- Antzerki bat egitea.
Saltzaile ibiltariak
Helburuak
Hasi baino lehen, garai batean gauzak non eta nola erosten ziren dakizuen ikusiko dugu:
Garai batean gauzak non erosten ziren?
Beti diruz ordaintzen ziren gauzak?
Arropa non erosten zen?
Zer dira saltzaile ibiltariak? Nola irudikatzen dituzue?
Nola garraiatzen zituzten gauzak?
Ondotik, Zarrantzi edo Imotzi buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu:
Zer dakizue Zarrantzi edo Imotzi buruz?
Nafarroako mapan non kokatuko zenukete?
Han inoiz izan zarete?
Aurrezagutzak aktibatu eta gero, bideoa proiektatuko dugu entzunaren ulermena lantzeko.
Bakarka entzunaren ulermena lantzeko galderei erantzunen diezue:
1- Berriemaleak aipatzen duen saltzaile ibiltaria nongoa zen?
2- Saltzaileak zer erosten zuen?
3- Zer saltzen zuen?
4- Nora joaten zen arropak erostera?
5- Nola garraiatzen zituen gauzak?
6- Noiz arte ibili zen saltzen?
7- Beti diruz ordaintzen zioten saltzaileari?
Talde handian, denon artean zuzenduko ditugu erantzunak.
Azken galdera aitzakiatzat hartuta, ordaintzeko moduez hitz eginen duzue lau laguneko taldetan. Izan ere, garai batean trukean ordaintzen ziren gauza anitz, edo dendetan, erraterako, zorretan uzten zen eta animaliaren bat hiltzean, horrekin ordaintzen zitzaion dendariari.
Garai bateko ordaintzeko moduez hitz egin ondotik, gaur egun antzekorik ezagutzen duzuen kontatuko duzue talde txikian. Horren ostean, talde txikietan aipatutakoa talde handian azalduko duzue.
Bigarren jarduera, berriz, ahoz denon artean garai bateko saltzaile ibiltarien eta egungo saltzaile ibiltarien arteko aldeak aipatuko ditugu. Hori egin ondoren, egun erosteko dauden moduez solastatuko gara, gaur egun denda txikiez gain, merkataritza guneak baititugu, Internet, eta abar.
Azken jarduera garai bateko saltzaile ibiltarien garaian oinarritutako antzerki bat egitera bideratua dago. Horretarako, antzerki testua idatzi baino lehen, testu mota horren ezaugarriei erreparatuko diegu. Eredu gisa, Barrez lehertu antzerki testua denon artean irakurriko dugu. Ikus daitekeen moduan, ezaugarri bereziak ditu testu mota horrek:
-
Izenburua
-
Narratzailea
-
Pertsonaia bakoitzaren izena hasieran eta gero erraten duena jarraian, estilo zuzenean, dena elkarrizketa bidez egiten baita.
-
Parentesi artean bertzelako azalpenak
-
Zenbat eszena izanen dituen.
-
…
Eredu gehiago behar izanez gero, honako webguneetan aurki ditzakezue:
http://mikelmartinez.eus/teatrotestuak/
http://www.joxemielbarandiaran.com/ikasleentzako-antzerkiak/
Gelan landutako guztia aintzat hartuz, bai gaiari dagokionez, bai antzerki testuei dagokienez, antzerki bat sortu beharko duzue. Hori burutzeko, lehenbizi, 4-6 laguneko taldeak egin eta istorioa asmatu baino lehen, pertsonaiak, tokiak, eszena kopurua, eta abar zehaztu beharko dituzue eta, horren ostean, istorioari forma eman. Kontakizunak gutxienez narratzaile bat, saltzaile ibiltari bat eta erosle bat izan beharko ditu eta, horiez gain, taldekideen esku egonen da pertsonaia kopurua.
Istorioa idatzi eta gero, musikarik, argi berezirik edota mozorrorik erabiliko duzuen zehaztu beharko duzue.
Bukatzeko, entseguren bat egitea komeni zaizue, zerbait egokitu edo moldatu behar duzuen ikusteko.
Antzezlana gelakide guztien aitzinean antzeztuko duzue.
Talde guztiek antzeztu ondotik, denon artean komentatuko dugu zer gustatu zaigun, zer hobe genezakeen, eta abar.