- Taldeka kamishibai bat egitea Axularren ipuinetan oinarrituz.
Ipuina: Axular eta deabrua
Helburuak
Deabruarekin eskolatua zen hura. Ez duzue behin ere aditu istorio hori? Aditu duzu, ez?
A ver, kontatu, kontatu…
Eta, eskolatu zen baten arimaren alde eta hiru, hiru baziren. Sartu ziren leizean. Eta denak kalkuluan ari ziren, batek arima utzi behar zuen, ja eskola aski ikasia zuten eta ez baitzen zozoena Axular. Eta, hark pentsatu zuen: “Bo, aterako gaituk ilargi zuria den egun batez, ilargiak, eta, leizeko argia… argitzen zuen egun batez. Eta:
- Nola gara?
Eta:
- Nola?
- Bueno, ni joanen nauk, ni aterako nauk azkenik. Zuek eskapa zaitezte.
Eta bertzeak eskapatu ziren eta deabrua han zen bai, erne aski begira. Erran zion Axularrek:
- Lot hadi nire gibeleko horri.
Eta ez dakizu nor zuen gibelean? Bere itzala.
Itzala. Bai.
Eta, deabrua gelditu zen itzalarekin eta Axular eskapatu.
Eta geroztik Axular itzalik gabe zen, Axular apeza.
Hori poliki… poliki pentsatua da, e?
Iraupena: 01:16
Gaiari buruzko aurrezagutzekin hasiko gara lehenik:
Nor zen Axular?
Zer eginen zenukete itzalik ez bazenute?
Axularrek ez zuen itzalik. Zergatik? Jakin nahi duzue?
Ondotik, tokiari buruz mintzatuko gara:
Urdazubi ezagutzen duzue?
Han inoiz izan zarete?
Bertako leizeak ezagutzen dituzue?
Urdazubi Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldeko udalerri bat da, Zugarramurdi ondoan dagoena. Sara, Ainhoa eta Zugarramurdi herriekin batera Xareta elkartea edo azpieskualdea osatzen du.
Aurrezagutzak aktibatu eta gero, bideoa ikusiko dugu gelan.
Banaka galdera hauei erantzunen diete:
1- Zenbat lagun joan ziren eskolara leizera?
Hiru lagun.
2- Zeren truke edo zeren alde jaso zituzten klaseak?
Arima baten alde.
3- Axular azkarra zen? Zer erraten du berriemaleak berari buruz?
Bai, azkarra zen. Erraten du ez zela zozoena.
4- Zergatik utzi nahi zituzten ikasketak?
Nahikoa ikasi zutela uste zutelako.
5- Nola hitz egiten dute hiru lagunen artean?
Hiketan.
6- Nolako eguna behar zuten ihes egiteko? Ilargiak nola egon behar zuen?
Ilargi zuriko egun batean, leizean argia sartzeko.
7- Zer plan egin zuten?
Axularrek erran zien bera aterako zela azkena eta bere txanda heldu zenean, deabruari erran zion “lot ezak nire gibeleko hori”, hau da, bere itzala harrapatzeko.
8- Norekin egin zuten tratua arima baten alde ikasteko?
Deabruarekin.
9- Zer hitzekin engainatu zuen deabrua?
Lot ezak nire gibeleko hori.
10- Deabruak nahi zuena lortu zuen? Zure erantzuna arrazoitu.
Ez, Axularrekin itzalarekin gelditu zelako, ez bere arimarekin.
11- Istorioa gustatzen zaio berriemaleari? Zure erantzuna arrazoitu, berak erabiltzen dituen hitza baliatuz:
Bai, erraten duelako “hori poliki pentsatua da, e?”.
Bukatzean, aldamenekoarekin alderatuko dituzte erantzunak eta, hori egin ondotik, denon artean zuzenduko dugu.
