- Nafarroako ondare kulturalaren eta sozialaren berri izan eta lantzea.
- Driven azalpen testu bat egitea Iratiko trenbideari buruz.
- Bide berdeei buruz triptiko bat egitea.
Soldadu garaia, trenak eta bide berdeak
Helburuak
Ni soldadu nintzelarik zen gerra ondoan.
Klaro. Eta soldadu non egon zinen?
Non? Afrikan. Afrikan pasatu nituen hiru urte eta erdi.
Eta non?
Non? Larache, ez dakit aditu izan duzun, Larache eta Alcazarquivir. Horiek bietan.
Eta nola joan zineten hemendik? Trenez?
Bai, bai. Trenez, klaro. Hemendik Iruñera eta Iruñetik trenean, tren batzuk eta… aziendarekin ibiltzen zirenak, ja ere eserlekurik eta ja ere gabe. Eta oroitzen naiz Iruñetik eta… ez dakit non zen, hurbil, bazen ahotz pila eta hartu pakete zenbait eta bagoira.
Egiteko lo edo…?
Bai, bai.
Eta han zer egiten zenuten, Afrikan?
Afrikan? Pues e… ja ere! Zer egin behar genuen! Instrukzioa.
Instrukzioa.
Instrukzioa ikasi eta gero han egunero bueltaka.
Moroekin gora eta behera edo zer?
Bai, bai, instrukzio zerbait beti, egunero. Eta, ni egon nintzen e… eta… telefonoa hedatzen genuen kanpoan haria eta telefonoz deitu batzuk bertzera eta hala. Zerbaitetan…
Eta zenbat urte egon zinen?
Pues hiru, hiru pasaturik. Hiru… hiru pasaturik, bai, bai. Bazen… kanpoan, inguruan zen gerra, Alemania eta División Azul. Orduan eduki gintuzten pues igual… eman gogo zigutela kanpora, gerrara. Baina, eduki gintuen geldirik, ez gintuen inora bidali Francok.
Eta zera, ordaintzen al zen milian egunero edo? Ordaintzen al zen zerbait? Igual…
Bai, bai, e… zenbait ordaintzen zuten? Hamar sos.
Hamar sos.
Hamar sos egunean.
Iraupena: 02:12
Lehenbizi, gaiari buruz zer dakiten galdetuko diegu:
Gerraondoari buruz zer aditu edo ikasi duzue?
Zer da soldaduska?
Garai batean zenbat denbora pasatzen zuten soldaduskan?
Zer dakizue egun desagertuta dauden trenei buruz?
Ondotik, Ureta edo Erroibar udalerriari buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu:
Zer dakizue Uretari edo Erroibarri buruz?
Nafarroako mapan non kokatuko zenukete?
Han inoiz izan zarete?
Erroibar Nafarroa Garaiko iparraldeko udalerri eta ibarra da, Zangozako merindadearen ipar-mendebaldean kokaturik dagoena.
Herri hauek osatzen dute udalerria: Aintzioa, Ardaitz, Aurizberri, Bizkarreta, Erro, Esnotz, Lintzoain (herriburua), Loizu, Mezkiritz, Orondritz, Ureta eta Zilbeti. Horiez gain, jaurerrietako etxaldeak eta antzinako herri hustuak daude: Astigarreta, Oiaide edo Olaide, Orosa, Orosurgi, Urniza, Gurbizar eta Larraingoa.
Aurrezagutzak aktibatu eta gero, bideoa proiektatuko dugu entzunaren ulermena lantzeko.
Bakarka entzunaren ulermena lantzeko galderei erantzunen diete:
1- Berriemalea noiz joan zen soldadu?
Gerraondoan joan zen.
2- Non egon zen soldadu? Zenbat tokitan?
Afrikan, bi tokitan: Larache eta Alcazar Quibir.
3- Zenbat denbora eman zuen soldaduskan?
Hiru urte eta erdi.
4- Nola joan zen Uretatik Iruñera?
Trenez joan zen.
5- Eta Iruñetik Afrikara?
Trenez.
6- Nolakoak ziren bere trena eta bagoia?
Azienden trena zen eta ez zuen ez eserlekurik, ez ezer.
7- Trenean non egiten zuten lo?
Ahotz (“agotz” erraten du) pilatik pakete batzuk hartu eta bagoian ohe gisako bat egiten zuten lo egiteko.
