- Gaitasun komunikatiboa lantzea.
- Euskalkiak lantzea.
- Narrazioa lantzea: ipuin bat birmoldatzea.
Ipuinak/Euskalkiak
Helburuak
Behin omen zen mutiko bat izena zuena Martin, baina bere etxean esaten zioten Martintxo. Eta berari hori ez zitzaion asko gustatzen, zeren iruditzen zitzaion bada oso txikia zelako esaten ziotela.
Baina, egun batean, aitak esan zion astoa hartu eta joateko errotara, artoa eraman eta arto irina ekartzeko. Eta, eraman garia eta arto irina ekartzeko bueltan. Berak esan zion errotariari eta errotariak jarri zion zaku bat, handia, arto irinarekin eta beste zaku txiki bat gari irinarekin.
Orduan, bidean heldu zela, horiek asto gainean zituela, Martintxok pentsatu zuen: “Bueno, niri beti Martintxo; ni ja handia nauk eta jarri behar diat, zaku txiki hau kendu astoari eta nire bizkarrean”. Eta halaxe egin zuen, hartu zuen zaku txikia eta bizkarrean hartu zuen. Bizkarrean hartuta heldu zela, topatu zen bidean bere aldameneko nagusiarekin eta esan zion:
- Martintxo, Martxintxo, baina nora hoa zakua bizkarrean hartuta hor astoa daukakela?
- Bai, baina niri esaten didate Martintxo eta ni ez naiz mutiko txikia, ni ja handia naiz eta horregatik nik bizkarrean eramaten dut hau.
Eta orduan esan zion bere lagunak:
- Martintxo, Martintxo, utzi ezak zaku hori, jarri iezaiok astoari, zeren bizimodua atera behar baldin baduk etxe horretan, izango duk noiz hartua bizkarrean.
Eta orduan, hori aditu eta Martintxok beti gogoan izan zuen bere bizi guzian hark esandako ipun hura.
Iraupena: 02:31
Hasi baino lehen, gelako arbel digitalaren laguntzaz, Araitz eta Uztegi mapan kokatuko ditugu. Kokapenari begiratuta, Gipuzkoarekin mugan dagoenez, bertako euskararen ezaugarriren bat ezagutzen edo gogoratzen duten galdetuko diegu:
Kokapenari begiratuta, bertako euskarak nongo ezaugarriak ditu?
Ezaugarriren bat ezagutzen edo gogoratzen duzue?
Erantzun posibleak:
- a > e egiten dute aitzinetik i edo u bokalak badaude: aundie, iriñe, atte…
- Etorkizuneko adizkietan -go erabiltzen dute, erdialdean bezala: egingo, emango…
Aurrezagutzak aktibatu eta gero, bideoa bitan proiektatuko dugu gelan; lehenbiziko aldian, kontakizunaren nondik norakoei erreparatzeko eskatuko diegu eta, bigarrenean, berriz, euskalkiari dagozkion ezaugarriak apuntatzeko eskatuko diegu, hori izanen baita helburu nagusia: Araizko euskara lantzea.
Bakarka, entzunaren ulermena lantzeko galderei erantzunen diete.
1- Zerk kezkatzen zuen Martintxo?
Denek Martintxo deitu arren, bera handia zela eta hori erakutsi behar zuela.
2- Zertara bidali zuen aitak?
Errotara artoa eta garia ehotzera.
3- Errotatik bueltan zer eraman zuen Martintxok asto gainean?
Zaku handi bat arto irin eta zaku txiki bat gari irin.
4- Nola erranen zenuke zuketan nagusiak erraten dion “Nora hoa zakua bizkarrean hartuta hor astoa daukakela?” esaldia?
Nora zoaz zakua bizkarrean hartuta hor astoa daukazula?
5- Nagusiak zergatik egiten dio hiketan Martintxori?
Konfiantza duelako eta adin bertsukoa edo gazteagoa delako.
6- Martintxok hiketan erantzuten dio nagusiari? Zergatik?
Ez, segur aski bera baino zaharragoa denez, errespetua zor diolako.
Bukatzean, denon artean zuzenduko ditugu galderak.
Bideo honetatik abiatuz, bi gauza landuko ditugu: alde batetik, euskalkia bera eta, bertzetik, narrazioa.