Axular euskal literaturan erreferente nagusietako bat da, baina, Kirmen Uribek adierazten duen moduan, benetako pertsona eta idazlea izateaz gain, ipuinetako pertsonaia ere bilakatu zen. Irakur ditzagun Kirmen Uriberen hitzak:
“Gauza jakina da Barandiaranek Saran hartu zuela babes gerraostean. Eta bien bitartean hango jendeari kontu zaharrak biltzen ibili zela, hori ere bai. Ez zen geldirik egotekoa ataundarra. Axularri buruz ere galdetu zien herritarrei. Estimatzen zuen idazlea Barandiaranek. Konturatu zen, Pedro Agerre Axular, euskal idazlea, tradiziozko ipuinetan agertzen zela pertsonaia gisa. Benetako bizitzako pasarteak gogoan zituzten herritarrek, baina saratarren oroimenean legendazko izaki bilakatua zen sasoi bateko erretorea. Ipuinetako batean kontatu zioten nola Axularrek estudioak ikasi zituen Salamancan eta bertan deabrua bera izan zuela irakasle, haren leizean. Axularrek itzala galdu omen zuen horrela, deabruak lapurtu zion, ikasketen ordain gisa edo. Geroztik itzalik gabe bizi izan omen zen Urdazubiko idazlea. Eta itzalik ez izatea ez zen gauza ona, hilondoan zerura joan nahi bazenuen behintzat. Horixe kontakizuna.”
Gaiarekin jarraitzeko, itzalaren garrantziaz, erabileraz eta abarri buruz mintzo zaigu Ibon Egaña:
Itzala: bizitzaren eta heriotzaren ertzean
Testua: Ibon Egaña
Itzal luzea duen gaia da itzalarena literaturan. Izaera berezia baitu itzalak: argitasunarekin lotzen da, baina baita iluntasunarekin ere; egunarekin du zerikusia, baina baita gauarekin ere; geure-geurea da, eta aldi berean gugandik kanpo dago; gure lagun fidelena, baina etsairik egoskorrena ere izan daiteke. Misteriozko izaera horrek kezka, larrimina, egonezina sortu izan du aspaldidanik eta antzinatik egina du itzalak bere lekua literaturan.
Gure ahozko tradizioan, esaterako, ugari dira itzalaren inguruko ipuin, kontakizun, mito eta legendak. Argirik eza da itzala, iluntasuna; eta iluntasuna heriotzarekin lotu izan da gure kulturan. Beltza, ilunbea, heriotzaren sinonimo izan dira eta oraindik ere dira. Horregatik, itzala deabrukeriaren eta heriotzaren sinbolotzat agertzen da maiz ipuin tradizionaletan.
Horien artean, asko dira gurean Axular idazle urdazubiarraren inguruko istorio eta legendak, belaunaldiz belaunaldi, ahoz aho guganaino iritsi direnak. Axularren inguruko ipuinetan nahasi egiten dira benetako gertakariak eta fantasiazkoak: deabruaren eskolan ikasi zuela diote batzuek, Salamancan ibili zela besteek… Itzalik gabeko pertsonaia bezala agertzen zaigu sarri Axular, arimarik gabeko gizon bezala. Hara hemen Txema Larreak Ixtorio-mixterio andana bat (Pamiela, 1988) liburuan bildutako “Axularren itzala”:
Zugarramurdiko leizean hiru apezek ikasi omen zuten, arima baten truk, deabruaren eskolan. Don Juan, Atarrabio eta Axular omen ziren. Eskolak ikasi zituztelarik, leizetik atera nahi izan zuten, baina arima bat utzi behar zuten; Iduzkia (Eguzkia) zelarik nahi omen zuten atera. Behin, egun eder batean, hasi omen ziren ateratzen. Deabruak galdetu omen zien:
- Orain nor gelditzen da hemen?
Aurrekoak esan omen zion:
- Har ezak nire atzekoa.
Bigarrenak, aldiz:
- Har ezak nire atzekoa.
Hirugarrena Axular omen zen. Hark ere:
- Har ezak nire atzekoa.
Axularren gibeletik bere itzala baitzen, deabrua Axularren itzalarekin gelditu zen. Geroztik Axular itzalik gabe bizi omen zen.
Alabaina, jakina da itzalik izango bada, argia ere beharrezkoa dela. Argitasunak dakar itzala, eta iluntasunak, gauak, desagerrarazten du. Horregatik, bada itzala bizitzarekin lotu izan duenik ere. Itzala baita argia dagoen seinale, bizirik gauden seinale. Hala kontatzen digu Eduardo Galeano idazle uruguaiarrak bere Hitz ibiltariak (Txalaparta, 2000) liburuko “Itzalarena” ipuin laburrean.
