- Deskribapen sekuentzia lantzea.
- Mintzamena lantzea.
Herria ezagutu
Helburuak
Iraupena: 02:35
Arbizun gaude. Arbizu Arañazko eskualdean dago eta Arañaz eskualdeak hartzen ditu bada Arbizu, Etxarri eta Ergoiena. Eta Ergoienaren barnean daude bada hiru herri: Dorrao, Lizarraga eta Unanu.
Arañaz eskualdea, eta Arbizu bera, noski, dago bi mendi-lerroren artean; alde batetik, Aralar eta, bestetik, Beriain. Eta Arbizu ez dago Iruñetik oso urruti.
Nire etxearen aurreko aldean, garai batean taberna izaten zen etxea dago. Eta, atzeko aldean, berriz, dago eliza eta Elizaren atzeko aldean, frontoia. Eta ezkerreko aldean, berriz, dago Arbizuko etxerik zera, altuena. Arbizuko Dorretxea deitzen zaio.
Ni Arbizukoa naiz eta Arbizun Konde zaharren etxekoa. Eta Arbizuko beste etxe batzuk bada dira: Kafearen etxea, Ostatuko etxea, Erreka ondoa, Ezkerraren etxea, Harginaren etxea… eta hola beste hainbat izen.
Hemen Arbizun denok euskaraz egiten dugu.
Hemen eguraldia oso hotza eta lainotsua izaten da. Aurreko egunean eduki genuen ilargi eklipsea eta ezin izan genuen ezer ikusi. Gehienetan lainoturik egoten da eta hilabeterik hotzena ilbeltza da. Eta, klaro, euri asko egiten duenez eta hezetasun handia dagoenez, bada basoan arbola asko dauzkagu: pagoak, haritzak, lizarrak, gaztainak, eta horrela beste asko.
Hasi baino lehen, aurrezagutzak aktibatuko ditugu eta, horretarako, Arbizu herriari buruz zer dakiten galdetuko diegu ikasleei:
Zer dakizue Arbizuri buruz?
Nafarroako mapan non kokatuko zenukete?
Han inoiz izan zarete?
Nola lor dezakegu informazio gehiago?
Arbizu Sakanako udalerri bat da eta Iruñetik mendebaldera, 34 kilometrora dago.
Azken galdera hori baliatuz, Mediateka webgunea aurkeztuko dugu gelan, informazio iturri berri moduan eskaintzen dizkigun aukerak azpimarratuz: zer euskalki, azpieuskalki edo mintzo erabiltzen duten, mapa, eta abar.
Ondoren, Arbizuri buruzko bideoa proiektatuko dugu gelan. Behin bideoa ikusita, horren inguruan ariko gara solasean. Lehenengo, talde handian ikusitakoa birpasatuko dugu, ideia nagusiak aipatu, sortu diren zalantzak guztion artean argitu eta deigarriak egin zaizkien elementuak aipatzeko eskatuko diegu ikasleei (euskalkiari buruz, hitz bereziren bat…).
Ondoren, talde txikietan banatu eta galdera hauei erantzunen diete:
1- Berriemaleak errandakoaren arabera, Arbizu non dago?
Arañaz eskualdean dago eta Arbizu, Etxarri eta Ergoiena hartzen ditu. Ergoienak, berriz, Dorrao, Lizarraga eta Unanu hartzen ditu.
2- Zer eskualdetan dago?
Sakanan dago.
3- Zer mendi aipatzen ditu?
Aralar eta Beriain (“Alar” eta “Begein” erraten du).
4- Iruñetik hurbil dago?
Bai, erraten du ez dagoela urruti. 34 kilometrora dago.
5- Zer eraikin dago berriemalearen etxe inguruan?
Garai batean aurreko aldean taberna zegoen, atzeko aldean eliza dago eta elizaren gibeleko aldean frontoia. Ezkerreko aldean, ordea, Arbizuko Dorre etxea (etxerik altuena).
6- Zer eguraldi egiten du Arbizun?
Hotza eta lainotsua.
7- Zein da hilabete hotzena?
Urtarrila, berak “ilbeltza” deitzen dio.
8- Eskualdeko zuhaitz motak aipatzen ditu. Gutxienez hiru zerrenda itzazu:
Pagoak, haritzak, lizarrak, gaztainak…
Azkenik, berriz ere talde handian elkartu eta galderen erantzunak denon artean zuzenduko ditugu.
Helburua haien herria ahoz deskribatzea denez, lehenbizi deskribapen hori prestatuko dute. Horretarako, DBHn deskribapen testuak behin baino gehiagotan landu dituztela kontuan hartuta, arbelean denon artean eskema hau osatuko dugu, ikasleek oinarri gisa balia dezaten:
- Izenburua
- Sarrera eta herriaren edo eskualdearen kokapena
- Nafarroan non dagoen
- Bere eskualdea zer herrik osatzen duten
- Zer mendi dagoen inguruan
- Eguraldia
- Biztanle kopurua edo herri handia/txikia den
- Toki garrantzitsuenak
- Ohitura bereziak
- Zein hizkuntza erabiltzen den
- …
Ikasle bakoitzak bere deskribapena prestatuko du eta, horren ondotik, bikotekideari aurkeztuko dio lehenik, hark bere ekarpenak, oharrak eta zuzenketak egiteko. Gero, rolak aldatuko dituzte.
Saioa akitzeko, ikaskideak errandakoa aintzat hartuz, deskribapena osatuko dute eta haien herriaren, hiriaren edo eskualdearen deskribapena ahoz eginen dute.