- Ipuin bat sortzea poltsa batetik ateratako marrazkietan oinarrituta.
- Nafarroako mitologia lantzea.
- Garai bateko neurriak lantzea.
Ipuina/Mitologia
Helburuak
Bazuen bertze izen bat herriak?
E?
Donamaria herriak bazuen bertze izen bat?
Ez dakit, igual izanen zuen. Igual izanen zuen. Donamaria zen famatua, Errota zahar erraten zioten han toki bat, eta han ateratzen zirela laminak. Bai, han laminak ateratzen zirela. Egunez, isil, gauez ikaragarrizko erausiak ibiltzen zirela. Eta, han Bengoetxea, baserri bat ederra, eta Bengoetxean izaten omen zuten neskatoa. Eta, egun batean, urik ez, etxeetan ez baitzen urik, urik ez eta eman omen zioten ferrata eta erran omen zioten: “Zoaz, zoaz, gaixoa eta ekar ezazu ferrata bat ura”. Baina, ordurako laminak ari omen ziren ba! bu! ba! ikaragarrizko eta arropa garbitzen, kas! kas! kas! ari omen ziren laminak. Joan omen zen eta, ferrata bete omen zuen urez eta rak! laminek kendu omen zioten ferrata eta, ferrata ura hartu eta joan omen ziren Bengoetxera, Bengoetxeko teilatu gainera. Bengoetxeko teilatu gainetik sukaldean zeudelarik, Bengoetxeko familia, bota omen zuten ferrata eta erran omen zieten: “Hona zuen ferrata, gaua gauezkoendako, eguna egunezkoendako ea Bengoetxeako alaba guretako!”. Eta ez zela gehiago agertu.
Nik ez dakit egiak edo gezurrak, erraten zituzten. Eta ikaragarrizko aditu zaharrak erraten zioten. Zelai bat, borda batekin, han lurpean egina zutela etxea eta han egoten zirela laminak. Eta gero, hartu omen zuten, apezak eta denak bildu, eta liho hazia izaten da xehe-xehe-xehe-xehea, hartu omen zuten gaitzeru bat liho hazi, eta apezak konjuratu omen zituen lamina haiek zenbat mila urtetarako ez gehiago agertzeko. Eta akabo, desagertu ziren laminak handik.
Iraupena: 01:46
Hasi baino lehen, ikus dezagun ikasleek zer dakiten jorratuko dugun gaiari buruz.
Nolakoak ziren laminak?
Istorioren bat aditu edo irakurri duzue?
Zuen herrian laminen istoriorik aditu duzue?
Gaia kokatu ondotik, tokiari buruz zer dakiten ikusiko dugu:
Toki hau ezagutzen duzue?
Malerrekan dagoela erranez gero, ba al dakizue zer tokiz ari garen?
Pista bat ematearren, Dz hasi eta Az bukatzen da eta bederatzi letra ditu: D _ _ _ _ _ _ _ A
Donamaria Nafarroako ipar-mendebaldean dagoen udalerria da, Baztan-Bidasoko Malerrekan. Nafarroako hiriburutik 56 kilometrora dago.
Aurrezagutzak aktibatu eta gero, bideoa ikusiko dugu gelan.
Binaka galderei erantzunen diete:
1- Donamarian non ateratzen ziren laminak?
Errotazaharren.
2- Laminak noiz ateratzen ziren?
Gauez.
3- Nola zuen izena baserriak?
Mengotxea.
4- Zertara bidali zuten neskatoa?
Ur eske.
5- Ura hartzeko ontziak nola du izena?
Ferrata.
6- Laminak zertan ari ziren?
Oihuka, arropa garbitzen.
7- Neskak ferrata urez bete zuenean, zer gertatu zitzaion?
Laminek ferrata kendu zioten.
8- Nora joan ziren ferratarekin?
Mengotxeko teilatura.
9- Zer egin zuten ferratarekin?
Familia guztia sukaldean zela, ferrata tximiniatik beheiti bota zuten.