Goiz hartan ikusi ahal izan zuen ordura arte ikusi gabe begiratutakoa: bere oinei atxikia, itzala zetzan, bere gorputza baino luzeagoa. Ibili, korrika egin zuen. Zapaldu, ostikatu, jo; baina itzalak, beraren hankak eta beraren besoak baino askoz bizkorrago, izkin egiten zion beti. Haren gainean jauzi egin nahi izan zuen; baina itzalak aurrea hartu zion. Zakar jiraturik, aurretik kendu zuen; baina atzetik agertu zen berriz. Zuhaitz baten enborraren kontra itsatsi zen, hormaren aurka kuzkurtu, ate atzean sartu. Bera non galdu, hantxe aurkitzen zuen itzalak.
Gero jakin zuen hodeiek, gauak eta eguerdiak itzala deuseztatzen dutela. Eta orobat jakin zuen itzala beti itzultzen dela, eguzkiak ekarria, eraztun bat atzamar bila bezala edo beroki bat gorputzerantz hegan bezala.
Eta ohitu egin zen.
Hazi zenean, berarekin batera hazi zen itzala. Eta hura gabe geratzeko beldurra izan zuen.
Eta joan zen denbora. Eta, orain, txikitzen ari dela, bere bizitzako egunen buruan, penaz dago, hil eta bera gabe utzi beharko duela-eta.
Argiaren eta iluntasunaren arteko mugan, bizitzaren eta heriotzaren arteko ertzean, izatearen eta ezerezaren arteko amildegian, hortxe dago itzala. Bizitzaren eta heriotza banatzen dituen errekastoa zein fina eta ahula den gogoraraziz.
Jarraian, Axularri buruz gauza gehiago irakurri eta ikasiko ditugu, ondotik sortu behar dugun kamishibaian txertatu ahal izateko. Gure kulturan ohikoa den moduan, pertsona anitzen ezizena haien sortetxetik dator; Axularri ere ezizena bere sortetxetik heldu zaio. Hori eta idazlearen inguruko bertze kontu anitz ageri dira Hotsik gabeko txirrina izeneko artikuluan.
Euskal literaturan idazle garrantzitsuenetako bat izateaz gain, ipuinetako pertsonaia ere izan dela ikusi dugu orain arte, baina ez hori bakarrik, izan ere, kantu bat ere baitu Axularrek: AXULARREN ITZALA – Euskal kantutegia.
Axular protagonista duten zazpi ipuin bildu zituen Jose Maria Larreak arestian aipatu dugun Ixtorio-misterio andana bat liburuko “Axularren aroa” atalean.
Zazpi talde egin eta bakoitzak ipuin labur bat irakurri eta kamishibai bihurtuko du, gero gelakideei irakurtzeko edo antzezteko. Horretarako, lehenbizi kamishibaiak zer diren eta nola egiten diren ikusiko dugu.
Ipuinak kontatzeko teknika japoniar bat da kamishibai eta kamishibai hitzak “paperezko antzerkigintza” erran nahi du. Teknika horrek hiru ezaugarri ditu:
- Kamishibaiak egiteko butai izeneko antzeztokia erabiltzen da.
- Kamishibaiak, istorioa eta irudiak izateaz gain, entzuleei begira dagoen narratzaile bat ere behar du.
- Kamishibaiaren orriek aitzineko aldean marrazkia eta gibelekoan testua dituzte. Irakurri edo antzeztu ahala, orriak atera eta sartzen dira.
Talde bakoitzak istorioa irakurri eta gero, osatu edo moldatuko du; bertze modu batez errateko, bere eginen du. Gero, istorioa idatzi eta zenbat zatitan banatuko duten pentsatu beharko dute ikasleek. Halaber, zati bakoitza marrazki bidez nola adieraziko duten ere adostu behar dute. Lan hori egitean, gelan ikusitako informazioa ere baliatzen ahal dute.
Orri txikiekin zirriborro bat egitea komeni da, kalkulatzeko testua non paratu behar den, lehen marrazkiaren atzean ez baita berari dagokion testua agertuko, azkenekoan baizik. Hori da, hain zuzen, kamishibaien alderdirik zailena.
Kamishibaia egin ondotik, gelakideei antzeztuko diete.