- Ipuin bat sortzea poltsa batetik ateratako marrazkietan oinarrituta.
- Nafarroako mitologia lantzea.
- Garai bateko neurriak lantzea.
Ipuina/Mitologia
Helburuak
Hasi baino lehen, ikus dezagun zer dakizuen jorratuko dugun gaiari buruz.
Nolakoak ziren laminak?
Istorioren bat aditu edo irakurri duzue?
Zuen herrian laminen istoriorik aditu duzue?
Gaia kokatu ondotik, tokiari buruz zer dakizuen ikusiko dugu:
Toki hau ezagutzen duzue?
Malerrekan dagoela erranez gero, ba al dakizue zer tokiz ari garen?
Pista bat ematearren, Dz hasi eta Az bukatzen da eta bederatzi letra ditu: D _ _ _ _ _ _ _ A
Aurrezagutzak aktibatu eta gero, bideoa ikusiko dugu gelan.
Binaka galderei erantzunen diezue:
1- Donamarian non ateratzen ziren laminak?
2- Laminak noiz ateratzen ziren?
3- Nola zuen izena baserriak?
4- Zertara bidali zuten neskatoa?
5- Ura hartzeko ontziak nola du izena?
6- Laminak zertan ari ziren?
7- Neskak ferrata urez bete zuenean, zer gertatu zitzaion?
8- Nora joan ziren ferratarekin?
9- Zer egin zuten ferratarekin?
10- Berriemaleak erabateko ziurtasunez kontatzen du istorioa? Zure erantzuna arrazoitu.
11- Zein hitz erabili zuten laminek ferrata botatzean?
12- Laminak non bizi ziren?
13- Laminak nola desagertu ziren?
14- Berriemaleak zer erran nahi du liho hazia xehe-xehe-xehea dela erratean?
Bukatzean, denon artean zuzenduko dugu.
Laminak gaitzeru bat liho hazirekin konjuratu zituzten, hau da, hazi bakoitzeko, urtebetez desagerrarazi zituzten. Garai batean ez zegoen egun dauden baskula edo pisuak eta dena egurrezko kutxa batzuekin neurtzen zuten. Horietako bat da, hain zuzen, gaitzerua. Zenbat kilo sar zitezkeen gaitzeruan? Hori da jarraian proposatzen dizuegun erronka, garai batean erabiltzen ziren neurtzeko moduei buruz ikertzea. Horretarako, zenbait hitz emanen dizkizuegu eta zuek, taldeka, horiei buruz informazioa bilatu beharko duzue:
Laka erdia edo almute erdia:
Laka edo almutea:
Gaitzerua:
Lakaria:
Erregu erdia:
Erregua:
Laminak pertsonaia mitologiko ezagunak dira. Zer dakizue haiei buruz? Euskal Herri guztian berdinak dira? Nolakoak dira Nafarroako laminak?
Bikoteka, Bertizaranako armarria bilatuko duzue, bertan ikusten baita Nafarroako laminak nolakoak diren. Zer dute eskuetan? Zerezkoak dira?
Webgune honetan Bertizaranako hiru herrietan (Oieregi, Narbarte eta Legasa) ikus daitezkeen zenbait armarri ageri dira.
Jarraian, ipuinak sortzeko bertze modu bat landuko dugu. Horretarako, harriak1 hartu eta margotuko dituzue aditu dugun ipuineko pertsonaia nahiz gauzekin. Horiez gain, bertze gauza eta pertsonaia gehiago marrazten ahal dituzue. Harri guztiak prest daudenean, denak poltsa batean sartu eta, launaka, 8-10 harri hartu eta ipuin bat sortuko duzue.
Bukatzean, gelakidei irakurriko diezue sortutako ipuina.