Lantzeko bandiduak

Maila: DBH 3 eta 4

Herria: Almandoz

Iraupena: Bortz saio

Irakasgaiak: Euskal Hizkuntza eta Literatura / Plastika

Helburuak

  • Komiki bat egitea.
  • Onomatopeiak lantzea.
Transkripzioa

Jendeak joaten ziren izituak, zeren, Lantzeko bandiduak, klaro, Lantzeko bandiduak zirela… gero jakin zen zirela guardak. Ziren hemengo, Belateko eta guardak. Klaro, egiten zituzten sekulako gaiztakeriak. Hiltzen zituzten jendeak, bueno, guri erraten ziguten, klaro, esajerazioa jakina, artzain bat hil zutela hola, gibelka, e? Disparatu eta hil ze… hil zutela gibelka, ez dakit fusilarekin edo, ez dakit zer arma zen, baina hori, fusilaren behinik behin.

Inoiz ez omen zituzten armak uzten eta, klaro, aldi batez andre bat bazihoan Iruñera, bazihoan, eta agertu zitzaizkion Belaten gizon horiek eta:

  • Nora zoaz?

Eta:

  • Bai, oi, oi, oi! Beldurrak noa, baina noa Iruñera.

Oinez joaten zen. Zen… haurdun zegoen gainera. Eta:

  • Bai?

Eta:

  • Atrebitzen zara bakarrik?

Eta:

  • Bai, bai. Beharrik zuek harrapatu zaituztedan!

Uste zuen salbatu behar zutela.

  • Beharrik zuek harrapatu zaituztedan.
  • A…

Eta:

  • Bai, horra, mototsean eramaten dut altxatua dirua. Mototsean.
  • A! Ja, ja.

Eta, erran zion, hartu zuten eta kendu zioten dirua eta, bazen leize bat hor, leizea, eta bota zuten leizetik beheiti andre hura.

Eta… leizeak zuen, klaro, bazituen… zola-zolan bazuen ura, erdian bazuen deskantsua bezala, hola, eta, han gelditu zen, ez zen joan beheitiraino, eta:

  • Lagundu! Lagundu!

Ari zen eta egunero joaten ziren ikustera zer… gaiztoak ziren! Joaten ziren ikustera ja bizi zen edo hil zen, hil zen. Oihuka aritzen zen leizetik. Eta:

  • Lagundu! Salba nazazue, ez bada niregatik nire umearengatik! Haurdun nago!

Eta istorio.

  • Bueno, bueno, salbatuko zaitugu.

Bota zioten soka, eta, hartu zuelarik, hasi zelarik goiti, ras! utzi eta, dena beheiti, hondo-hondoraino joan zen eta hil zen emakumea. Hil zen.

Eta, zolan bazen ura, erran dizut bazela ura, eta, hemen, herriko bazter honetan, sortzen zen iturri bat, eta erraten… erraten zuten urteen buruan, urte batzuren buruan, agertu zela beheitiko iturri honetan eraztuna behatzeko hezurrarekin. Bai.

Baina hori ez nuen ikasi, berandura arte ez nuen ikasi hori.

Iraupena: 02:43

Lehenbizi, Lantzeko bandiduei buruz zer dakiten galdetuko diegu:

Inoiz aditu duzue Lantzen bandiduak edo bidelapurrak izan zirela?

Haien istoriorik ezagutzen duzue?

Ondotik, Almandozi eta Lantzi buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu:

Zer dakizue Almandozi buruz?

Han inoiz izan zarete?

Lantz non dago?

Zergatik da ezaguna?

Almandoz Baztango herria da eta Iruñetik iparraldera 36 kilometrora dago.

Lantz Ultzamaldeko udalerria da eta Iruñetik iparraldera 25 kilometrora dago.

Menua