- Haien inguruko izenei buruzko ikerketa egitea.
- Koaderno bat osatzea norberaren inguruko izenen jatorriarekin.
Haurren izenak
Helburuak
Hasi baino lehen, ikusiko dugu zer dakizuen jorratuko dugun gaiari buruz:
Garai batean, haurrei nork paratzen zien izena?
Zeri begiratzen zitzaion izena erabakitzeko?
Gaur egungo izenak, zuen gurasoen garaikoak eta zuen aitatxi-amatxiren garaikoak bezalakoak dira?
Ondotik, Zugarramurdiri buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu:
Zer dakizue Zugarramurdiri buruz?
Nafarroako mapan non kokatuko zenukete?
Han inoiz izan zarete?
Jarraian, egin ditugun hipotesiak baieztatzeko, bideoa ikusiko dugu gelan.
1- Garai batean, mutilei noren izena paratzen zieten?
2- Neskei, berriz, noren izena paratzen zieten?
3- Aitatxi eta amatxi aipatzen ditu. Nor dira pertsona horiek?
Talde handian, denon artean zuzenduko ditugu erantzunak.
Lanketa honek hiru zeregin ditu: batetik, aitatxi eta amatxi hitzen inguruan ikertuko duzue. Horren ondotik, norberaren izenari buruz eta, akitzeko, garai bateko eta egungo izenen konparazioa eginen duzue.
Lehen zereginari dagokionez, Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) ezagutuko dugu. Horretarako, gelako arbel digitalean, webgunea proiektatuko dugu eta bilaketak nola egin ikasiko dugu. Ezkerrean, Iragazkia atalean Zer paratzen duen tokian bilatzen ari garen hitza idatziko dugu eta agertuko zaizkigu Euskal Herrian ahoz erabiltzen diren aldaera guztiak.
Bi hitz hauek bilatu beharko dituzue: aitatxi eta amatxi. Lehenbizi, zer adiera duen erabaki beharko duzue, ez baita gauza bera bataioko amatxi, ezkontzako amatxi, adineko emakumea edota amona izatea.
Eskuineko aldean, berriz, hitz horren maparen PDFa ageri da. Hori azaldu eta gero, arbelean proiektatuko dugu, ahoz dauden aldaerak ikusteko eta zer forma ezagutzen duzuen jakiteko.
Bigarren egitekoa norberaren izenaren jatorriari buruz ikertzea izanen da. Hori egiteko, Euskaltzaindiaren Onomastika ataleko Pertsona-izenak ezagutu eta bertan zuen izenari buruz paratzen duena bilatuko duzue. Horrez gain, sarean bertzelako informazio gehiago bila dezakezue.
Azken jarduera garai bateko eta egungo izenen arteko aldeari buruz ikertzean datza. Horretarako, norberak bere familiaren izenenetan oinarrituta, zuen familiako kideen izenak hiru multzotan zerrendatuko dituzue, belaunaldiaren arabera:
– Aitatxi-amatxien izenak
– Gurasoenak eta osaba-izebenak
– Norberaren izena, anai-arrebenak eta lehengusu-lehengusinenak
Hori egin ostean, ikertu beharko duzue eta jakin nork paratu zituen izen horiek eta zergatik.
Egindako ikerketarekin koaderno bat osatuko duzue kolorezko orriekin. Lehenbizi, zuen izenari buruz ikasi duzuena paratuko duzue. Horren ondotik, zuen etxeko pertsonen izenen jatorriaren inguruko informazioa gehituko duzue: izenak zer erran nahi duen, nork paratu zien, zergatik paratu zien (aitatxiren edo amatxiren izena zelako, santuaren eguna zelako, halako mendiaren izena delako edo dena delakoa). Hori akitzerakoan, familia hurbileko kideen izenekin jarraitzen ahal duzue edota zuen lagunen izenekin.
Koadernoa osatzeko pertsona horien argazkiak txerta ditzakezue.