- Biraoak eta irainak lantzea.
- Biraoen eta irainen bilduma edo gida egitea.
- Ipuin edo antzerki bat egitea.
Ipuina: Astoa eta otsoa
Helburuak
Baduzu bertze ipuinen bat, Asto zaharrarena eta…
Asto zaharra, mukizu. Hori ere, haurrak ginenean kontatzen ziguten! Zer airearekin kontatzen ziguten! Izaten genuen osaba bat, berak erditsuak pentsatu eta kontatzen zituenak, eta: “Asto zaharra, mukizu!” eta gu hantxe, aditzen. Orduan ez genuen deus ere… bertze deus ere konturik, kontatzen zigutena. Bai. Eta hori, kantatu ez dugu… kantatu? Kantatua?
Nik lagunduko dizut nahi baduzu, oroitzen naizena…
Eta kantatua hor aterako da.
Kantatuko dugu biok, aterako gara biok…
Ba! Nik ere kantatuko dut. Baina, orain…
Kontatu, kontatu ipuina.
Bazen etxe batean, beherean, asto zahar-zahar bat erdi goseak bizi zena. Eta, lokarri handi batekin lotua egoten zen. Eta halako batean gogoratu zitzaion hura moztu eta joan behar zuela larrerat asetzera, beti goseak baitzegoen.
Eta, bere hortz handiekin moztu zuen hura, bere lokarri hura, eta joan zen. Eta larrean han ari zen jan eta jan eta jan, eta ohartu zen gaineko alde hartan ermita koxkor bat bazela, eta gogoratu zitzaion joan behar zuela harat.
Eta harat joan zen eta han harrapatu zuen belar berdea, ona! Eta ase eta han zegoen eguzkitan, “mandaloan” han zegoen eta etorri zitzaion otsoa. Eta otsoak pentsatu zuen: “Ooooi! Demontreko bazkaria dut gaur!”. Eta erran zion kantari:
– Agur, agur, astoko!
Eta astoak erantzun zion:
– Ongi etorri, otsoko!
Eta gero otsoak:
– Gaurko nire afari,
hire buru eta beharri.
Astoa jarri zen airean: “Ooooi! Hemen zer pasatu behar ote du?”. Eta orduan astoak erran zion:
– Han goitian artalde,
artzainik ez ditek batere.
Baldin joaten bazineke,
zikiro parea zenduke -erran zion.
Eta otsoak pentsatu zuen: “Ooooi! Hau, hau malizia handiarekin ari da!”. Eta orduan otsoak erran zion:
– Oinean diat arantze,
ezin frinkatu bezalaxe -ez baitzuen joan nahi harat, otsoak.
Astoa gero eta larriago, gero eta larriago zegoen, ez zekien nola eskapatu eta orduan erran zion:
– Han beheitian ermita,
meza entzun behar diat eta.
Eta orduan, distraitua zegoelarik joan zen eta katakun-katakun sartu, ermitako atea itxi zuen eta barrenean gelditu zen. Eta otsoak, karraskaka, ez zekien zer egin, haren beharria jateko kontua akabatua, eta orduan handik kantatu zion:
– Asto zaharra mukizu,
sobera malizi dakizu,
berriz erreka aldean
harrapatzen bazaitut,
meza entzuteko lanik
izanen ez duzu!
Zer polita den!
Bada, politak dira kontu horiek, e? Politak dira.
Norbaitek kontatu zidan, ez dakit Baztan aldean, hasi zen kontatzen baina ez zekien ongi ipuin hau, ja atzendua. Eta zu zara bakarra, nik ezagutu dudan bakarra, dakiena osorik. ipuin hau inork ez dit inoiz osorik kontatu. Zu zara ezagutu dudan bakarra osorik-osorik dakiena.
Iraupena: 03:42
Hasi baino lehen, ipuinen eta batez ere fabulen inguruan solastatuko gara:
Zer dira fabulak?
Animalia bakoitzak nolako ezaugarriak izaten ditu? Azeria nolakoa izaten da? Otsoa? Astoa?
