- Curriculum bat edo bideo curriculum bat egitea.
- Aurkezpen gutun bat egitea.
Neskatoen lana
Helburuak
Hasi baino lehen, aurrezagutzak aktibatuko ditugu eta, horretarako, lehenbizi, neskatoen bizimoduari buruz zer dakizuen ikusiko dugu:
Zer zen neskato izatea?
Zer egiten zuten?
Zer lan baldintza zuten?
Gaiari buruzko aurrezagutzak aktibatu ostean, Donamariari buruz solastatuko gara:
Zer dakizue Donamariari buruz?
Nafarroako mapan non kokatuko zenukete?
Han inoiz izan zarete?
Egin ditugun hipotesiak baieztatzeko, bideoa proiektatuko dugu gelan.
Bideoa ikusi eta gero, bikoteka, galdera hauei erantzunen diezue:
1- Neskatoek etxekoekin bazkaltzen zuten?
2- Etxeak zenbat ate zituen?
3- Zerbitzari guztiak ate nagusitik pasatzen ziren? Zure erantzuna arrazoitu.
4- Nagusiak eta haien familia etxeko zer partetan egoten ziren?
5- Etxeko langileak non egoten ziren?
6- Zer esapide erabiltzen du handiusteak zirela errateko?
7- Gaztelaniaz nola egin behar zuten neskatoek?
8- Nolakoa zen neskatoen uniformea? Denak berdin janzten ziren?
9- Urte guztian zehar arropa bera eramaten zuten lan egiteko? Zure erantzuna arrazoitu.
10- Zein zen berriemalearen egitekoa edo lana?
11- Etxe horretara zenbat jende joaten zen lanera? Zure erantzuna arrazoitu.
12- Nagusiak zergatik gelditu ziren dirurik gabe?
13- Zenbat ordaintzen zioten berriemaleari?
14- Zergatik zituen bi soldata?
15- Txintxo ordaintzen zioten hilabetero?
16- Etxekoandreak zer eskatu zion egun batean? Zergatik?
Bukatzean, ahoz, denon artean zuzenduko dugu.
Curriculum vitae bat egin beharko duzue, baina horretarako, lehenbizi, nola egiten den, zer aplikazio dagoen, eta abar ikasiko dugu. Gaiaren aurkezpen moduan, curriculuma nola egiten den azaltzen duen bideoa ikusiko dugu.
Gaur egun sarean hainbat eredu eta txantiloi daude curriculumak egiteko. Jarraian, horietako zenbait eskura jarri ditugu, gustukoena hautatu eta bakoitzak bere curriculuma egin dezan:
Nafarroako Gobernuaren webgune honetan, beheko aldean ageri den Euskara sakatuta, euskarazko curriculuma egiteko aplikazioa duzu. Bertan, dauden formatuen artean aukera daiteke. Euskal Herritik kanpo entregatzeko curriculumik egin behar izanez gero, gaztelaniaz eta ingelesez egiteko aukera ere eskaintzen du.
Bidasoa bizirik-en webgunean ere, curriculumak bortz pausotan egiteko aukera ematen du.
Aplikaziorik erabili gabe, norberak bere curriculuma idazteko agiri ereduen bankura jo daiteke. Webgune horretan, izenburuak dioen moduan, era guztietako agiriak egiteko txantiloiak eta adibideak ageri dira. Horrez gain, bertze eredu hau eta apunte hauek ere baliatzen ahal dira.
EASO politeknikoaren webgunea hagitz interesgarria da, curriculum vitae nahiz aurkezpen gutunak egiteko hainbat baliabide eskaintzen baititu.
Lanketaren hasieran ikusitako bideoaren bukaeran azaltzen den moduan, curriculumarekin batera, aurkezpen gutuna ere bidali ohi da. Pentsatu duzuen lanposturako aurkezpen gutuna eginen duzue, curriculumarekin batera entregatzeko. Hori egiteko aurkezpen gutuna egiteko aholkuak balia ditzakezu.
Bideogintzan trebeak edo zaletuak bazarete, bideo curriculuma egiten ahal duzue. Horretarako, lehenbizi bideo curriculumak egiteko aholkuak biltzen dituen bideo bat ikusiko dugu euskaraz. Hori egin ostean, gaztelaniaz egindako bideo curriculum adibide zoragarri bat proiektatuko dugu.
Lehenbizi, banaka, gustuko lan bat pentsatu eta bertan lan egiteko interesgarriak diren datuak biltzen dituen curriculuma idatziko duzue, ikusitako aplikazioak erabiliz, ereduetan oinarrituz edota bideo curriculum baten bidez.
Entregatu baino lehen, ondoko ikaskideari pasatuko diozue, batak bertzearena zuzendu eta elkarri ekarpenak egiteko. Horren ostean, proposatutako zuzenketak egokiak direla uste baduzue, zuen curriculumak moldatuko dituzue.
Bukatzean, curriculum horrekin batera entregatzeko aurkezpen gutuna eginen duzue.