Telefonoa

Maila: DBH 3 eta 4

Herria: Arantza

Iraupena: Sei saio

Irakasgaia: Euskal Hizkuntza eta Literatura

Helburuak

  • Nafarroako ondare kulturalaren eta sozialaren berri izan eta lantzea.
  • Iritzi eta konparazio testu bat egitea.
Transkripzioa

Telefonoak. Oteiza erran baitugu dendakoa nola zen, ordezkaria herrikoa, ez dakit, han zen telefono bat bakarra, publikoa, telef… dendan, txoko batean. Eta igual hogeita hamar lagun han meza ondo batean edo igandeetan izanen zen jendea eta zuri norbaitek telefonatu edo zuk kanpora egin nahi baldin bazenuen, han dena aditzen zen. Dena.

Eta gero, Urmeneta, Iruñean, diputaturen bat, eta horrek, apeza erretore horrek, Don Esteban horrek, hura hagitz laguna, eta lortu zituen, hogeita hamar baserritan edo hartzen bagenuen telefonoa, zazpiehun eta berrogeita hamar pezetatan paratzen zuen etxera. Posteak, eta hariak eta denak paratuta, e? Hori debalde zen! Setecientas cincuenta pesetas zen. Bueno. Baina, Urmeneta horrek egin zuen gutuna aiuntamientura edo, behinik behin jabetu zen Oteiza hori, eta horrek egin zion segituan erantzuna, Urmeneta jaunari, horrek hala erraten zuen, hemen inork ez zuela nahi telefonorik. Inork ere. Gezurra. Inork ez genekien, ez zuten abisua eman. Eta, tarte hartan, suertatu joatea Don Esteban hori berriz ere harat, Diputaziora zerbaitera ere, eta erran omen zion:

  • Baina zer pasatzen da Arantzan?
  • Zer bada?

Eta:

  • Baina, telefonorik ez dutela nahi? Inork ere?
  • Nola ezetz?

Apezari orduko, guk ere bai, eta anitzek errana, pozik hartuko genuela, nola ez, bada? Eta, segituan, hartu eta Oteizara, alegia, Urmenetak eta zer pasatzen den, eta bua, hagitz gaizki gelditu ziren orduan. Ez haiek erraten zutena adina, doblea eta gehiago apuntatu ginen telefonoak hartzeko. Anitz gehiago! Eta orduan egin behar zen gauza bat, eta zaharrentzat hobeki, herrian, hori, Herriko etxea, Aiuntamientua, Herriko etxea erraten diogu guk, eta haren behean, beheitian han, bazen egina kuarto txiki bat telefono… egiteko, telefonatzeko edo, eta gero bazuen kuarto bat handiagoa hura, deskantsatzeko nahi bazuen edo. Eta hartu zuten, herriak sarreran, azpiko aldetik han da etxe ederra, hura… Bergaenea du izena, han zen estankoa eta denda eta dena bazuten, eta haiek hartu zuten hori, telefonoaren lan hori. Eta, pisua, Herriko etxe horretan, egin zieten haientzat, e? Baina gero, ja telefonoa aldatu zenean, hura herriarena da, baina egin zieten. Eta zuk orduan aski zenuen, telefonatu behar dut igual Bordaluzera edo Aientsan, han, ba… nire amaren ahizpa, nire amatxi Martina eta bizi zirena, harat igual. Kontent. Lehenago igual mandatuetara joan behar haraino, edozein gauza. Eta, zuk telefonoa edozein gauza, ttaka, hartu eskuetan eta:

  • Zer nahi duzu? Nor da?

Edo hark segituan, telefonoan zegoen hark, telefonistak. Eta:

  • Ni honela naiz.

Hark bazekien zer etxe zen, baina zein.

  • Ni Martina naiz.
  • Zer nahi zenuen?

Eta:

  • Paratuko zenidake, faborez, Aientsako Errenteneko bordarekin?

Eta segituan. Ziren, arbel bezalako gauza handi bat eta klabija batzuk, eta, zuk nahi duzun tokira paratu, ttak, klabija hura sartu eta zu ja zuzenean solasean, Errenteneko bordakoekin. Orduan ez zenuen numeroa eta deus erran beharrik. Hori zaharrentzat ongi da, ez baitzekiten orduan zaharrek numerorik. Eta hala egiten genuen telefonoa, harekin.

Ba, setecientas… zazpiehun eta berrogeita hamar pezeta pagaturiko telefonoarekin. Pentsa ezazu. Primeran!

Eta kanpora ere deitzen genuen. Bueno. Eta gero, eta hori… etorri zen legea automatikoak paratu behar zituztela, guk geronek gure etxetik egiten ahal genuela noiznahi, zuzenean. Eta, automatikoak. Eta hori paratzea kostatu zen bost mila pezeta. Pentsa ezazu, dena, lehenago zazpiehun eta berrogeita hamar eta gero bost mila pezeta, bost mila eta zazpiehun eta berrogeita hamar pezetatan telefono automatikoa etxean. Hori debalde.

Pentsa ezazu, Irunen bizi zen gure aitaren arreba eta haiei, beraiei, Irunen telefonoa hartzea hiruretan hogei mila pezeta. Irunen. Eta, Arantzan, erregalu. Holaxe suertatu zen.

Iraupena: 05:00

Hasi baino lehen, irudiei begiratu eta burura zer heldu zaien errateko eskatuko diegu:

 

Ondoren, garai bateko telefonoei buruz zer dakiten galdetuko diegu:

Zer dakizue garai bateko telefonoei buruz?

Noiz hasi ziren telefono mugikorrak?

Nola komunikatzen zen garai bateko jendea?

Argazkiak atera zitzaketen telefonoarekin?

Nola egiten zen hitz egiteko?

Telefono-zenbakia nola markatzen zen?

Gaiari buruzko aurrezagutzak aktibatu ondotik, Arantzari buruz zer dakiten ikusiko dugu:

Zer dakizue Arantzari buruz?

Nafarroako mapan non kokatuko zenukete?

Han inoiz izan zarete?

Nolakoa da bertako hizkera?

Arantza Baztan-Bidasoan dago eta Nafarroa Garaiko iparraldeko udalerri bat da, Bortziriak ibarrekoa. Iruñetik iparraldera joanez gero, 75 kilometrora dago.

Menua