- Belaunaldien arteko transmisioa gauzatzea.
- Horma-irudi bat egitea.
Ur bila joan
Helburuak
Hasi baino lehen, landuko ditugun edukiei buruzko aurrezagutzak aktibatzeko, bertze galdera hauek planteatuko ditugu, zer dakizuen ikusteko:
Zuen etxeetara nola iristen da ura?
Nola iristen zen duela 80 urte?
Ur bila joateko, zer eramanen zenuke? Zerrenda bat egin.
Zein da uraren zikloa?
Ondoren, Goizueta kokatzeko, honako galderei erantzunen diegu:
Zer dakizue Goizuetari buruz?
Han inoiz izan zarete?
Galdera horiei erantzuteko, Mediatekako pasartea proiektatuko dugu ikasgelan.
Bideoa ikusi ondotik, bikoteka galdera hauei erantzunen diezue:
1- Non zegoen iturburua?
2- Udan ur anitz izaten zuen iturriak?
3- Nola zuen izena ura hartzeko ontziak?
4- Nola deitzen zioten ura gordetzeko ontziari?
5- “Urketan” zer erran nahi du?
Bukatu eta gero, galderak denon artean zuzenduko ditugu.
Galderak zuzendu ondotik, azken galderan agertu den -keta atzizkiari helduko diogu hurrengo ariketan. Hori egiteko, Euskaltzaindiaren Hiztegian forma hori duten hitz gehiago bilatuko dituzue. Horretarako, ezkerrean dagoen bilatzailean Zer atalean keta idatziko duzue eta Non atalean Hitz-amaieran hautatuko duzue. Ikusiko duzuen moduan, 378 sarrera agertuko dira eta, binaka jarrita, atzizki hori duten hitzak bereizi eta erranahia ondorioztatu beharko duzue.
Jarraian, –ketari atzizkiarekin ere, gauza bera eginen duzue.
Jorratutako gaiari helduko diogu hurrengo zereginean eta, horretarako, garai bateko etxeei buruz hitz eginen dugu: nolakoak ziren, zer dakizuen horren inguruan…
Taldeka, zuen aitona-amonei edo herriko adineko norbaiti galdetegi txiki bat egin beharko diozue, baina, hori burutzeko, lehenbizi galderak prestatu beharko dituzue.
Hurrengo saiorako ekarri beharko dituzue erantzunak. Hasieran, taldeka erantzunak bilduko dituzue; horiek aztertu eta gero, arbelera atera eta gainerakoei kontatuko diezue zer ikasi duzuen. Hauek izanen dira erantzun posible batzuk:
– Komuna: etxeetan ez zen komunik izaten, hortaz, nola moldatzen ziren, nora joaten ziren. Nolakoak ziren lehenbiziko komunak.
– Argia: etxe anitzetan ez zen argirik izaten, edo, izatekotan, pare bat bonbilla bertzerik ez zuten; batzuetan gainera, toki batetik bertzera mugitzen zuten bonbillaren bat.
– Ura: etxeetan ez zen urik izaten. Nondik eta nola ekartzen zuten ura. Nola aprobetxatzen zuten (adibidez, lixiba egin ondotik, ur hori oinak garbitzeko erabiltzen zen).
– Sukaldea: lurreko sua izaten zen, ondotik, ekonomika. Hor egiten zuten bizia. Ez zen oraingo laberik, mikrouhin laberik, hozkailurik… izaten.
Binaka edo launaka jarrita, horma-irudien bidez unitate honetan ikasitakoa laburbilduko duzue, ondotik gelako edo pasabideetako hormetan paratzeko.
Lehenbizi, horma-irudian idatzi beharrekoa eta izanen duen itxura (marrazki edo argazkiak) planifikatuko duzue, ondoren horma-irudiak egin eta ikastetxean paratzeko, denek ikus dezaten nola aldatu den gizartea eta gure bizimodua azken mendean.
Landutako gai guztiak ager daitezen, batzuek komunari buruzko horma-irudia eginen duzue eta, bertze batzuek, aldiz, urari buruzkoa, argiari buruzkoa edota sukaldeari buruzkoa.