinetik?
Oinak eta aurpegia garbitzen zituen.
10- Non garbitzen zituzten oinak?
Pertza batean.
11- Nola eta noiz dutxatzen ziren?
Ez zegoen dutxarik, baina larunbatetan ezkutuan gorputza garbitzen zuten.
Bukatzean, denon artean zuzenduko dugu.
Berriemaleak gaixoak erraten du emakumeez ari denean. Euskaraz ez da generorik bereizten, ez bada bikote jakin batzuetan (anai-arreba, aitona-amona, errege-erregina…). Hala ere, izenondoen kasuan, batzuk gizonei dagozkie, bertze batzuk emakumeei eta bertze batzuk gizon zein emakumeei. Horiek bereizten jakinen zenuke? X paratu dagokion tokian:
Izenondoa | Gizona | Emakumea |
Gajo | X (Gip.) | |
Gaixo | X | X |
Gizajo | X (Lagun artekoa) | |
Gizagaixo | X | |
Tonto | X | X |
Tuntun | X |
Horrelako zalantzak argitzeko, Euskaltzaindiak Jagonet zerbitzua eskaintzen du. Bertan egindako galdera baten erantzuna ageri da, edonork ikusteko eta bertatik ikasi ahal izateko.
Egin berri dugun ariketa, erraterako, Jagonet-eko erantzun batean oinarritua dago:
Emakumeen bizimodu latzari erreferentzia egiteko berriemaleak dio emakumeek gorriak eta beltzak ikusi zituztela. Euskaraz koloreen munduari buruz gehiago jakiteko eta lehen jarduera moduan, EITBren bideo hau ikusiko dugu. Ikasleei arreta eman diena koadernoan idazteko eskatuko diegu eta bukatzean, denon artean komentatuko dugu zer iruditu zaien, zer ikasi duten, zerk eman dien arreta handien, eta abar.
Helburua da taldeka euskal kulturan kolore bakoitzak izan duen erranahia, jatorria, jasan dituen aldaketak, kantuetan dauden erreferentziak eta hitz jokoak… biltzea. Horretarako, hiruko taldeak egin eta bakoitzari kolore bana esleituko diogu: zuria, beltza, berdea, gorria, horia, urdina…
Lan hori burutzeko, bertzeak bertze, honako materiala erabil dezakete:
- Koloreak euskaraz izeneko aurkezpena.
- Txema Preciadoren Euskarak erakutsi koloreak ikusten liburuaren PDFa.
- Santurtziko euskaltegiak egindako laburpena: ahalmenak, koloreak eta zaporeak
Hirunaka egindako lana gelakideei aurkeztuko diete. Bukatzean, egokitu zaien koloreari buruzko horma-irudi bana eginen dute eta ikastetxeko pasabideetan paratuko dute.