- Gaitasun komunikatiboa lantzea.
- Debate bat egitea.
Mendiko fruituak eta arrantza
Helburuak
Bada, bueno, ez, bildu… ez, hartzen genituen han hola, aurrez hartzen genuen… hartu eta jan han berean edo hartu…
Eta nola deitzen zenituzten?
Morak.
Morak?
Bai.
Eta, marrubiak edo fresak edo nola?
Ez dakit, fresak. Erdaraz erraten genuen.
Marrubi ez?
Ez, ez dut aditu, ez. Gero onddoak, xixak eta gaztaina, eta hori…
Gaztaina bai, eta hemen intxaurrondorik ez da?
Ez, intxaurra erraten genuen, hala no ez, hemen ez da.
Hurritzak bai, ordea?
Hurritzak bai.
Eta hartzen zenituzten hurrak?
Bai, bueno, ez anitz, e? Gehienean beti zulatuak ziren eta, bueno, bat edo bertze beti hartzen genituen, baina, ez, hartu pues hola, bakar batzuk eta hola, harri batekin hautsi eta jan, baina hola, ez ziren onak izaten gehienean, gehienean, e?
Eta amuarrainetan bai ibiltzen zineten?
Amuarrainak? Bai, udan hola denbora genuelarik, eskuz pixka bat, baziren amuarrainak orduan. Orduan bai, baina bueno, hartzen genituen pues, bazen lana nonahi, pues hola, belar denbora, pues hola, zenbat aldiz bazkaldu eta tarte horretan eskapada bat egiten genuen errekara hartzeko baina, klaro, hemen hartzeko behar du denbora ona izan, ura hotza da eta pixka bat epeltzen delarik, zozotuak daude, bertzela ur hotzarekin sartu eske eta ba! jauzi egiten zuten eta, behar duzu hola, denbora gozoa, hartzeko bueno, bada dozena bat hartzeko, ez gehiago.
Eta gero errekan dauden bertze arrain ttipi horiek?
A! Txipak? Bai. Horiek hartzen genituen botilekin. Xanpain botila batzuk baziren eta ipurtzuloa hautsi eta sartzen genuen kortxoa eta gero korda batekin han, sartu korda eta tinkatu kortxo harekin. Eta gero ogi porroska batzuk sartu eta uzten genuen. Eta hartzen genituen hola, ba! hartu orduko dozena bat, gero egiteko tortilla. Bueno, ba!
Eta igelak? Edo negelak, nola erraten duzue?
Igelak, rana. Horiek bai, hartzen genituen, bai.
Ur igelak erraten duzue edo nola?
Igelak, bai.
Iraupena: 02:00
Hasi baino lehen, gaiari buruzko aurrezagutzak aktibatzeko, basoan eta mendian biltzen diren fruituei buruz hitz eginen dugu. Horretarako, mendian edota basoan zer hartzen duten galdetuko diegu lehenik, haien eskualdean zer dagoen, Nafarroako bertze tokiren batetara joaten diren onddo edo gaztainen bila, adibidez, eta abar.
Ondoren, arrantza gustuko duten galdetuko diegu, haien inguruan arrantzalerik ote den, zer arrantzatzen duten, nola…
Azkenik, tokiari buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu eta, horretarako, lehenbizi, jarraian dagoen argazkiari ongi erreparatzeko eskatuko diegu:
Zer gertatzen ari da irudian?
Ezetz asmatu zer gertatu zen 778ko abuztuaren 15ean?
Non gertatu zen hori?
Orreaga (gaztelaniaz Roncesvalles) Nafarroako iparraldean dagoen udalerri txiki bat da, Pirinio aldean. Herria ezaguna da Done Jakue Bidean geldialdi ohikoa delako eta historikoki Orreagako gudua bertan gertatu zelako.
Aurrezagutzetan solastatutakoa aitzakiatzat hartuta, Mediatekako pasartea proiektatuko dugu ikasgelan.
Bideoa ikusi eta gero, galdera hauei erantzuteko eskatuko diegu ikasleei:
1- Zer fruitu lehor aipatzen ditu berriemaleak?
Intxaurrak, hurrak eta gaztainak.
2- Zein da Orreaga inguruan ez dagoen fruitu lehorra?
Ez dago intxaurrik.
3- Fruitu gorriak aipatzeko euskal edo erdal izenak erabiltzen ditu?
Gaztelaniazko “morak” eta “fresak” erabiltzen ditu.
4- Hurrak jaten zituzten?
Ez ziren hur eske joaten espresuki, baina tarteka zuhaitzetik bakarren bat hartu, harriz jo eta jaten zuten.
5- Noiz joaten ziren arrantzara?
Lanean ari zirela, lan anitz zutenez, belar denboran edo, bazkaldu ondoko tarteetan-eta joaten ziren arrantzara.
6- Nolako eguraldia behar da arrantzara joateko? Zergatik?
Eguraldi ona behar da, errekako ura han arrunt hotza delako. Gainera, ur hotzarekin biziago daude arrainak; ur epelagoarekin, aldiz, zozotuago egoten dira.
7- Nola arrantzatzen zuten?
Eskuz.
8- Zenbat amuarrain hartzen zituzten?
Dozena bat inguru.
9- Txipak zer sistemarekin arrantzatzen zituzten?
Xanpain botilei ipurdia hautsita. Kortxoan soka bat paratzen zuten botila lotua edukitzeko eta barrenean ogi puskak.
10- Nola deitzen die xanpain botilaren barruan sartzen zituzten ogi puskei?
Ogi “pordoska”.
11- Zer bertze animalia hartzen zuten?
Igelak.
Talde handian, erantzun dutena komunean jarri eta zuzenduko dugu.
Unitatearen bukaeran debate bat egin behar dutenez, lehenbizi, taldeka gaur egungo gazteen aisialdia eta garai batekoena alderatzeko eskatuko diegu. Horretarako, talde handian ideia zaparrada egiteko eskatuko diegu, bertzeen ideiak aditzeko, haiena osatu eta, horren ondotik, behar bezala defendatu ahal izateko haien iritzia.
Arestian erran bezala, debatea egiteko gela bitan banatuko dugu: batetik, garai bateko aisialdia hobea dela defendatzen duten ikasleak egonen dira eta, bertzetik, gaur egungo aisialdia hobea dela defendatzen dutenak.
Moderatzaile bat ere izendatuko dugu eta azpimarratuko diegu ezin dela iraindu, ezin dela oihukatu, ikaskideak solasean ari direnean errespetatu behar direla, eta abar.