10- Berriemaleak erabateko ziurtasunez kontatzen du istorioa? Zure erantzuna arrazoitu.
Ez, behin baino gehiagotan erabiltzen baitu omen modalizatzailea. Gainera, istorioaren bukaeran erraten du ez dakiela egia edo gezurra den.
11- Zein hitz erabili zuten laminek ferrata botatzean?
“Hona zuen ferrata. Gaua gauezkoendako, eguna egunezkoendako eta Mengotxeko alaba guretako”.
12- Laminak non bizi ziren?
Mengotxea azpian, lurpean.
13- Laminak nola desagertu ziren?
Apaizak bildu eta gaitzeru bat liho hazirekin konjuratu zituen milaka urtetarako.
14- Berriemaleak zer erran nahi du liho hazia xehe-xehe-xehea dela erratean?
Hagitz txikia dela haziaren pikorra.
Bukatzean, denon artean zuzenduko dugu.
Laminak gaitzeru bat liho hazirekin konjuratu zituzten, hau da, hazi bakoitzeko, urtebetez desagerrarazi zituzten. Garai batean ez zegoen egun dauden baskula edo pisuak eta dena egurrezko kutxa batzuekin neurtzen zuten. Horietako bat da, hain zuzen, gaitzerua. Zenbat kilo sar zitezkeen gaitzeruan? Hori da jarraian proposatzen dizuegun erronka, garai batean erabiltzen ziren neurtzeko moduei buruz ikertzea. Horretarako, zenbait hitz gako emanen dizkizuegu eta zuek, taldeka, horiei buruz informazioa bilatu beharko duzue:
Laka erdia edo almute erdia: ale edukiera-neurria, litro eta erdiren baliokidea.
Laka edo almutea: ale neurri zaharra, ia bi litro eta erdiren baliokidea; neurri horretan sartzen den ale kopurua; neurri hori hartzen duen ontzia. (Euskaltzaindiaren Hiztegia)
Gaitzerua: ale edukiera-neurria, toki batzuetan lakariaren, eta beste batzuetan bi lakariren baliokidea; neurri horretan sartzen den ale kopurua; neurri hori hartzen duen ontzia. (Euskaltzaindiaren Hiztegia)
Lakaria: ale neurri zaharra, ia bost litroren baliokidea; neurri horretan sartzen den ale kopurua; neurri hori hartzen duen ontzia. (Euskaltzaindiaren Hiztegia)
Erregu erdia: aleen edukiera-neurria, hiru lakariren baliokidea; neurri horretan sartzen den ale kopurua; neurri hori hartzen duen ontzia.
Erregua: aleen edukiera-neurria, sei lakariren baliokidea; neurri horretan sartzen den ale kopurua; neurri hori hartzen duen ontzia. (Euskaltzaindiaren Hiztegia)
Laminak pertsonaia mitologiko ezagunak dira. Zer dakizue haiei buruz? Euskal Herri guztian berdinak dira? Nolakoak dira Nafarroako laminak?
Bikoteka, Bertizaranako armarria bilatzeko eskatuko diegu ikasleei, bertan ikusten baita Nafarroako laminak nolakoak diren: gerritik beheiti arrainak dira eta eskuetan urrezko ispilua eta orrazia dituzte.
Webgune honetan Bertizaranako hiru herrietan (Oieregi, Narbarte eta Legasa) ikus daitezkeen zenbait armarri ageri dira.
Jarraian, ipuinak sortzeko bertze modu bat landuko dugu. Horretarako, harriak hartu eta margotuko dituzte aditu dugun ipuineko pertsonaia nahiz gauzekin. Horiez gain, bertze gauza eta pertsonaia gehiago marrazten ahal dituzte. Harri guztiak prest daudenean, denak poltsa batean sartu eta ikasleei eskatuko diegu 8-10 harri hartu eta, launaka, ipuin bat sortzeko.
Bukatzean, gelakidei irakurriko diete sortutako ipuina.