- Haien inguruko izenei buruzko ikerketa egitea.
- Koaderno bat osatzea norberaren inguruko izenen jatorriarekin.
Haurren izenak
Helburuak
Lehenago beti izaten zen, mutikoa baldin bazen, pues edo aitatxirena, neskak, amatxirena edo bertzenaz begiratu… egutegia begiratu eta zer izen zen, zer saindu zen egun hartan. Eta orduan egunaren saindua ematen zen.
Iraupena: 00:25
Hasi baino lehen, garai batean haurrak jaiotzen zirenean, izena nork eta nola aukeratzen zuten dakiten galdetuko diegu:
Garai batean, haurrei nork paratzen zien izena?
Zeri begiratzen zitzaion izena erabakitzeko?
Gaur egungo izenak, zuen gurasoen garaikoak eta zuen aitatxi-amatxiren garaikoak bezalakoak dira?
Ondotik, Zugarramurdiri buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu:
Zer dakizue Zugarramurdiri buruz?
Nafarroako mapan non kokatuko zenukete?
Han inoiz izan zarete?
Zugarramurdi Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldeko udalerri bat da. Baztandik eta Iparraldeko mugatik hurbil, Iruñetik 83 kilometrora dago.
Jarraian, egin ditugun hipotesiak baieztatzeko, bideoa ikusiko dugu gelan.
1- Garai batean, mutilei noren izena paratzen zieten?
Aitatxirena edo egutegiko saindu batena.
2- Neskei, berriz, noren izena paratzen zieten?
Amatxirena edo egutegiko saindu batena.
3- Aitatxi eta amatxi aipatzen ditu. Nor dira pertsona horiek?
Aitabitxi eta amabitxiak, besoetako aitatxi eta amatxi.
Talde handian, denon artean zuzenduko ditugu erantzunak.
Lanketa honek hiru zeregin ditu: batetik, aitatxi eta amatxi hitzen inguruan ikertuko dute ikasleek. Horren ondotik, norberaren izenari buruz eta, akitzeko, garai bateko eta egungo izenen konparazioa eginen dute.
Lehen zereginari dagokionez, Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) aurkeztuko diegu. Horretarako, gelako arbel digitalean, webgunea proiektatuko dugu eta bilaketak nola egin irakatsiko diegu. Ezkerrean, Iragazkia atalean Zer paratzen duen tokian bilatzen ari garen hitza idatziko dugu eta agertuko zaizkigu Euskal Herrian ahoz erabiltzen diren aldaera guztiak.
Gure ikasleek aitatxi eta amatxi hitzak bilatu beharko dituzte. Lehenbizi, zer adiera duen erabaki beharko dute, ez baita gauza bera bataioko amatxi, ezkontzako amatxi, adineko emakumea edota amona izatea.
Eskuineko aldean, berriz, hitz horren maparen PDFa ageri da. Hori azaldu eta gero, arbelean proiektatuko dugu, ahoz dauden aldaerak ikus ditzaten. Ondotik, zein forma ezagutzen duten galdetuko diegu.
Bigarren egitekoa norberaren izenaren jatorriari buruz ikertzea izanen da. Hori egiteko, Euskaltzaindiaren Onomastika ataleko Pertsona-izenak ezagutu eta bertan haien izenari buruz paratzen duena bilatuko dute. Horrez gain, sarean bertzelako informazio gehiago bila dezakete.
Azken jarduera garai bateko eta egungo izenen arteko aldeari buruz ikertzean datza. Horretarako, norberak bere familiaren izenenetan oinarrituta, haien familiako kideen izenak hiru multzotan zerrendatuko ditu, belaunaldiaren arabera:
– Aitatxi-amatxien izenak
– Gurasoenak eta osaba-izebenak
– Norberaren izena, anai-arrebenak eta lehengusu-lehengusinenak
Hori egin ostean, ikertu beharko dute eta jakin nork paratu zituen izen horiek eta zergatik.
Egindako ikerketarekin koaderno bat osatuko dute kolorezko orriekin. Lehenbizi, haien izenari buruz ikasi dutena paratuko dute. Horren ondotik, haien etxeko pertsonen izenen jatorriaren inguruko informazioa gehituko dute: izenak zer erran nahi duen, nork paratu zien, zergatik paratu zien (aitatxiren edo amatxiren izena zelako, santuaren eguna zelako, halako mendiaren izena delako edo dena delakoa). Hori akitzerakoan, familia hurbileko kideen izenekin jarraitzen ahal dute edota haien lagunen izenekin.
Koadernoa osatzeko pertsona horien argazkiak txerta ditzakete.