Animalien arteko elkarrizketak kantari egiten dituzten ipuinik ezagutzen duzue?
Ezagutzen dituzun ipuinetan pentsatu: otsoa zenbatetan da protagonista?
Ondoren, Berari buruz zer dakiten ikusiko dugu:
Zer dakizue Berari buruz?
Han inoiz izan zarete?
Jarraian, bideoa proiektatuko dugu gelan.
Binaka jarrita, galderei erantzunen diete:
1- Nolakoa zen astoa? Bi ezaugarri aipa itzazu:
Zahar-zaharra zen eta beti gosetua egoten zen, beraz, segur aski argala izanen zen.
2- Zer egin zuen gosetua zegoen egun batean?
Lotzen zuen soka edo lokarria moztu eta larrera joan zen belar berde eta goxoa jatera.
3- Nola moztu zuen lotzen zuen lokarria?
Bere hortz handiekin hozkatuta.
4- Non harrapatu zuen belar berde eta ona?
Mendi gainean zegoen ermitaren ondoan.
5- Zer hitz erabiltzen du eguzkitan lo seko zegoela adierazteko?
Mandaloan.
6- Otsoak zer bazkaldu nahi zuen egun hartan?
Astoaren burua eta belarriak. Otsoak kantari dio: “Gaurko nire afari, hire buru eta beharri”
7- Berriemaleak zer erran nahi du “astoa jarri zen airean” hitzekin?
Hagitz urduri jarri zela.
8- Astoak, otsoaz libratzeko, zer proposatu zion?
Gorago artalde bat zegoela artzainik gabe eta hara joateko, zikiro parea lor zezakeela.
9- Otsoak zer aitzakia paratu zuen hara ez joateko?
“Oinean diat arantze, ezin frinkatu bezalaxe” erran zion, hau da, arantza bat zuela oinean eta ezin zuela hanka behar bezala paratu lurrean.
10- Egoera larrian ikusita bere burua, zein izan zen astoaren bigarren proposamena?
Beheitian zegoen ermitara meza aditzera joateko baimena eskatu zion otsoari.
11- Ermitara iristean zer egin zuen astoak?
Ermitako atea itxi eta otsoak libratu.
12- Zer onomatopeia erabiltzen ditu berriemaleak? Zertarako?
ooooooi!: Harridura adierazteko.
katakun-katakun: astoa ermitara korrika joan zela adierazteko
13- Otsoak, astoak engainatu zuela ikusita, nola deitu zion astoari?
Mukizu.
14- Otsoak “sobera malizi dakizu” hitzekin zer erran nahi du?
Malizia handiegia duela astoak.
15- “Berriz erreka aldean harrapatzen bazaitut, meza entzuteko lanik izanen ez duzu!“ esaldiarekin zer erran nahi du otsoak?
Harrapatzen duen hurrengoan zuzenean janen duela.
16- Ipuin honetan zerk eman dizu atentzio handien?
Elkarrizketak kantari egiten direla.
17- Zerbait falta da ipuin honetan?
Bukaera bat, hau da, “Hala bazan edo ez bazan…” gisakoren bat.
Zuzendu baino lehen, galderei erantzutea zaila iruditu bazaie, Lanketa ataleko lehen jarduera eginen dugu, bertan ipuina idatziz ageri baita. Hori zuzendu eta gero, berriz itzuliko gara galderetara, falta zaizkien edo zailak iruditzen zaizkien galderei erantzuteko. Bukatzean, denon artean zuzenduko dugu.
Lehenbizi, ipuina denon artean ozen irakurriko dugu. Irakurri ahala, atentzioa ematen dieten egiturak eta hitzak azpimarratzeko eskatuko diegu ikasleei.
ASTOA ETA OTSOA
Bazen etxe batean, beherean, asto zahar-zahar bat erdi goseak bizi zena. Lokarri handi batekin lotua egoten zen. Eta halako batean gogoratu zitzaion hura moztu eta joan behar zuela larrerat asetzera, beti goseak baitzegoen.