Lehenbizi, Arraizko hizkera lantzeko, bigarren entzunaldian jasotako solasak, ezaugarriak, egiturak… arbelean idatziko ditugu. Ondoren, launaka jarrita, saiatuko dira arbelean agertu diren gauzak multzoka antolatzen, haien ustez antzekoak diren ezaugarriak elkarrekin paratuz.
Jarraian, ager daitezkeen batzuk zerrendatu ditugu, irakaslearen lana errazteko asmoz:
- Bukaerako k galtzen da: zengati (zergatik)
- Esan erabiltzen du, ez erran: esaten tzien (esaten zioten), esan tzion (esan zion), esaten die (esaten die)
- Bokal luzeak erabiltzen dira: errotaa (errotara), garii (garia)
- Adizki pleonastikoak ageri dira: arto iriñe ekarritzeko (arto irina ekartzeko)
- a > e egiten dute aitzinetik i edo u bokalak badaude: garie (garia) / zaku bat aundie (zaku bat handia) / gari iriñekin (gari irina) / mutiko ttikie (mutiko txikia) / artue (artoa)
- u beharrean, o egiten dute batzuetan: eldo zela (heldu zela) / izango dok (izango duk)
- Bustidura indartsua da (ñ, tt, ll): gañean zittula (gainean zituela) / zaku ttiki bat (zaku txiki bat) / mutiko ttikie (mutiko txikia) / beiñ emen tzen mutiko bat (behin omen zen mutiko bat)
- *j-ren ebakera [x] da: jarri bear det (jarri behar dut) / jarri aioik astoai (jar izezaiok astoari)
- Honelako erakusleak erabiltzen dira: arrek esandako (har esandako) / ipui ue (ipuin hura)…
Ondoren, bildu dituzten ezaugarri ezagunenak edo bereizgarrienak Nafarroan non erabiltzen diren kokatuko dute.
- Esan eta erran aditzen muga Zubietan eta Saldiasen dago, beraz, horretan oinarrituta, herri horietatik Leitza alderako herri bat dela ondoriozta dezakegu, Gipuzkoako mugatik hurbilekoa.
- Hego Euskal Herriko ezaugarria da a > e bihurtzea aitzinetik i edo u bokalak daudenean.
- Leitza, Larraun… inguruan hitz bukaeran u > o bokal irekidura gertatzen da, beraz, horrek erakusten digu gutxi gorabehera zer eskualdetakoa den hizkera hori.
Euskalkiak lantzen ari garenez, euskalkien bi mapak paratuko ditugu arbel digitalean, ikusteko zer alde dagoen Bonaparteren eta Koldo Zuazoren mapen artean.
Bukatzeko, eskualdea identifikatu eta ezaugarri guztiak aztertu ondoren, ondorioztatuko dute erdialdeko hizkera dela.
Arestian aipatu dugun moduan, bigarren lanketak narrazioarekin lotura du. Ikasleei sormen lana eskatuko diegu, aditu duten ipuina bikoteka birmoldatu beharko baitute, zenbait elementu aldatu edo gehituta, bertze bukaera bat emanda, bertze garai edo toki batean kokatuta…
Horretarako, lehenbizi ipuinen hasierak eta bukaerak landuko ditugu. Hori egiteko, ipuinak hasi eta bukatzeko zer modu edo formula ezagutzen duten galdetuko diegu eta gero, EIBZko webguneko orri hau proiektatuko dugu arbel digitalean, bikote bakoitzak aukera dezan nola hasi eta bukatuko duen bere ipuina.
Arestian erran bezala, ipuina birmoldatuko dute honako ezaugarriak aldatuta:
– Pertsonaiaren ezaugarriak: izateko modua, itxura fisikoa, jarrera…
– Garaia: Erdi Aroan, 1900. urtean, 3000. urtean…
– Tokia: New York, Iruñea, Tafalla, Madril, Bartzelona, Txina…
– Bertze pertsonaiaren bat sartuta (asmatutakoa edo bertze ipuinen batetik hartutakoa)
Bukatzeko, bikote bakoitzak bere ipuina sortuko du eta gero denei irakurriko die.
Unitate honetan landu diren bi alderdiak uztartzeko bidea eman dezake ipuinak, pertsonaietako bat Uztegikoa izan baitaiteke eta, beraz, bertako hizkera erabil baitezake.