- Belaunaldien arteko transmisioa gauzatzea.
- Horma-irudi bat egitea.
Ur bila joan
Helburuak
Ura han, Domiñazpiko etxearen azpian, han, iturri ttiki-ttiki bat izaten zen, neguan izaten zen, udan agortzen zela ja, eta handik kilometro erdi bat edo gehixeago, urketarat, bost urte genituela, bueno, marmita ttiki bat hartu, ta gure ama zenak ematen zigun. Hura lanera joaten zen egurretara eta zera, eta holako balde batzuk izaten ziren, ez dakizu? Oroituko zara, hola, balde handi batzuk, zerazkoak, printzazkoak? Eta haiek betetzen paratzen gintuen eta bera joan eta erdiak bete gabe uzten ditugu. Eskasia. Bereak eta biak egiten badu, aspertu egiten du, ez da bete. Gero hori genuen.
Iraupena: 00:37
Hasi baino lehen, landuko ditugun edukiei buruzko aurrezagutzak aktibatzeko, ikasleei honako galderak eginen dizkiegu:
Zuen etxeetara nola iristen da ura?
Nola iristen zen duela 80 urte?
Ur bila joateko, zer eramanen zenuke? Zerrenda bat egin.
Zein da uraren zikloa?
Ondoren, Goizueta kokatzeko, honako galderak eginen dizkiegu ikasleei:
Zer dakizue Goizuetari buruz?
Han inoiz izan zarete?
Goizueta Leitzaldean dago, Iruñetik iparraldera ia 44 kilometrora, nahiz errepidez joanda 70 kilometroko distantzia izan.
Galdera horiek aitzakiatzat hartuta, Mediatekako pasartea proiektatuko dugu ikasgelan.
Bideoa ikusi ondotik, bikoteka galdera hauei erantzuteko eskatuko diegu ikasleei:
1- Non zegoen iturburua?
Etxe baten azpian.
2- Udan ur anitz izaten zuen iturriak?
Ez, iturria agortzen zen.
3- Nola zuen izena ura hartzeko ontziak?
Marmita txiki batean hartzen zuten ura.
4- Nola deitzen zioten ura gordetzeko ontziari?
Printzazko balde handi batera botatzen zuten ura.
5- “Urketan” zer erran nahi du?
Ur bila, ur eske.
Bukatu eta gero, galderak denon artean zuzenduko ditugu.
Azken galderan agertu den -keta atzizkiari helduko diogu hurrengo ariketan. Hori egiteko, ikasleei Euskaltzaindiaren Hiztegian forma hori duten hitz gehiago bilatzeko eskatuko diegu. Horretarako, ezkerrean dagoen bilatzailean Zer atalean keta idatziko dute eta Non atalean Hitz-amaieran hautatuko dute. 378 sarrera agertuko dira eta ikasleek, binaka jarrita, atzizki hori duten hitzak bereizi eta erranahia ondorioztatu beharko dute: zerbaiten bila edo pila, multzo handia.
Jarraian, bertan ageri direnak zerrendatu ditugu:
ardoketa
1 iz. Ardo kopurua.
2 adb. Ardo bila. Bentetan ardoketa zebilen, bizkarrean zahagi, lepotik xahako.
ardoketan adb. Ardo bila.
ardoketara adb. Ardo bila.
arrainketa
1 iz. Arrain pila handia. Sareak bota zituzten eta arrainketa handia bildu zuten.
2 adb. Arrain bila.
belarketa
1 iz. Belar uzta. Behar bezala artatzen baditugu gure pentzeak, izan ditzakegu belarketa handiak.
2 adb. Belar bila. Gizon hori belarketa joan da.
egurketa
1 adb. Ipar. eta Naf. Egur bila. Egurketa atera ziren.
2 iz. Egurra bilatzea; (basoan) egur egitea. Basoan egurketan ari nintzen. Aurtengo egurketak egin ditugu.
3 iz. Egur pila.
ezpalketa
1 adb. Ipar. g.er. Ezpal bila. Bazkaria egiteko egurra eskas izanez, amak ezpalketa igorri zuen semea.
2 iz. g.er. Ezpaltzea.
ikazketa
iz. Ikatz garraioa. Itzain nenbilelarik ikazketan. Ikazketako mandoa.
iratzeketa
1 iz. Iratze bilketa.
2 iz. Iratze pila.
keta1
iz. Ipar. Multzo edo kopuru handia. Ez du ketak egiten nagusigoa.
keta2
adb. Ipar. Bila. Perla on keta dabilen gizona. Onaren ala berriaren keta doaz euskaldunak itsasoaz haraindira.
lanketa2
adb. Ipar. Lan bila. Hiru egunez lantegi batetik bestera lanketa ibili zen.
ogiketa
1 iz. Gari uzta. Ogiketa hori bururatuxe zelarik.
2 iz. Gari kopurua.
3 adb. Ipar. Gari bila; ogi bila. Ogiketa joan dira.
oteketa
adb. Batez ere Ipar. Ote bila. Oteketa joana zen.
urketa1
adb. Ipar. Ur bila. Lehen, emazteak beren ferretekin joaten ziren, Jainkoak daki nora urketa.
urketara adb. Urketa, ur bila. Suila buruan eta eskuinean pertza, urketara doala.
urketa2
iz. Ipar. Ur-piloa. Lehen aldikotz ikusi du itsasoa Biarritzen; hauxe da urketa!
