- Gelakideei egindako galdetegi bateko erantzunak ahoz azaltzea.
- Mezu bat hainbat modutan (gutuna, telefonoa, telegrama…) ekoiztea.
Telefonoa
Helburuak
Hasi baino lehen, irudiei begiratu eta burura zer heldu zaizuen erranen duzue:
Ondoren, garai bateko telefonoei buruz zer dakizuen ikusiko dugu:
Zer dakizue garai bateko telefonoei buruz?
Noiz hasi ziren telefono mugikorrak?
Nola komunikatzen zen garai bateko jendea?
Argazkiak atera zitzaketen telefonoarekin?
Nola egiten zen hitz egiteko?
Telefono-zenbakia nola markatzen zen?
Gaiari buruzko aurrezagutzak aktibatu ondotik, Arantzari buruz zer dakizuen ikusiko dugu:
Zer dakizue Arantzari buruz?
Nafarroako mapan non kokatuko zenukete?
Han inoiz izan zarete?
Nolakoa da bertako hizkera?
Arantza Baztan-Bidasoan dago eta Nafarroa Garaiko iparraldeko udalerri bat da, Bortziriak ibarrekoa. Iruñetik iparraldera joanez gero, 75 kilometrora dago.
Aurrezagutzak aktibatu eta gero, bideoa proiektatuko dugu entzunaren ulermena lantzeko.
Binaka, entzunaren ulermena lantzeko galderei erantzunen diezue:
1- Non zegoen Arantzako lehen telefono publikoa?
2- Zein zen lehen telefono horrek zuen gauza txarrena?
3- Urmeneta diputatua noren laguna zen?
4- Zer eskaini zien Urmenetak Arantzako zenbait baserriri?
5- Nork egin zion uko Urmenetaren eskaintzari?
6- Herriko jendeak eskaintza horren berri izan zuen?
7- Nola izan zuten eskaintza horren berri?
8- Zenbat baserritan paratu zuten telefonoa?
9- Non paratu zuten telefonoz deitzeko tokia eta telefonistaren egoitza?
10- Garai bateko telefono zenbakiek 948 zuten?
11- Zer etxetakoek hartu zuten telefonoaren ardura?
12- Zein zen telefonistaren lana?
13- Nolakoa zen telefonistak zuen makina? Nola funtzionatzen zuen?
14- Legea egin zutenean, nolako telefonoak paratu zituzten?
15- Zenbat kostatu ziren telefono automatikoak?
16- Garestia izan zen telefono automatikoak paratzea? Zure erantzuna arrazoitu.
Bukatzean, denon artean ahoz zuzenduko dugu.
Lehen jarduera zenbakien ingurukoa izanen da, Nafarroan zenbaki batzuk bertze modu batez ere erraten baitira.
Euskara nafarrean zenbakiak nola erraten dira?
Berriemaleak eman duen azken kopuruari erreparatu diozue? Zer erran du?
Forma hori ezagutzen duzue? Euskara batuaz zuzena da?
Onartua dagoen ala ez ikusteko, Euskaltzaindiaren 7. araua ikusiko dugu, Zenbakien idazkeraz izenekoa. Bertan azpimarratzekoak dira honako hauek:
biga: bi
bortz: bost (hamabortz, hogeita bortz, bortzehun…)
hiruretan hogei: hirurogei
hiruretan hogeita hamar: hirurogeita hamar
lauretan hogei: laurogei
lauretan hogeita hamar: laurogeita hamar
Bigarren zeregina bideoan jorratutako gaiaren ingurukoa da. Lehenbizi, denon artean komentatuko dugu zerk eman dizuen atentzio handien.
Garai batean, ikusi dugun telefonoaz gain, gutunak izaten ziren komunikazio iturri nagusia. Gaur egungo posta zerbitzuaren jatorriaz gehiago jakiteko, zigiluak edo seiluak asmatu zireneko hiru minutuko irrati saio bat adituko dugu.
Jarraian, bikoteka, galdera hauei erantzunen diezue:
1- Zigiluak asmatu baino lehen, gutunek zer arazo izaten zuten?
2- Nork asmatu zituen zigiluak?
3- Zer gertatu zitzaion Eskoziako ostatu bateko etxekoandre bati Rowlland Hill-ekin?
4- Zein zen Eskoziako etxekoandre horren trikimailua?
5- Noiz eta non sortu zen lehen seilua?
6- Zer izan zen zigilua hartu-emanetarako?
Hirugarren egitekoa, aldiz, zuen inguruan komunikatzeko zer modu erabili (izan) den jakitean datza. Horretarako, etxean edo herrian galdetuko duzue nola komunikatzen ziren garai batean, zer ezagutu zuten zuen aitatxi-amatxiek nahiz gurasoek. Galdetegia prestatzeko, arbelean denon artean osatuko dugu zer komunikazio motari buruz galdetzen ahal duzuen: gutunak, telegramak…
Galdetegia prestatu eta gero, etxean informazioa bildu eta, bikoteka jasotakoa batu eta idatziko duzue, gelakideei azaltzeko.
Gelakideei bildutako informazioa ahoz azalduko diezue.
Bukatzeko, bikoteka, berri bat asmatuko duzue (adibidez: anai-arreba sortu da, dena gainditu dut, atzerrira joanen naiz ikastera…) eta gero, zuen senitartekoei mezu hori helaraziko diezue, gutxienez ezagutu dituzuen lau modutan, hau da, mezu bera telefonoz, WhatsAppez, posta elektronikoz, gutun bidez igorriko diezue.