- Nafarroako ondare kulturalaren eta sozialaren berri izan eta lantzea.
- Erreportaje bat egitea.
Oihaneko lana
Helburuak
Ohatzeak. Ohatzeen istorioa izaten zen gogorra. Han ez zen izaten ainarra, makil mehe batzuk paratzen ziren, egur batzuk kruz… gurutzatuta, eta gero ainarra gainean. Eta gero espaldero bat, bizkar larrua edo baldin bazen zerbait ere, hori paratu eta harekin. Han egiten zen lo. Manta batzuk onak baldin baziren, eta tira! Bizia gogorra izaten zen, e?
Eta garbitzeko eta… nola moldatzen zineten?
Garbitzeko? Aste guztian ez genuen, ja ere garbitu gabe. Beltz-beltzak eginak denak ikatz hautsarekin. Bai, asteak osoak hauts guztiarekin. Eta ez zuen molestatzen, ikatzaren haustak ez zuen molestaten. Ez, ez, edozein hautsak pikatzen du igual, baina ikatzaren hautsak ez zuen pik… molestatzen batere.
Eta noiz garbitzen zineten? Edo non? Edo nola?
Pues e… han izaten baitziren beti errekak, nonahi, han edo hemen erreka zintzur bat izaten zen, beti ura izaten zen mendian, orain baino gehiago, orain agortu dira anitz, lehortu dira izugarri mendiko iturriak denak.
Eta zer, joan eta uretatik pasatu eta…?
Bai, horixe! Fresko-freskoa eta tira berriz! Hurrengo egunean martxa bera.
Hara eramaten zuen, rantxeroak eramaten zuen hara, jatekoa. Lanean ari ginen lekura.
Eta zer bazkal…?
Bue, jeneralean aparte ez ginen izaten, baina…
Zer bazkaltzen zen eta nola?
Han babak. Eta, paratu erretilua, zortzi-hamar lagunendako erretilu bat, eta, guk kendu bidenabar, gainetik heldu zen ura dena erretiluan. Hori… hori zen gauza polita! Alde bat hotza eta bertze aldea, berriz, babak urarekin.
Zapelatik behera edo…?
Hombre! Zapelatik igual anitz aldiz!
Eta bazenuten zuen koilara?
Bai, bakoitzak bere… bere koilara eramaten zuen.
Eta zer zenuten, gainean edo… eramaten zuen…?
Ez, egiten genuen zahatoari lotu koilara hura eta hura ez genuen galtzen.
Eta galduz gero?
Galduz gero pues bertze bat bilatu behar non edo han. Edo zurezkoa egin, anitz aldiz.
Jaian go… ja ordu bata arte lanean aritzen zen, jaian ere. Ez zen orain bezala ortziralea arratsaldea ailegatu da eta ja akabo, lanak akabatu dira. Baina orduan, igandean eguerdira arte hantxe aritzen zen lanean. Han eta nonahi gainera, hemengo enpresetan edozeinetan, e?
Librea bakarra igande arratsaldea?
Igande arratsaldea.
Eta zer egiten zenuten igande arratsaldetan?
Pues orduan… batzuek arropa garbitu, bertze batzuek… edo eskutitzen bat edo bertze eskribitu, batek andregaia baldin bazuen, edo… beti denetarik izaten zen jendea. Eta familiako jendea ere izaten zen, umeak zituztenak, eta denetarik bazen.
Eta igual jaten zenuten zerbait ere bereziago, ez?
Eta, gero, gero jaia arratsaldeetarako ematen zen edo umerria zela, edo ardia, ari… ardiaren haragia edo, zerbait ematen zen eta gero menu eder bat prestatu gu ederrean hantxe egoten ginen.
Eta hori nagusiak pagatzen zuen, umerria?
Ez, ez, ez. Hori norberak pagatu behar genuen. Norberak pagatzen genuen.
Eta jaisten zineten ondoko herrietara?
Inor ere mugitzen, handik. Guk bagenuen, Senariako mendian aritu ginen denboran, bi ordu bide. Orduan ez zen ez pistarik, ez e… mando bidea, mendi zera horietan denetan ez zen mando bidea bertzerik. Dena bueltaka-bueltaka-bueltaka, mendi horietan. Bi ordu bagenituen ari ginen lekutik herrira. Hori zen Napoleongo mendian? Gaur Napoleongo mendira joaten dira autoak eta guztia, baina denbora hartan ez zen deus ere. Eta haren azpian, han aritzen ginen.
Iraupena: 03:54
Gaiarekin hasi baino lehen, oihaneko lana zer den dakiten galdetuko diegu:
- Zer lan egiten dute/zuten?
- Horretan aritu zen inor ezagutzen duzue?
- Non egiten zuten lo?
- Zer jaten zuten?
Gaiari buruzko aurrezagutzak aktibatu ostean, Eltzabururi buruz zer dakiten ikusiko dugu:
Zer dakizue Eltzabururi buruz?
Nafarroako mapan non kokatuko zenukete?
