- Euskalkiak lantzea: Goi Nafarrera: Aezkoa
- Piropoak lantzea.
- “Atera tekla” egitea: piropoak, aipamenak… kalean zabaltzea.
Garai bateko ezkontzak
Helburuak
Nire ahizpa zaharrena ezkondu zen hemen.
Hemen.
Hemen.
A! Hemen, e?
Eta gero, etxean, etxe… zahar horretan, pues… izan zen boda. Eta herri guztia gonbidatu zen.
Bai, e? Eta zuek egon zineten sukaldatzen edo… edo… ez dakit, norbait enplegatu zen sukaldeko… horretan aritzeko?
A, klaro, ekartzen ziren sukaldari batzuk. Aurrepeko bat eta hemengo harategikoa baita ere, zen ani… zera, baita ere, bi sukaldari. Eta gero, pues… laguntzaileak, laguntzaileak.
Eta sukaldaria zer aritzen zen?
A! Pues, gero baita ere pues barridekoek zerbitzatzen zuten mahaia eta… hala. Eta ontziak garbitu baita ere barridekoek! Bai, bai.
Bai, ez?
Bai, bai, bai.
Eta, klaro, zeren orduan kristoren plater pila bat eta…
Pues horregatik, horregatik. Horregatik, horregatik, bai, bai, bai, bai.
Eta zer izan zen bazkaria? Oroitzen zara zer bazkari izan zen orduan?
Ja! Pues bazkaria… ni ez naiz oroitzen. Ni oroitzen naiz bezperan, urte biharam… urteberri biharamunean ezkondu ziren eta ni urteberri egunean joan nintzen bordara, behietara. Baina, eta zen… pues erran dut zer data. Baina behiak “senarazi” puska bat eta atera nituen eta etorri nintzen etxera. Eta etortzen naiz eta zi… bortz harakai dilindan zeuden.
Jesus!
Hiru axuri eta bi ardi.
Hara!
Bai, bai, bai, bai. Hiru axeri… hiru axuri eta bi ardi dilindan zeuden. Ni horretaz oroitzen naiz. Eta, hara, gero pues bi… sukaldari baita ere, ja ari ziren ona… zera, labean zerbait egiten. Ez dakit zer egiten zuten ja labean. Biharamunerako aitzintzen zerbait.
Ja. Postrea eta…?
Pues e… ez naiz oroitzen zer, baina egiten ari ziren, bai, bai. Eta gero, pues bertze anitz emazteki laguntzen. Ni… ni gaztea nintzen eta ni ez nintzen hartan sartu, más que… oroitzen naiz ni horretaz.
Dilindan…
Bai, dilindan. Gainera egin zidan grazia ertaina.
Eta zer joan ziren, gero… eztei edo… eztei bidaian joan al ziren? Ez?
Naski ez.
Iraupena: 02:19
a) Aurrezagutzak aktibatu
Hasi baino lehen, ikus dezagun zer dakiten jorratuko dugun gaiari buruz.
Nolakoak ziren garai bateko ezkontzak?
Zer jaten zuten?
Non jaten zuten?
Segur aski noizbait ezkontza baten argazki zahar bat ikusi duzue, nolakoa da argazkia? Nola agertzen dira ezkonberriak? Zer jarrera dute?
Zuriz ezkontzen ziren emakumeak?
Gaia kokatu ondotik, bideoa grabatu den tokiari buruz zer dakiten ikusiko dugu:
Abaurregaina non dago?
Han inoiz izan zarete?
Abaurregaina Nafarroa Garaiko ipar-ekialdeko udalerria da, Aezkoa ibarrean dagoena, Iruñetik 70 kilometro ipar-ekialdera. Aezkoako, Nafarroako eta Euskal Herri osoko herririk garaiena da, ia 1.040 metrorekin.
Jarraian, bideoa proiektatuko dugu gelan.
Binaka galderei erantzunen diete:
1- Noren ezkontzaz ari da?
Bere ahizpa zaharrenaren ezkontzaz.
2- Non ospatu zuten ezkontza?
Haien etxean. Ondoko etxe batean dago eta orain etxe zahar bat da.
3- Nor joan zen ezkontzara?
Herri guztia gonbidatu zutela dio.
4- Zenbat jende aritzen zen sukaldean?
Bi sukaldari eta zenbait laguntzaile.
5- Barridekoek zer lan egiten zuten?
Mahaiak zerbitzatu eta ontziak garbitu.
6- Zer egunetan ezkondu ziren?
Urteberri biharamunean, urtarrilaren bian.
7- Berriemaleak zer lan egin zuen urteberri egunean?
