- Antzerki bat egitea.
Saltzaile ibiltariak
Helburuak
Gauza batzuk, bat bazen joaten zena, Intzako bat edo, gizon bat. Gero erosten zituen arrautzak eta saltzen zituen pues kafea, azukrea eta zerbait ere arropa ere bai, hola, enkargatzen bazenion atorraren bat edo mutiko edo umeentzat edo hura, hurai ere ekartzen zuen berak igual. Eta Irurtzunera edo Iruñera joaten zen arropak erostera.
Eta arrautzak pagatzen zenizkioten?
Eta arrautzak, hori jostuna joaten zen hara. Saski bat handia hartz… bizkarrean hartuta ibiltzen zen. Bai, hori berandura arte ibili zen. Intzakoa edo zen, Intza esaten zioten, Intzakoa.
Iraupena: 00:50
Hasi baino lehen, garai batean gauzak non eta nola erosten ziren dakiten galdetuko diegu:
Garai batean gauzak non erosten ziren?
Beti diruz ordaintzen ziren gauzak?
Arropa non erosten zen?
Zer dira saltzaile ibiltariak? Nola irudikatzen dituzue?
Nola garraiatzen zituzten gauzak?
Ondotik, Zarrantzi edo Imotzi buruzko aurrezagutzak aktibatuko ditugu:
Zer dakizue Zarrantzi edo Imotzi buruz?
Nafarroako mapan non kokatuko zenukete?
Han inoiz izan zarete?
Imotz Nafarroa Garaiko udalerria da eta Ultzamaldean dago, Nafarroako hiriburutik 30 bat kilometrora. Ondoko hauek dira Imotz udalerria osatzen duten herriak: Etxaleku (herriburua), Eraso, Goldaratz, Latasa, Muskitz, Oskotz, Urritza eta Zarrantz.
Zarrantz Nafarroa Garaiko kontzejua da. 2007ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera, hamazazpi biztanle zituen.
Aurrezagutzak aktibatu eta gero, bideoa proiektatuko dugu entzunaren ulermena lantzeko.
Bakarka entzunaren ulermena lantzeko galderei erantzunen diete:
1- Berriemaleak aipatzen duen saltzaile ibiltaria nongoa zen?
Intzakoa zen.
2- Saltzaileak zer erosten zuen?
Bai, arrautzak.
3- Zer saltzen zuen?
Normalen kafea, azukrea, eta abar. Eskatuz gero, arropa, atorren bat edo ere ekartzen zuen.
4- Nora joaten zen arropak erostera?
Irurtzunera edo Iruñera.
5- Nola garraiatzen zituen gauzak?
Bizkarrean saski handi bat hartuta.
6- Noiz arte ibili zen saltzen?
Berandura arte ibili zela erraten du.
7- Beti diruz ordaintzen zioten saltzaileari?
Segur aski batzuek arrautzekin ordainduko zioten, trukean.
Talde handian, denon artean zuzenduko ditugu erantzunak.
Azken galdera aitzakiatzat hartuta, ordaintzeko moduez hitz eginen dute lau laguneko taldetan. Izan ere, garai batean trukean ordaintzen ziren gauza anitz, edo dendetan, erraterako, zorretan uzten zen eta animaliaren bat hiltzean, horrekin ordaintzen zitzaion dendariari.
Garai bateko ordaintzeko moduez hitz egin ondotik, gaur egun antzekorik ezagutzen duten galdetuko diegu. Horren ostean, talde txikietan aipatutakoa talde handian azalduko dute.
Bigarren jarduera, berriz, ahoz denon artean garai bateko saltzaile ibiltarien eta egungo saltzaile ibiltarien arteko aldeak aipatuko ditugu. Hori egin ondoren, egun erosteko dauden moduez solastatuko gara, gaur egun denda txikiez gain, merkataritza guneak baititugu, Internet, eta abar.
Azken jarduera garai bateko saltzaile ibiltarien garaian oinarritutako antzerki bat egitera bideratua dago. Horretarako, antzerki testua idatzi baino lehen, testu mota horren ezaugarriei erreparatuko diegu. Eredu gisa, Barrez lehertu antzerki testua denon artean irakurriko dugu. Ikus daitekeen moduan, ezaugarri bereziak ditu testu mota horrek:
- Izenburua
- Narratzailea
- Pertsonaia bakoitzaren izena hasieran eta gero erraten duena jarraian, estilo zuzenean, dena elkarrizketa bidez egiten baita.
- Parentesi artean bertzelako azalpenak
- Zenbat eszena izanen dituen.
- …
Eredu gehiago behar izanez gero, honako webguneetan aurki ditzakezue:
http://mikelmartinez.eus/teatrotestuak/
http://www.joxemielbarandiaran.com/ikasleentzako-antzerkiak/
Gelan landutako guztia aintzat hartuz, bai gaiari dagokionez, bai antzerki testuei dagokienez, antzerki bat sortu beharko dute. Hori burutzeko, lehenbizi, 4-6 laguneko taldeak egin eta istorioa asmatu baino lehen, pertsonaiak, tokiak, eszena kopurua, eta abar zehaztu beharko dituzte eta, horren ostean, istorioari forma eman. Kontakizunak gutxienez narratzaile bat, saltzaile ibiltari bat eta erosle bat izan beharko ditu eta, horiez gain, taldekideen esku egonen da pertsonaia kopurua.
Istorioa idatzi eta gero, musikarik, argi berezirik edota mozorrorik erabiliko duten zehaztu beharko dute.
Bukatzeko, entseguren bat egitea komeni zaie, zerbait egokitu edo moldatu behar duten ikusteko.
Antzezlana gelakide guztien aitzinean antzeztuko dute.
Talde guztiek antzeztu ondotik, denon artean komentatuko dugu zer gustatu zaigun, zer hobe genezakeen, eta abar.