Han inoiz izan zarete?
Eltzaburu Ultzamako kontzejua da eta Iruñetik iparraldera, errepidez joanez gero, 29 kilometrora dago.
Aurrezagutzak aktibatuta gaia kokatu ondotik, bideoa ikusiko dugu.
Bideoa ikusi eta gero, bikoteka galdera hauei erantzuteko eskatuko diegu ikasleei:
1- Nolako ohatzeak izaten zituzten oihanean lan egiten zuten gizonek?
Lurrean makil batzuk gurutzatuta paratu, ainarra gainean eta hori guztia tapatzeko, ardi larru bat. Manta onen bat baldin bazuten, horrekin tapatzen ziren.
2- Nolako bizitza zuten?
Gogorra.
3- Noiz garbitzen ziren?
Igande arratsaldeetan.
4- Zergatik egoten ziren beltz-beltzak?
Ikatz hautsarekin zikintzen zirelako eta ez zirelako garbitzen.
5- Non garbitzen ziren?
Mendiko edozein errekatan.
6- Nora joaten ziren bazkaltzera?
Inora ere ez, lanean ari ziren lekura eramaten zieten bazkaria.
7- Zer jaten zuten?
Babak.
8- Nolako ontziak zituzten bazkaltzeko?
Ontzi batetik 8-10 lagunek bazkaltzen zuten. Norberak bere goilara izaten zuen.
9- Zer gertatzen zen goilara galduz gero?
Igande arratsalderen batean egurrezko bat egin behar zutela, bertzenaz ezin baitzuten bazkaldu.
10- Non gordetzten zituzten goilarak?
Zahatoan lotuta eramaten zuten.
11- Euria ari bazuen, non bazkaltzen zuten? Zer ondorio zuen horrek?
Mendian, euripean. Txapeletako euria baben ontzira erortzen zen.
12- Noiz izaten zuten denbora librea?
Igande arratsaldeetan.
13- Zer egiten zuten libre zutenean?
Haiek eta haien arropak garbitu, eskutitzen bat idatzi andregaiari edo familiari eta merienda eder bat prestatu.
14- Zer meriendatzen zuten?
Umerria edo ardia.
15- Merienda nork ordaintzen zuen?
Haiek, nagusiak ez.
16- Zergatik ez ziren astero herrira joaten?
Bi orduko bidea zutelako.
17- Nolako bideak izaten zituzten herrira joateko?
Mando bideak izaten ziren.
Bukatzean, denon artean ahoz zuzenduko dugu.
Helburua launaka oihaneko lanaren inguruko erreportaje bat egitea izanen denez, lehenbizi, erreportajeen ezaugarriak berrikusiko ditugu Prezi aurkezpen honen bidez.
Azalpen orokorrenak azaldu eta gero, denon artean erreportajeak izan ditzakeen atalak eta azpigaiak arbelean idatziko ditugu:
- Izenburua
- Sarrera
- Gorputza
- Nolako lana zen. Lanpostu motak. Lan egiteko tresnak
- Istripuak
- Zenbat denbora pasatzen zuten mendian eta zenbat ordu lan egiten zituzten egunean.
- Zer jaten zuten: gosaria, bazkaria eta afaria. Igandeetan zer meriendatzen zuten.
- Noiz eta nola garbitzen ziren.
- Noiz eta nola garbitzen zuten arropa.
- Zer arropa erabiltzen zuten.
- Noiz izaten zuten denbora librea. Zer egiten zuten.
- Nolako txabolak izaten zituzten. Zer zegoen barruan.
- Nolako ohatzeak izaten zituzten eta nola egiten zuten lo.
- Bukaera
Bide batez, erreportajeen bertze zenbait berezitasun azalduko dizkiegu, kontuan har ditzaten:
- Hitzez hitz bildutako zatiak komatxoen artean ematen dira.
- Informazio iturriak aipatzen dira.
- Argazkiak eta argazki oinak paratzen dira.
- Gorputzaren barruan izenburu txikiagoak ageri dira.
- Koadro batean nabarmendu nahi den paragraforen bat errepikatzen da, letra handiagoz.
Erreportajea behar bezala antolatzeko ezinbertzekoak dira lokailuak eta testu antolatzaileak. Idazten hasi baino lehen, hortaz, euskaljakintzaren webgunean dauden testu antolatzaileak irakurri eta multzo bakoitzetik, gutxienez hiru edo lau kopiatuko dituzte koadernoan. Norberak bere gustuko antolatzaileak aukeratuko ditu.
Launaka, oihaneko lanari buruzko erreportaje bat eginen dute. Horretarako, lehenbizi informazio gehiago lortu beharko dute, Interneten, etxean galdetuta, eta abar.
Horren ondotik, testuaren eskema antolatu beharko dute, jakiteko non paratu ideia bakoitza. Behin hori burututa, idazteari ekinen diote eta izenburu egokia pentsatu beharko dute, erreportajea osatzeko argazkiak bilatu, erabilitako iturriak aipatu…