- Komiki bat egitea.
- Onomatopeiak lantzea.
Lantzeko bandiduak
Helburuak
Lehenbizi, Lantzeko bandiduei buruz zer dakizuen ikusiko dugu:
Inoiz aditu duzue Lantzen bandiduak edo bidelapurrak izan zirela?
Haien istoriorik ezagutzen duzue?
Ondotik, Almandozi eta Lantzi buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu:
Zer dakizue Almandozi buruz?
Han inoiz izan zarete?
Lantz non dago?
Zergatik da ezaguna?
Lantzeko bidelapurren istorioren berri izateko, Mediatekako pasartea proiektatuko dugu ikasgelan.
Bakarka, galderei erantzunen diezue:
1- Nor ziren Lantzeko bidelapurrak?
2- Zer egiten zuten?
3- Nola hil zuten artzain bat?
4- Bazkaltzeko edo lo egiteko armak non uzten zituzten?
5- Zer gertatu zitzaion emakume bati?
6- Emakume hori zulora erori zenean hil zen? Zure erantzuna azaldu.
7- Bandiduek ateratzen lagundu zuten?
8- Zer agertu zen Almandozko iturri batean?
Bukatzean, denon artean ahoz zuzenduko dugu.
Aditutako istorioa komiki bilakatuko dugu oraingoan. Horretarako, lau laguneko taldeak sortu eta lehenbizi, komikiaren alderdi nagusiak ikusiko ditugu.
Hasteko, komikiak dituen ezaugarriak aztertuko ditugu:
- Irudiak eta testua (gehienetan ahozko hizkuntza) elkarrekin ageri dira.
- Batzuetan narratzailea ageri da.
- Binetek forma eta tamaina ugari dituzte.
- Plano anitz daude:
- Panoramikoa: toki zabala ikusten da urrutitik eta pertsonaiak ez dira ia ikusten.
- Orokorra: pertsonaiak dauden tokian ikusten dira.
- Osoa: pertsona bat osorik hartzen du.
- Plano erdia: pertsona belaunetatik edo bularretik goiti ageri da.
- Lehen planoa: aurpegia, gorputzaren bertze atal zehatz bat edo objektu bat ageri da.
- Xehetasun planoa: ohar bat, begi bat, labana bat… ageri da.
- Keinuek emozioak adierazten dituzte.
- Puxiken bidez pertsonaiek errandakoa adierazten da:
- Puxiken buztanak erakusten du nor ari den solasean.
- Buztan bat baino gehiago badago, jende anitz gauza bera erraten ari delako da.
- Puxiken formak ere informazioa ematen digu (oihuka ari bada, puxikak puntak izanen ditu; pentsatzen ari bada, hodei itxura izanen du…)
- Onomatopeiak ageri dira.
- Hitz itsusiak adierazteko, ikur bereziak, tximistak, apoak, sugeak… erabiltzen dira.
- Mugimendua ere adierazten da (marra zuzenak direnean, pertsonaia korrika doa; zubi txiki forma dutenean, saltoka ari da).
Jarraibide edo aurkezpen gehiago behar izanez gero, jarraian eskura daitezke:
https://pt.slideshare.net/plastika/komikia-7331767
https://pt.slideshare.net/nanu373/komikia-7579776
Komikia IKTak baliatuz egin nahi izanez gero, ordea, hainbat tutorial ditugu sarean:
https://es.calameo.com/read/0005011805a3b30146227
https://issuu.com/msnlizentzia/docs/comic_creator
https://pt.slideshare.net/joxean21/komikiak-egiteko-jarraibideak
Hurrengo pausoa zuen istorioaren nondik norakoak zehaztea da, hau da, zer kontatuko duzuen erabakitzea. Bideoan aditutako Lantzeko bandiduen istorioa komiki bihurtzen ahal duzue edota ezagutzen edo asmatzen duzuen bertze bat ere sor dezakezue.
Arestian aipatu dugun moduan, onomatopeiek garrantzi handia dute komikietan. Hori dela eta, komikia egiten hasi baino lehen, euskarazko onomatopeiak ikusiko ditugu. Horretarako, zuen istorioaren nondik norakoak zehaztuta izanen dituzuenez, jarraian ageri diren webgune hauek aztertu eta beharrezkoak dituzuenak bereiziko dituzue:
https://blogak.eitb.eus/euskara/2012/06/28/bihotzak-taup-taup-egiten-al-dizu-euskal-onomatopeiak/
https://zuzeu.eus/euskara/euskal-onomatopeiak-berreskuratzen/
https://www.berria.eus/estiloliburua/gaikako-hiztegiak/21
https://quizlet.com/es/430544402/euskara-1-dbh-1ik-onomatopeiak-flash-cards/
Teoria ikusi eta gero, launaka kontatuko duzuen istorioaren zirriborroa eginen duzue; bertan, ikusitako alderdi guztiak islatu beharko dira eta, hori lortzeko, ezinbertzekoa da planifikatzea eta modu eskematikoan bada ere, diseinatzea.
Bukatzeko, komikiak eskuz edota IKTak erabilita sortu, eta gelakideei erakutsiko dizkiezue.