Bordara joan zen behietara.
8- Bordatik jaitsi zenean, zerk eman zion atentzioa?
Bortz harakai ikusi zituen zintzilik: hiru axuri eta bi ardi.
9- Zertan ari ziren sukaldariak bezperan?
Biharamunerako zerbait aitzintzen, aurreratzen.
10- Ezkonbidaian joan ziren ziurta dezakegu?
Ezetz uste du, “naski ez” erraten baitu.
Bukatzean, denon artean zuzenduko dugu.
Aezkoako euskara lantzen hasiko gara. Hori egiteko, bideoa berriz aditu eta banaka ezaugarri bereizgarrienak, atentzioa eman dietenak, koadernoan apuntatzeko eskatuko diegu. Gero, binaka idatzi dituzten hitz, egitura eta ezaugarriak komentatuko dituzte, eta, azkenik, denon artean arbelean idatzi eta azalduko ditugu.
Erantzun posibleak:
- Aditz laguntzaileen bukaeran ez da -n ahoskatzen: ezkondu ze (ezkondu zen), izan ze (izan zen), inbitatu ze (gonbidatu zen), kartze zute (ekartzen zuten), ezkondu zire (ezkondu ziren), fa nitze (joan nitzen), etorri nitze (etorri nintzen), tzaude (zeuden)
- Hitz hasierako h > g ahoskatzen da: gen (hemen), etxe zar gortan (etxe zahar horretan), gala (hala)
- Sinkopa: atra (atera), beetra (behietara)
- Hiztegia:
- Harakai: iz. Haragitarako gizendu den aberea. (Euskaltzaindiaren Hiztegia)
- Tilinta: zintzilik
- Hirur: zenbtz. Ipar. eta Naf. Zah. Hiru. (Euskaltzaindiaren Hiztegia)
- Axuri: iz. Arkumea. (Euskaltzaindiaren Hiztegia)
- Aitzindu: aurreratu. Aitzindu, aitzin/aitzindu, aitzintzen (Euskaltzaindiaren Hiztegia)
- Emazteki: iz. Lap. eta BNaf. Emakumea. (Euskaltzaindiaren Hiztegia)
- Naski: adb. Ipar. Nire ustez. (Euskaltzaindiaren Hiztegia)
- Anitz zenbatzailearen ordena: bertze anitz emazteki (beste emakume asko)
Ezkontza baino lehen izaten dira elkar ezagutzea, maitemintzea, piropoak… Garai bateko eta egungo ligatzeko moduen artean alderik dago? Zein? 4-6 laguneko taldeak egin eta horri buruz hitz egiteko eskatuko diegu ikasleei. Gero, denon artean komentatuko dugu zer aipatu duten talde bakoitzean.
Hurrengo ariketa gelakideei zerbait polita erratean datza. Horretarako, arestiko taldeak mantenduz, pertsona bati begiratuz, gainerakoek berari buruzko gauza on bat erran behar diote. Txandaka eginen dute hori, denek ikaskideek haiei buruz errateko dituzten gauza onak aditzen bukatu arte.
Jarraian, euskaraz piroporik ezagutzen edo erabiltzen duten galdetuko diegu. Horren ondotik, denon artean komentatuko ditugu ezagutzen ditugun piropoak. EITBren blog honetan zenbait piropo ikus ditzakegu.
Halere, asmoaren, egoeraren eta konfiantzaren arabera, gerta daiteke piropoak adituta norbait haserretzea. Hori garbi azaltzen du Miren Gorrotxategik Piropoak ez, eskerrik asko artikuluan. Antzeko ildoari heltzen dio Josebe Egiaren Losintxak eta piropoak iritzi artikuluak.
Alabaina, antipiropoak ere existitzen dira eta horren adibide garbiena Ikusi nuenean abestia da. Horrelako gehiago ezagutzen dituzten galdetuko diegu.
Sondikako euskara elkarteak hagitz egitasmo polita abiarazi zuen: hainbat gairi buruzko esaldiak kalean zabaldu eta doan banatu (maitasun esaldiak, piropoak, abestien aipamenak, zita filosofikoak…).
Jarraian, egitasmoa hobeki ulertzeko Atera tekla bideoa ikusiko dugu, hori izanen baita gure ikasleen egitekoa: piropoak, maitasun esaldiak, abestien aipamenak… aukeratu eta tekla moduan paperean ematea eta ikastetxean nahiz haien herrietan edo auzoetan paratzea, nahi duenak har ditzan.
Adibide gisa, Sondikan egindako zenbait eredu ageri dira Aikor.eus webgunean.