Bere hortz handiekin moztu zuen hura, bere lokarri hura, eta joan zen. Larrean han ari zen jan eta jan eta jan, eta ohartu zen gaineko alde hartan ermita koxkor bat bazela eta gogoratu zitzaion joan behar zuela harat.
Harat joan zen eta han harrapatu zuen belar berdea, ona! Eta ase eta han zegoen eguzkitan, “mandaloan” han zegoen eta etorri zitzaion otsoa. Eta otsoak pentsatu zuen: “Ooooi! Demontreko bazkaria dut gaur!”. Eta erran zion kantari:
– Agur, agur, astoko!
Eta astoak erantzun zion:
– Ongi etorri, otsoko!
Eta gero otsoak:
– Gaurko nire afari,
hire buru eta beharri.
Astoa jarri zen airean: “Ooooi! Hemen zer pasatu behar ote du?”. Eta orduan astoak erran zion:
– Han goitian artalde,
artzainik ez ditek batere.
Baldin joaten bazineke,
zikiro parea zenduke -erran zion.
Eta otsoak pentsatu zuen: “Ooooi! Hau, hau malizia handiarekin ari da!”. Eta orduan otsoak erran zion:
– Oinean diat arantze,
ezin frinkatu bezalaxe -ez baitzuen joan nahi harat, otsoak.
Astoa gero eta larriago, gero eta larriago zegoen, ez zekien nola eskapatu eta orduan erran zion:
– Han beheitian ermita,
meza entzun behar diat eta.
Eta orduan, distraitua zegoelarik joan zen eta katakun-katakun sartu, ermitako atea itxi zuen eta barrenean gelditu zen. Eta otsoak, karraskaka, ez zekien zer egin, haren beharria jateko kontua akabatua, eta orduan handik kantatu zion:
– Asto zaharra mukizu,
sobera malizi dakizu,
berriz erreka aldean
harrapatzen bazaitut,
meza entzuteko lanik
izanen ez duzu!
Erantzun posibleak:
Beherean: behean, behealdean
Gogoratu zitzaion: bururatu zitzaion
Larrerat: larrera
Mandaloan (ez da hiztegian ageri, baina hitzak iradokitzen digu “mando loan”, hau da, lotan ari zela)
Beharri: belarri
Frinkatu: hanka lurrean paratu
Izanen ez duzu: Iparraldetik hurbil dauden herrietan, ezezko partikula agertzean, hitzen ordena aldatzen ahal da.
Ipuinean, otsoa haserretzen denean, mukizu deitzen dio astoari. Euskaraz irain edo biraorik ezagutzen edo erabiltzen duzue? Arbelean denon artean irain eta biraoen zerrenda osatuko dugu.
Beti erran izan da euskaraz ez dagoela hitz zatarrik, hizkuntza garbia dela euskara. Baina, hori horrela da? Hurrengo jarduerari heldu baino lehen, bideo hau ikusiko dugu eta ezagutzen edota gustatzen zaizkien irainak edo biraoak jasoko dituzte.
Dagoneneko biraoen eta irainen zerrenda osatzen hasi dira eta hori osatzea eta bilduma edo gida bat egitean datza hurrengo jarduera. Horretarako, lau laguneko taldeak egin eta Imanol Epeldek egindako laneko lehen zazpi orriak irakurri eta gustuko dituzten edo erabiliko lituzketen birao eta irainak koadernoan edo Driven apuntatzeko eskatuko diegu.
Lan hori burutzeko, material gehiago ageri da jarraian:
- EITBren irratsaioa biraoen eta irainen inguruan.
- Goizuetako hizkera adierazkorra: biraoak (Peio Kamino, Patxi Salaberri eta Juan Jose Zubiri)
- Leitzako hizkera adierazkorra (Bittorio Lizarraga)
Bukatzeko, biraoak erratea osasunarentzat onuragarria omen dela dioen artikulua irakurriko dugu.
Egiteko bikoitza izanen dute ikasleek: batetik, taldeka haien birao eta irainen bilduma osatu eta gida bat eginen dute. Bertzetik, horko hitzak erabiliz, egoera bat pentsatu eta antzerki txiki bat eginen dute, ikasitakoa praktikatzeko.