Jarraian, –ketari atzizkiarekin ere, gauza bera egiteko eskatuko diegu (zerbait saldu, egin edo garraiatzen duen pertsona):
abarketari
iz. Abarketak egiten dituen eskulangilea.
ardoketari
iz. Ardoa banatzen duen pertsona.
argiketari
iz. Instalazio elektrikoak egiten edo konpontzen dituen langilea. Arotzak, argiketariak eta iturginak astelehenean lanera itzuliko dira.
arrainketari
iz. Arrain-saltzailea.
atunketari
1 iz. Atunak harrapatzen dituen arrantzalea. Munduko atunketari handienak japoniarrak dira.
bakailaoketari
iz. Bakailao-arrantzalea.
belarketari
iz. Belarra biltzen eta garraiatzen duen pertsona.
egurketari
iz. Egurra biltzen edo garraiatzen duen langilea. Egurketariek indigenak hiltzen dituztela salatu du erakundeak.
esneketari
iz. Esne-saltzailea. Ik. esnedun 2; esnezale 2. Astoarekiko esneketari asko zetorren oraindik Hondarribira.
ikazketari
iz. Ikatza garraiatzen duen pertsona. Ikazkinak eta ikazketariak.
iratzeketari
iz. Iratze biltzen aritzen den pertsona.
larruketari
iz. Larruen saleroslea.
onddoketari
iz. Basoan onddoak biltzen dituen pertsona. Oihan xoko frankotatik saskiak onddoz beterik ateratzen ikus zitezkeen onddoketariak.
piltzarketari
iz. Ipar. Piltzar-biltzailea, piltzarrak bilduz eta salduz bizibidea ateratzen duen pertsona. Ik. trapuketari. Ez zituen utziko gauza saindu horiek piltzarketariari saltzera.
trapuketari
iz. Piltzarketaria.
urketari
iz. Ura banatzen edo saltzen duen pertsona. Aurten soldaduez eta sukaldariez gain, urketariak ere izango ditu danborradak.
zamaketari
iz. Zamak garraiatuz bizibidea ateratzen duen langilea. Portuko zamaketariak.
zezenketari
iz. Zezenketetan zezenak, bereziki hiltzeko zezenak, jokatzen dituen pertsona. Ik. toreatzaile. Zezenketari zahar batzuk, urte asko sorbaldetan eta beldurra hezurretan, dardaraka zeuden zezenen aurrean.
Jorratutako gaiari helduko diogu hurrengo zereginean eta, horretarako, garai bateko etxeak nolakoak ziren galdetuko diegu, zer dakiten horren inguruan. Taldeka, haien aitona-amonei edo herriko adineko norbaiti galdetegi txiki bat egin beharko diote, baina, hori burutzeko, lehenbizi galderak prestatu beharko dituzte.
Laguntza moduan, arbelean hitz gako hauek idazten ahal dizkiegu, jakin dezaten zeri erreparatu elkarrizketa prestatu baino lehen:
komuna / ura / argia / sukaldea
Hurrengo saiorako ekarri beharko dituzte erantzunak. Hasieran, talde bakoitzak haien erantzunak bilduko ditu; horiek aztertu eta gero, arbelera atera eta gainerakoei kontatuko diete zer ikasi duten. Hauek izanen dira erantzun posible batzuk:
– Komuna: etxeetan ez zen komunik izaten, hortaz, nola moldatzen ziren, nora joaten ziren. Nolakoak ziren lehenbiziko komunak.
– Argia: etxe anitzetan ez zen argirik izaten, edo, izatekotan, pare bat bonbilla bertzerik ez zuten; batzuetan gainera, toki batetik bertzera mugitzen zuten bonbillaren bat.
– Ura: etxeetan ez zen urik izaten. Nondik eta nola ekartzen zuten ura. Nola aprobetxatzen zuten (adibidez, lixiba egin ondotik, ur hori oinak garbitzeko erabiltzen zen)
– Sukaldea: lurreko sua izaten zen, ondotik, ekonomika. Hor egiten zuten bizia. Ez zen oraingo laberik, mikrouhin laberik, hozkailurik… izaten.
Aurkezpenekin bukatzean, galdetuko diegu hemen garai bateko bizitzeko modua telebistan ikusi duten, eta erantzuna baiezkoa bada, non ikusi duten kontatzeko eskatuko diegu. Azken hausnarketa horren bidez, hirugarren munduko bizimodua eta gure aitatxi-amatxiena antzekoa dela ondorioztatuko dute segur aski.
Binaka edo launaka jarrita, horma-irudien bidez unitate honetan ikasitakoa laburbiltzeko eskatuko diegu, ondotik gelako edo pasabideetako hormetan paratzeko.
Lehenbizi, horma-irudian idatzi beharrekoa eta izanen duen itxura (marrazki edo argazkiak) planifikatuko dute, ondoren horma-irudiak egin eta ikastetxean paratzeko, denek ikus dezaten nola aldatu den gizartea eta gure bizimodua azken mendean.
Landutako gai guztiak ager daitezen, batzuek komunari buruzko horma-irudia eginen dute eta, bertze batzuek, aldiz, urari buruzkoa, argiari buruzkoa edota sukaldeari buruzkoa.
Natur zientzietan lantzen bada, horma-irudia uraren zikloari buruzkoa izan daiteke.