- Euskalkiak lantzea: Goi Nafarrera: Aezkoa
- Piropoak lantzea.
- “Atera tekla” egitea: piropoak, aipamenak… kalean zabaltzea.
Garai bateko ezkontzak
Helburuak
Hasi baino lehen, ikus dezagun zer dakizuen jorratuko dugun gaiari buruz.
Nolakoak ziren garai bateko ezkontzak?
Zer jaten zuten?
Non jaten zuten?
Segur aski noizbait ezkontza baten argazki zahar bat ikusi duzue, nolakoa da argazkia? Nola agertzen dira ezkonberriak? Zer jarrera dute?
Zuriz ezkontzen ziren emakumeak?
Gaia kokatu ondotik, bideoa grabatu den tokiari buruz zer dakizuen ikusiko dugu:
Abaurregaina non dago?
Han inoiz izan zarete?
Jarraian, bideoa proiektatuko dugu gelan.
Binaka galderei erantzunen diezue:
1- Noren ezkontzaz ari da?
2- Non ospatu zuten ezkontza?
3- Nor joan zen ezkontzara?
4- Zenbat jende aritzen zen sukaldean?
5- Barridekoek zer lan egiten zuten?
6- Zer egunetan ezkondu ziren?
7- Berriemaleak zer lan egin zuen urteberri egunean?
8- Bordatik jaitsi zenean, zerk eman zion atentzioa?
9- Zertan ari ziren sukaldariak bezperan?
10- Ezkonbidaian joan ziren ziurta dezakegu?
Bukatzean, denon artean zuzenduko dugu.
Aezkoako euskara lantzen hasiko gara. Hori egiteko, bideoa berriz aditu eta banaka ezaugarri bereizgarrienak, atentzioa eman dizuetenak, koadernoan apuntatuko dituzue. Gero, binaka idatzi dituzuen hitz, egitura eta ezaugarriak komentatuko dituzue, eta, azkenik, denon artean arbelean idatzi eta azalduko ditugu.
Ezkontza baino lehen izaten dira elkar ezagutzea, maitemintzea, piropoak… Garai bateko eta egungo ligatzeko moduen artean alderik dago? Zein? 4-6 laguneko taldeak egin eta horri buruz hitz eginen duzue. Gero, denon artean komentatuko dugu zer aipatu duzuen talde bakoitzean.
Hurrengo ariketa gelakideei zerbait polita erratean datza. Horretarako, arestiko taldeak mantenduz, pertsona bati begiratuz, gainerakoek berari buruzko gauza on bat erran behar diozue. Txandaka eginen duzue hori, denek ikaskideek zuei buruz errateko dituzten gauza onak aditzen bukatu arte.
Jarraian, denon artean euskaraz piroporik ezagutzen edo erabiltzen duzuen komentatuko dugu; bide batez, ezagutzen ditugun piropoak ere aipatuko ditugu. Gaiarekin jarraitzeko, EITBren blog honetan zenbait piropo ikus ditzakegu.
Halere, asmoaren, egoeraren eta konfiantzaren arabera, gerta daiteke piropoak adituta norbait haserretzea. Hori garbi azaltzen du Miren Gorrotxategik Piropoak ez, eskerrik asko artikuluan. Antzeko ildoari heltzen dio Josebe Egiaren Losintxak eta piropoak iritzi artikuluak.
Alabaina, antipiropoak ere existitzen dira eta horren adibide garbiena Ikusi nuenean abestia da. Horrelako gehiago ezagutzen dituzue?
Sondikako euskara elkarteak hagitz egitasmo polita abiarazi zuen: hainbat gairi buruzko esaldiak kalean zabaldu eta doan banatu (maitasun esaldiak, piropoak, abestien aipamenak, zita filosofikoak…).
Jarraian, egitasmoa hobeki ulertzeko Atera tekla bideoa ikusiko dugu, hori izanen baita zuen egitekoa: piropoak, maitasun esaldiak, abestien aipamenak… aukeratu eta tekla moduan paperean ematea eta ikastetxean nahiz zuen herrietan edo auzoetan paratzea, nahi duenak har ditzan.
Adibide gisa, Sondikan egindako zenbait eredu ageri dira Aikor.eus webgunean.