8- Nola erraten du “pakete batzuk”?
Pakete zenbait.
9- Une hartan gerrarik zegoen?
Espainian bukatu zen arren, Alemanian gerran ziren.
10- Soldadu egoteagatik dirurik jasotzen zuten? Zenbat?
Bai, hamar sos.
Talde handian, denon artean zuzenduko ditugu erantzunak.
Hasi baino lehen, Ureta mapan kokatuko dugu gelako arbel digitalaren laguntzaz. Nondik abiatu zen ikusita, Afrikarainoko ibilbidea irudikatuko dugu.
Gero, haien Chromebookekin, Nafarroan Pirinioetatik Iruñera joateko zegoen trenari buruz ikertzeko eskatuko diegu, pista gehiagorik eman gabe. Horretarako, lauzpabortz laguneko taldeak eginen ditugu eta erranen diegu hitz gako posibleak pentsatzeko lehenbizi, eta, gero, dagoen informazioa irakurri eta egokiena bereiz dezatela. Ondotik, Driven karpeta bat sortu eta taldekideekin partekatuko dute, informazioa txukun paratu eta irakasleari bidaltzeko.
Egin beharreko lanean, trenari buruz gutxienez honako informazioa bildu beharko dute:
- Trenari nola deitzen zitzaion.
- Zein zen ibilbidea.
- Noiztik noiz arte ibili zen.
- Zer garraiatzen zuen.
- Egun bide hori erabiltzen den.
Argazki batzuk ere bila ditzaten eskatuko diegu, lana osatzeko.
Zangoza-Agoitz-Iruñea trenbidea, gaztelaniaz eta herri hizkeran El Irati izenez ere ezaguna, 1911 eta 1955 urte bitartean martxan izan zen trenbide elektrikoa izan zen, Europako lehenetarikoa. El Irati enpresaren zura Agoitzetik Iruñera garraiatzeko eraiki zen hasiera batean baina laster luzatu zen Irunberri eta Zangoza herrietaraino. Lehengaiak eta bestelako produktuak eramateaz gainera, bidaiariak ere garraiatzen zituen. Egun, Irunberriko arroilan ikus daitezke trenbidearen aztarnak, bertako bi tunelak trenbidea igarotzeko zulatu baitziren.
Bigarren jardueran, eta aurrekoaren jarraipen moduan, Nafarroan dauden Bide berdeen inguruko ikerketa egin eta triptiko bat sortuko dute. Horretarako, lehen jarduerako taldeak mantenduko ditugu eta Nafarroako bide berdeen inguruan informazioa lortu, moldatu, antolatu eta triptiko bat egiteko eskatuko diegu.
Triptikoak nola egiten diren jakiteko, lehenagotik gelara triptikoak ekartzeko eskatuko diegu, gero duten forma aztertu eta gustukoen duten egitura kopia dezaten guk emandako gaiarekin. Eredu gisa, dena den, honako triptikoak ere balia ditzakegu:
Jarraian ageri den aurkezpenean, triptiko bat egiteko hainbat azalpen ageri dira 8. orrialdetik aitzina: diseinatzeko dauden programak (11. or.), tutorialak eta txantiloiak (12. or.), eta abar.
Behin triptikoak aztertuta eta dauden baliabideak ikasleen eskura paratuta, taldeka Nafarroako Bide berdeei buruzko ikerketa eginen dute lehenbizi. Horretarako, informazioa bilduko dute, sailkatu, moldatu… Osatzeko argazkiak edota mapak ere bilatu eta prestatu beharko dituzte.
Testua prest dutenean, triptikoa diseinatu beharko dute. Eskuz zirriborro bat eginen dute eta erabaki zer paratu, non paratu, zer kolorerekin, zer argazkirekin, zer izenbururekin, eta abar. Ondotik, aukeran eman zaizkien programen artean bat aukeratu eta diseinatzeari ekinen diote.
Haien eskualdean Bide berderik badago, horren ingurukoa egin dezakete eta eskualdeak dituen aukerak azaldu, kanpotik heldu den edonork jakin dezan bertan zer egiten ahal duen.
Bukatzeko, aukera paregabea litzateke Gorputz Heziketako irakaslearekin Bide berderen batean bizikletaz ibiltzera joatea.
Denak bukatzean, ikastetxeko webgunera igotzen ahal ditugu.